Kronika :: Maite Darceles 2026/07/08

Poesiaren lurra

Denetarik izan du uztailaren 4ean izan den Oiartzungo poesia egunak. Eguraldia lagun seigarren urtez. Eguerdi aurretik, Ugaldetxon barrena abiatu da ibilbide poetikoa eta hirurogeita hamar bat poesia zale batu dira, gazte-gaztetxoetatik hasirik adin tarte guztietakoak. Oiartzungo eta Euskal Herri osoko poeten olerkiak irakurri dira.

Arizmendieneko lorategian atseden eta mokadu bat hartzeko aukera izan ondoren, arratsaldea poesian oinarrituriko kultur ekimenak ezagutzen eta horien inguruan gogoetak partekatzen hasi dugu. Sei ekimen izan ditugu Udaletxeko Areto Nagusiko mahai-inguruan, bederatzi lagunek ordezkaturik. Oier Guillanek gidatu du solasaldia abileziaz, ordu eta laurdenean ekimen bakoitzaren ezaugarri nagusiak eta haritik segitzeko gogoeta mordoa atereaz.

Andoni Tolosa “Morau” eta Ibon Zapiain, Hernaniko Kale Literatura ekimenaren ordezkari. Poesia kalean irakurtzea da ekimen honen ardatza. Hamar urte beteak ditu. Noizbehinka biltzen den talde bat da, eta urtean bi edo hiru ekimen antolatzen dituzte. Presiorik gabe, plangintzarik gabe, aurrekonturik gabe. Gai baten inguruan, “ura” esaterako. Liburu baten inguruan. “Urdai azpikoa eta poesia” saioak; bat urdai azpikoa mozten, eta alboan beste batzuk poesiak irakurtzen. Jendeak ekimenean aktiboki parte hartzea bilatzen dute, ahalik eta parte-hartzaileena izatea. Eta ohikoak ez diren lekuetara eraman nahi izaten dute poesia. Taberna batera… eta tailer mekaniko batera, zergatik ez? Ahal bada ezustean harrapa dezala jendea, abisatu gabe. Baina antolaketa lana dauka. Irakurriko diren testuak prestatu behar dira −ekitaldi bakoitzeko hogeitik gora testu prestatzen dira−, eta jendeak aukeratu egin behar ditu. “Soinu-banda” ere prestatzen da: ekitaldi bakoitzerako abestien aukeraketa. www.hkl.eus webgunean aurki dezakegu 2016tik honainoko ekitaldi bakoitzaren xehetasuna.

Ainara Maia eta Gorka Zabaleta izan ditugu Hatsa elkarteko ordezkari. Auxtin Zamorak sortu zuen ekimena duela ia hiru hamarkada. Egitasmo nagusia urtero liburu bat ateratzea da, olerki bilduma bat. 2026ko alean, esaterako, 127 egilek hartu dute parte. Belaunaldi desberdinetako poeta eta poesia zaleak biltzen ditu ekimenak, eta besteekin harremanetan jartzeko aukera ematen du. Urtero udaberrian liburuaren aurkezpen ekitaldia egiten da Senperen. Horrez gain, poesia tailerrak ere antolatzen ditu Hatsak, Auxtinek Senperen, eta Ainarak Irunen, ikastoletan, euskaltegietan.

Azpimarra gaztetxoagoa da, hiru urteko ibilbidea dauka. Maddi Sarasua eta Eneko izan ditugu ordezkari. “Oso frikiak gara eta asko gustatzen zaigu literatura”. Gaztetxean −Gasteizen− sortu den irakurle taldea da. Kolektiboki lan egiten dute eta beren artean erabakitzen dute zein liburu irakurri eta nork hartuko duen dinamizatzeko ardura. Ekainean urtero literatur jaialdi bat egiten dute. “Oso motibatuak gara, eta perspektiba politikoa daukagu; Arestiren esaldia gogoan, «poesia mailu bat da»”. Oso informalak direla esan digute, baina era berean oso ondo prestatzen dituztela saioak eta horregatik funtzionatzen duela hain ondo. “Izen osoa Azpimarra, irakurle lanpetuon taldea da. Jendea oso lanpetua dago eta liburua bukatu duen edo ez, berdin dio, saiora etor daiteke, eta parte-hartze modu desberdinak daude, norberaren momentuaren arabera baita ere”. “Behin etortzen direnek, errepikatu egiten dute askotan”. Eta badu meritua Gaztetxean biltzen baitira, teilaturik ez duen eraikinean, eta neguan hotz egiten du, jakina.

Antolamendu informal horren kontrastean Irailekoak muturreko formaltasunaren ordezkari dela esan digu Castillo Suarezek txantxa antzean. Laugarren edizioa izango du aurten ekimen honek. Euskaltzaindiak badu literatura sustatzeko eta gizarteratzeko egitasmo bat, Miren Agur Meabe badabil horretan. Eta egitasmo horren barruan kokatzen da Irailekoak. Formulaturikoa gauzatzeko, lan administratiboagoak eta teknikoagoak egiteko Euskaltzaindiako langileen laguntza dute. Urtean behin egiten da ekitaldia; txandaka, behin Lekeition, behin Itsasun. Herrialde eta adin guztietako poetak ekartzen dira, oso anitza izaten da. Eta Nafarroan beste ekitaldi bat ere egiten da maiatzean.

Poesia eta pentsamendua egitasmotik Felipe Juaristi izan dugu. 2008an antolatu zen lehen aldiz Donostian. Sari nazionala irabazten zuenari deiturik, ezaguna zutelako. Lehen edizioetan manifestu bat atera ohi zuten, hamaika manifestu egin arte. Nola definitu ekimena? “Nolabait, mami gehiago duena azala baino, kontzientziari −norbaitek kontzientziarik badu− astindua ematen diona”. Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi poetek hasi zuten ekimen hau, eta bideak Balea zuria poesian espezializaturiko argitaletxea sortzea ere ekarri zien. Lezon Poesia Kaia ere antolatzen dute. Hurrengo hitzordurako, Rilkeren heriotzaren mendeurrena dela eta Oihane Zuberoa Garmendiak hitzaldia emango du.

“Poesia zer den deskribatzea zaila bada, pentsamendua zer den deskribatzea are zailagoa”. Pozik agertu da Felipe ibilbideaz, eta eskertuta. “Donostia Kulturak eta Lezoko udalak dirua jartzen dutelako egin daiteke, bestela ezingo lirateke kanpotik idazleak ekarri, bidaiak, hotelak ordaindu… beste modu batera, beste zerbait egingo genuke”.

Inspirazioak, harremanak, sarea

Oier Guillanek azaldu digu Oiartzungo poesia egunak duela sei urte antolatzen hasi zirenean Eako poesia egunak inspiragarriak izan zirela oso. Irailekoak antolatzeko ere inspirazio hori bera izan dutela aitortu du Castillok, baina diferentzia handiak daude Eako kuadrilla batek antolatu edo Euskaltzaindia batek. Poesia esker onekoa eta egokia da literatura kalera eramateko.
Ainara Maiak dio poesiak aurrez aurreko horretan, zerbait sortzea ahalbidetzen duela, kide gutxi bildurik ere.

Azpimarrak beste gaztetxeetako irakurle taldeekin dauka harremana. Asko daude. Azken urteetan sortu dira, eta bata bestearen gogo-pizgarri dira. “Gu ez gara gutxiago izango”. Azpimarra lehena izan zen, abangoardia. Letren fakultatea Gasteizen egotearen abantaila dauka. Azpimarrak besteak inspiratu ditu.

HKL Mikelazulo moduko ekimenek inspiratu zuten, literatura beste espazio batzuetara eramateak. Aurrekonturik eta zorrik gabe. Josu Landa eta Antonio Casado ere taldean daude. Komunikabideetan ez dute asko zabaltzen, ez baita lehentasuna jende askok haien berri izan dezan, lehentasuna oso parte-hartzailea izatea da. Esposizio gutxi izateak askatasuna ematen die.

Poesia eta pentsamenduan helburuetako bat harremanak sortzea al da?, galdetu du Oierrek.

Felipek adierazten du lehendik ez badago, ez dela harreman berezirik sortuko. Harremanetan norberaren afinitate eta afektibitateak daude… konplexua da. Arratsalde polit, atsegin bat pasatzea da helburua. Idazlea bakartia da eta agenda betea izaten du. Norbait irakurtzera etortzen bada, hori eman nahi duelako da, bere onena ematen ari da. Poesiak ahozkotasunaren abantaila du, hasi eta buka egiten da. Ipuin bat irakurtzea oso astuna izan daiteke. Eta gero eta gehiago iruditzen zaizkigu gauza luzeak astunak.

Hari horri jarraitu dio Oierrek. Poesia gutxi iristen da irakurle taldeetara, nobela gailentzen da. Baina, nahiz eta minoritarioa izan eta gutxi saldu, ekitaldi kulturaletan oso presente egoten da…

Gorkak dio poesiak hitz gutxitan kontzentratzea dakarrela eta irakurleari pentsatzeko gonbitea egiten diola.

Morauk dio hitzei astindu bat ematea dela poesia. Eta horregatik egunerokora eramatea dela beren ahalegina.

Azpimarra taldean gehiago irakurtzen dituzte nobelak, baina poesia liburua aukeratu denetan, errezitaldia antolatu izan dute eta idazlea ekarri, gainera. Mikro irekiak interes handia pizten du jendearengan, poemak euskaratu dituztenak etortzen dira irakurtzera, adibidez.

Castillok dio horrelako ekitaldietan ikusten dela Euskal Herrian egiten den poesia guztiz homologablea dela beste herrialdeetan egiten denarekin alderaturik, eta autoestimurako ere balio duela, gurea balioesteko.

Jendartetik hartu du hitza Aritz Gorrotxategik. Poesiaren bertutea kontzentrazioa, dekantazioa, kondentsazioa, sintesia da. Nobeletan betelan gehiago dago, baina betelan egarri jarraitzen du jendeak, bistan denez. Mezu politikoa duen poema on bat adibidez, sintetikoa, kontzentratua… Baina, halere, jendeak nahiago du nobelak habitatzea aste batzuz.

Poesiak inertziak hautsi egiten ditu.

Luzeari alergia diogun honetan, nolatan da jendeak nahiago duela nobela irakurri eta ez poesiak eskaintzen dion sintetikotasuna lehenetsi? (Oierrek)

Ainararen iritzian poesia denean dago, eta hortaz ez da hartzen genero literario moduan. Auxtin Zamorak dio denok garela poetak, arnasten dugun izakiak garen bezalaxe. Jokin Mitxelenak azken Hatsaren Poesiaren olerki bildumarako egindako irudia ere poesia da.

Morauri zerbait esan diote barruan Ainararen hitzok eta HKLko hurrengo bilerarako gonbidatuko dutela esan du. Ainarak lehen aipatu du aurrez aurrekoan zerbait sortzen dela, eta minutu batzuetara gertatuko zena iragartzen ari zela dirudi orain.

Jendartetik hartu du hitza Miren Agur Meabek. Poesia gauza fungiblea da. Ekimenen bertuteetako bat da zaleez aparte kuriosoak ere hurbiltzen direla. Hazi bat ereiten da. Eta iragankorra den horrekin batera argitalpenaren garrantzia azpimarratuko luke. Hitzak haizeak eramaten ditu, baina idatzia idatzirik geratzen da.

Eta geratzen denaren errepasoa egin da.

Hatsak urtero ateratzen du liburua. Irailekoak ekimenak ere argitalpena ateratzen du. Hernaniko ekitaldi guztiak webgunean dituzte. Poesia eta pentsamenduak egunean bertan banatzen du testua, baina gero ez da webgunean edo bestelako formatuetan argitaratzen. Ideia moduan jaso du Felipek, agian egindakoaren edo etorriko denaren jasoketa egiteko.

Azpimarrak beste modu batera egiten du jasoketa eta hedapena. Belaunaldien arteko aldea igartzen da. Ekitaldiko kartela egiteko jende askoren proposamenak jasotzen dira eta gero aukeraketa egiten da. Jende sortzaile asko inguratzen da Azpimarrara. TikTok eta Instagramen bideo motzak egiten dira leku batek edo irudi batek zertara zaramatzan galdetuaz… Beti bilatzen da ekitaldiaren ondoren zerbait geratzea, ez dezala esperientzia huts haizeak eraman.

Irauteak kezkatzen zaituzte? (Oierrek)

Hernaniko Kale Literatura. Ez dago etorkizunera begirako asmorik, irauten duen bitartean irauten du, antolatzaileek ondo pasatzen duten bitartean. Udazken aldean berriz bilduko dira poesia eta parranda nahasteko ideiak mahai gainean jarri eta zerbait antolatzeko.

Hatsa. 28 urte eginak ditu. Ez zuen uste Auxtinek hasi zuenean gaur oraindik ekimena bizirik egongo zenik. Aurten ere urte amaieran egingo dute deialdia.

Azpimarra. Euskal Herriko leku guztietakoak daude. Orain udako saioak aterako dituzte, uztailerako eta abuzturako. Partaideetako inork ez du Azpimarra utzi nahi (ez dute azpimarra ohiak izan nahi). Ez daude larrituta.

Irailekoak. Astebete falta arte ez dute iragartzen programa. Oraingoz, data gordetzeko gomendioa: irailaren 26 eta 27an izango da Itsasun.

Poesia eta pentsamendua. Felipek etorkizuna beltz ikusten duela esan digu. “Honaino iritsi gara eta nekatu egiten gara”. Azaroan Lezon hitzordua. “Zahartzen ari gara”.

Jarraituko genuke solasean, batu gaituen baina desberdin bizitzen dugun poesiaz hizketan, baina arratsaldeak bazeuzkan beste hainbat proposamen eta haietara hurbiltzeko gonbitea egin digu Oierrek, bertatik bertara, Arizmendieneko lorategi paregabean, zuhaitzen gerizpera. Poesiaz gozatzera.

Goiatz Labandibarrek egin ditu oraingoan anfitrioi lanak eta aurkeztu dizkigu arratsaldeko lau poetak eta lagun izango dituzten musikariak, Xabi Belaunzaran, Julen Etxebeste eta Oihan Gastesi.

Oihana Aranak Zerua hemen poema liburutik bidaia posible bat egin digu, hunkigarria. Leire Bilbaok hiru poema antzeztu ditu musikarik gabe, bera ahots soilean, esperimentazio ausart bat. Itxaro Bordak liburu desberdinetatik aukeratu ditu errezitatzeko poemak eta propina bat ere eman digu, Euskal Herrien sonetoa. Eta Jon Garmendia Txuriak, Ulhaintsaren negarra poema liburutik olerki aukeratuak irakurri dizkigu, itzuri joateko unea iritsi zitzaionetik hasita.

Zerbait hartzeko eta batekin edo bestearekin hitz egiteko tarte baten ondoren, Miren Narbaiza MICEren kontzertuak eman dio amaiera poesia egun paregabeari. Mikrofono aurrean bakar-bakarrik, erabateko artista: kantuan, gitarran, eta looperarekin jolasean.

Poesiaren hamaika alderdi ukitu eta usaindu ditugu egunean zehar. Loreak, fruituak, haziak, kimuak, mizelioa. Ondorio bat atera dut nik, lur ona dauka poesiak, ereiten ari direnek zaindua.

Maite Darceles