Elkarrizketa :: Izaskun Gracia 2024/09/05
Hasier Larretxea

"Gazte-gaztetandik nire ametsa rock-talde bateko kidea izatea zen"

Gehienbat poetatzat bakarrik hartzen bazaituzte ere, kontakizun laburra eta saiakera ere argitaratu dituzu, eta orain narrazio autobiografiko batekin (Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da, Alberdania) estreinatzen zara. Zer dela eta aldaketa hori?

Egia da irakurle eta idazle gisa poesia izan dela gehien landu dudan generoa, eroso sentiarazi izan naiz betidanik estilo horren baitan, nahiz eta urteak diren bertzelako testu eta generoak lantzen joan naizen, beharbada ez erraztasun eta erosotasun horrekin, nahiz eta presente izan ditudan testu autobiografiko eta egunkari-formakoak. Urteak dira horiekin trebatzen ibili naizela, nahiz eta xerka nenbilen oreka aurkitzen ez nuen. Egunkari-formakoak ziren hainbat testu idatzi eta zaborrontzira botatzen nituen bat-bateko espresiobide baten ariketan lerratzen zirelako. Nolabaiteko sosegua eta perspektiba falta zitzaien. Azkenean, lantzearen lantzeaz, bai estiloa eta bai sorkuntza fintzen eta nolabait hori gorpuzten doa.

Hemen, Covid-19 birusaren eraginpeko pandemia eta etxeratze-aginduaren ondorioz, 2020ko martxoaren eta ekainaren artean nahiz eta laneko eginkizunak telefonoaren bitartez eta noizean behin zuzenean egin, denbora izan nuen ordura arte idatziak nituen testu autobiografikoak atontzeko, eta hortik abiatuta, testu berriak idazteko. Bertzalde, testuinguru ezin hobea iruditu zitzaidan, egunkaritik abiatuta bertzelako ikuspegi eta gogoetak landu ahal izateko.

Zer gustatu zaizu gehien genero hori lantzean? Eta gutxien?

Bai egunkariko elementu ttikiekin, bai iraganarekin eta memoriarekin zenbait egoera biziberritzea gustuko izan dut, nahiz eta memoria inoiz ere subjektiboa ez den. Eta gehienbat idazketa prozesuan murgilduta nengoela modu zorizkoan egindako aurkikuntzak. Ezein gertakari edo egoera literaturara ekartzea.

Batzuetan ni-a hanpatzeko joera horretatik abiatuta, nire aldetik, ikusmira hori agertzen zenean hori kamusten saiatu naiz, nolabait oreka bat lortzen humorearen eta erlatibizazioaren aldetik ahalik eta zintzoen izateko.

Pertsonak (senideak, lagunak, norbera…) eta lekuak (balkoia, jatorria, Madril…) (ber)ezagutza-segida garatzen da liburuan. Uste al duzu bizitzak dena etengabe berrikustera, berrezagutzera eramaten gaituela?

Nik hala uste dut, eta oro har, liburu hau Espainiako Gobernuaren etxeratze-agindu baten ondotik osatzen eta itxiera egoera horretatik idazten hasi baitzen, eta ondoan nituen elementuak modu sakonagoan ikusteko eta sentitzeko barnerago bizitzeko aukera izan nuen. Azkenean, begirada eta sentimenak trebatzean datza egunerokoa. Nora fokatzen dugun begirada eta zergatik egiten dugun.

Nor garen, eta zein prozesu egin dugun ohartarazteko ariketa bat gibelera begiratzea da, baina horrek ez gaitu kateatu edo murriztu behar, batzuetan horixe eta bera gertatzen baitzait iraganeko gertakari eta egoera horietan espiralean murgiltzen naizenean.

 Liburuan ugariak dira erreferentzia kulturalak, bereziki musikalak. Zer ematen dizu musikak beste arteek egiten ez dutena? Zer dio zutaz?

Gazte-gaztetandik nire ametsa rock-talde bateko kidea izatea zen. Hori bai, nire musika-trebezia ez da bidelagunik hoberena. Nerabezaroko unerik ilun eta hertsietan nire salbamena izan zen. Mina eta amorrua doinu ilun horietatik barrena askatzen nituen. Hortaz, liburuan presente dago Anariren lehendabiziko diskoko Desnúdame, desdúdame kantuari eskainitako testua. Eta tartean, piano-jotzaile garaikideetatik Los Punsetes Madrileko indie rock-talderaino egindako itzulia. Unean uneko egoeraren arabera hainbat musika-estilorekin konektatzeko aukera duzu, eta nire kasuan, musikazale amorratua izaki, aunitz gozatzen dut deskubrimendu berriekin, soinu-uhin horiek irekitzen dizkidaten leiho, pertzepzio eta konexioekin.

Noizbait erran dut musikarik gabe idazten ez dudala. Horren inguruko gogoetak ere badaude liburuan. Musikari aunitzen inguruko erreferentzia eta keinuak.

 «Batzuetan nik neuk ere ez dakit nire lan propioak sailkatzen» diozu, eta, egia esan, badirudi testuaren zati handi bat ez katalogatzearen eta ez etiketatzearen alde dagoela. Uste duzu etiketek mugatu egiten gaituztela? Gehiegi katalogatzen (eta, bereziki, geure burua katalogatzen) al dugu?

Guztiz. Eta ulertzen dut, bai, hedabideentzat, literatur kritikarientzat eta oro har irakurlearentzat kategorizazio horiek beharrezkoak direla, nolabaiteko abiapuntu bat izateko. Azkenean badago joera nabaria kontzeptu ez hain hurbilak erabiltzekoa, zenbait liburu edo obrari buruz mintzatzeko. Funtsik gabeko testu hanpatuak. Azken finean, esentzia da interesatzen zaidana, sakonean egon daitekeena.

Aitor dut hibridazioen alde egiten duten liburuak maite ditudala. Sailkatzeko errazak ez diren liburu horiek. Eta batzuetan, idazketa prozesuan murgilduak gauden heinean, garrantzitsua iruditzen zait idazketa horren organikotasuna eta idazketa horrek ez dakigun lekuraino eraman gaitzala gure baitako hertsidura edo murrizketarik gabe.

Maitasuna, emozioak adierazteko moduez ere hitz egiten duzu liburuan. Ematen du nola egin ez dakigula. Zure ustez, komunikazio arazoa ala heziketa emozionalik eza da hori? Nola eragiten digu?

Nire kasuan ez dut heziketa emozionalik jaso, eta are gutxiago afektibo-sexualik. Ni duela 18 urte, Madrilera bizitzera etorri nintzenean, maitatzen eta maitatua izaten ikasten hasi nintzen.

Nigatik mintzatuko naiz eta aipatzen dudan zerbait da: Madrilera bizitzera etorri nintzen artio kateatua bizi nintzen. Ez nintzen ni nire osotasunean. Nolabaiteko lanbro bat nuen buruan. Hertsidura sakonak. Gure baitara bilduak bizi gara Euskal Herrian eta kosta egiten da sakoneko guzti horietaz solastatzea. Eta hor sortzen dira korapiloak eta sufrimendua.

Literatura (eta, zehazki, idaztea) maiz eta prisma askoren pean agertzen da: adierazpen bide, askapen, espetxe, tortura, engainu gisa… Zer ez da, azkenean, literatura? Zer lortzen eta saihesten saiatzen gara idaztean?

Zeinen erantzun zaila den honakoa! Oraino ez nuke jakinen literatura zer den definitzen. Niri sakontasuna eta nolabaiteko mistika bat ekartzen dit. Nire errezo laikoa izan daiteke literatura. Mundutik barrena egiten ahal ditugun bidaia infinituak. Irudimena kolorez, usainez, musikaz, keinu desberdinez hornitzen diguna. Iraganarekiko zilbor-hestea. Magia. Dirdira. Printza.

Uretatik kanpo arraina izatea txarra dela uste ohi da, baina zure liburuan kontzeptu baiezkoa dela azpimarratzen duzu. Pertsonalki eta artistikoki hazi, garatu eta gaur egun zaren horrengana eraman zaituen zerbait izan omen da. Zergatik da hain garrantzitsua? Zergatik aldarrikatu eta zaindu behar dira uretatik kanpoko arrainak?

Hainbat arrazoi tartean, lurralderik gabeko idazleak interesgarriak suertatu izan zaizkit identitatearen, bizitzaren eta literaturaren inguruan egiten dituzten gogoetengatik. Gaztetandik ez dut artalderik maite. Talde hertsiak. Nire izakera lotsati eta bakartiak izanen du eragina hor, segur aski.

Ez-lekuen kontzeptua aski interesgarria iruditzen zait. Eta horrekin konektatzen duen gauza ttikien aldeko bizitza honen apostuarena, lelo hanpatu eta zaharkitutako ereserkien aitzinean. Madrilek egin nau. Eta nahiz eta Euskal Herriarekiko distantzia hor egon eta nolabaiteko bakardadea sentitu, on egin dit horrek. Zentzu horretan bai estetikoki edo ideologikoki hainbat jatorritako pertsonak ondoan izateak on egiten duelakoan nago, azken finean bizitza arras homogeneoa den zerbait bilakatzen baita. Eta literatura ere, gauza bera gertatzen da.

Nori gomendatuko zenioke liburu hau? Zergatik?

Ez da erreza balizko irakurle horietan pentsatzen aritzea, anitza izaten delako, hainbat arrazoi tartean. Literaturarekiko interesa duen edonori gomendatuko nioke, eta batik-bat ez fikziozko liburuak erakargarriak begitantzen zaizkionari.

Landa eremuarekiko eta homosexualitatearekiko interesa duen horri gomendatuko nioke. Baina batik bat dietarioak eta autobiografiak irakurtzea interesatzen zaion horri.

 

Argazkilaria: Zuri Negrín

Izaskun Gracia
Hasier Larretxea