Artikulua :: Itxaro Borda 2024/07/11

POESIAREN LEKUA

Poesiaz ari garenean, genero horrek gurean duen leku murritza deitoratzen dugu. Poemak idazten ditugunok nahi genuke, mundu klasiko eta historikoetan nola, irakurleak edan ditzan gure hitzak, gogoak hazteko, elikatzeko eta bihotzak inarrosteko. Baina ez gaude Homeroren edo Arestiren mendean. Herritarrak ez du astirik, presaka bizi da, alde guztietatik ukaiten ditu deiak, tirokatua, ehizatua, zirikatua eta galdua dabil, noraez. Ez da segur poesiak salbatzeko xendra erakutsiko liokeen, baina sosegatzen lagunduko luke behintzat. Poema bat leitzen deneko denbora hori norberarena baizik ez da, sare sozialekin lau haizeetara barreiatzen den intimitate sarraskituarekiko menia bat izenpetzen balitz bezala. 3CAT katean, Carles Porta handiaren Tor dokumentala hirugarrenez ikustearen pareko sentsazioak oparitzen ditu poesia, atzokoak, gaurkoak eta biharkoak. 

Poesiak jendartea kitatu zuen duela berrogei bat urte. Oroitzen gara izen handiko poetak zelan ibiltzen ziren gure artean, liburuak eskuetan, orakulu edo profeta antzera, Irlanda, Grezia edo Islandiaren moduan, Euskal herria ere poeten lurralde kuttuna zela sinestarazteraino. Entzuten ditugunean Mosen Bernat Etxeparen, Iratzederren edo Amaia Lasaren olerkiak oilo-larrua jartzen zaigu beso-aitzinetan. Karia horretara, absolutuki hauteman behar da Ibon RGek Bernat Etxepareren testuei errautsa kenduz, eman dien tornu musikal berria, Linguae Vasconum Primitiae bildumako neurtitzak gaurkotasun ikaragarri batez apainduz. Bide nabar, gonbidatzen direlarik, taula gainetatik, egungo euskal poetek emozioak eragiten eta partekatzen dituzte: gazteak dira, emazteak dira, surrealistak dira, politikoak dira, garaikideak dira. Klasikoak halaber, noizbait gazte izan ziren, ezta?

Duela zenbait hilabete sortu da Koldo Mitxelena kultur unearen eta Gipuzkoako Aldundiaren aizolbean Poesialeku izeneko webgunea, poesiaren itzala ahalik gehien zabaltzearren. Aritz Gorrotxategik kudeatzen du gune aberats hori: poesia liburu aipamenak badira, mugarik gabeko karaktere kopuruekiko elkarrizketak, berriak, efemerideak, sortzaileen ikusangeluak, liburuen barrunbeak eta botila barneko poemak. Egiazki interesgarria da, poesiaren gaur egungo osasun egoeraz jabetzeko. Ohartzen gara askotarikoa dela panorama, irekia, euskaraz berdinki, bistan dena. Poeta bakoitza mundu berezia da, hizkuntzak dituela guziak elkarren artean bibatzen. Poeta bat hiltzen denean,  aste honetan nik hainbeste irakurri dudan Albaniako Ismael Kadare (1936-2024) handia demagun, mundu pertsonal oso bat desagertzen da: goian bego Tiranako Homeroren ondorengo zuzena, historia mitiko urrunen rapsoda... 

Poesiak zerbait erran lezake herrialde baten psikologiaz? Eskualde baten minak eta pozak agertzen ahal ditu olerki bilduma batek? Poesia zer da, indibiduala, indibidualista ala banaka obratzen den zeregin kolektibo bat? Zein neurritaraino bereizten ahal dira estatu baten edo estaturik gabeko jende-multzoen ideologiak eta kultur sorkuntzak? Antologiak moldatzen direnean historia horren filigrana azaltzen da, libertate nahikundeen zantzuak, amildegien dastak eta etorkizunarekiko beldur izuak. Tragedia eta poz artean hedatzen dira hitzak paper zuriaren gainean. Jendearen gisa, eleek ere ez dute ihesik.

Udaran denbora gehiago daukagu urtean zehar egin ez ditzakegun gauzen obratzeko. Ustez bederen. Baina frankotan Krono jainko falangatsuak irensten eta gainditzen gaitu. Sasoi ona da haatik, poesiaz gozatzeko, premiazko galderak egiteko, norberak lur honetan duen lekuaz arranguratzeko eta hondartzan loak hartzeko. Erran gabe doa, eta horrekin finituko dut astearteko predikuño hau, poesia eremu zibernetiko gehiago badela gure irakurle senaren aiduru. Poema liburu osoak aurki daitezke sarean, urririk edo ordainduz, bai eta, adibidez, Armiarma atal mamitsuaren edo Booktegi hostailaren eskaintza anitzak. Baiki, paperezko bildumek ere beren xarma badutela, hori ez dizu, irakurle, nehork ukatuko. 

Uda ona anartean!

Itxaro Borda