Artikulua :: Oihana Arana 2026/03/05

Poesiaren kontra

2026ko martxoaren gaurko egunean, Donostiako Liburutegi Nagusiaren aurrean Poesiaren kontra lelopean egin duten elkarretaratzea eta gero, honako adierazpen hauek eman dituzte poeta prekario anonimo baten (hemendik aurrera O deituko diogu) lagun eta senideek. Adierazpenak bildu dituenak (erabili kazetari, antropologo, kuxkuxero edo egokien iruditzen zaizuen kontzeptua) aldez aurretik barkamena eskatu nahi die Euskal Herriko poetei (eta poetei orokorrean), poesiaren kontrako ekintza hau zilegiztatzearren, O-ri, bere intimitatea hain gordinki saltzeagatik (berak egin ohi duen bezalaxe), eta EIEri, honek ekar diezazkioken ondorio zuzenengatik.

Poetaren pisukidea 1: Bera tematuta dago, baina nik ez dut nahi O poeta izan dadin. Koadernoari lotuta pasatzen du eguna; muturra pantailari pegatuta gaua. Loezina duela esaten du, baina ez da egia. Poesia da. Ez diozue igartzen begizuloetan? Ez dio onik egiten. Poesia osasun publikoaren kontrako delitu bat da.

Poetaren laguna 1: Inork ez du poesiarik irakurtzen. Zertarako? Poesiak ez du ezertarako balio! Pentsa, zazpi urte genituenetik naiz O-ren laguna, eta oraindik ez dut bere poema bakar bat ere irakurri. Ez naiz lotsa, batez ere, bera ez delako konturatu ere egin. Zertarako irakurriko dizkiot poemak, poesia ez baldin bada ulertzen? Nik irakurtzen dut e, baina poesiarekin ezin dut. Nola esan dezakedan hori sekula irakurri gabe? Ba horrela delako. Ez da oso argia izan behar hori jakiteko.

Poetaren koadernoa 1: O-k ez du sekula esango, baina berez-berez denbora gutxi daukalako idazten ditu poemak. Denbora jartzen duen lekuan jarri gogo, ganora edo diziplina berbak nahi izanez gero. Autobusean, komunean, ohean… zuk uste posible dela han eta hemen arkatzez idatzitako oharrei literatura deitzea?

Poetaren editorea: Ni O-ren ordezkari rolean etorri naiz. Ez du zentzurik esaten ari direnak. Denok dakigu nolakoa den O, berak ere bai. Baina arren, utz ezazue poesia bakean.

Poetaren maitale ohia 1: Poeta batek poeta izate hutsagatik edonoren intimitateak publiko egiteko eskubidea duela uste du. Eta hori ez da horrela. O-k idatzitako poemetako asko niri idatzitakoak dira, beraz, nireak. Nire traza oro bere testuetatik ezabatzeko eskatu nion harremana moztu baino lehen, baina ez dirudi egiteko asmorik duenik. Kontaktu zeroan gaude oraindik, baina laster argitaratuko duen liburu horretan nire poemarik badago, paktua apurtuko dut. Eta nire etxeko egongelan idatzi zuen poema hori badago… epaitegietara joko dut, inongo zalantzarik gabe.

Poetaren bizilaguna 1: Nik ez nekien ezer, baina zertan ibiltzen zen esan zidatenean ulertu nituen gauza asko… Jatorra da, e. Beti agurtzen gaitu. Baina ez dakit… beti iruditu zait arraroa bere aura.

Poetaren DBH-ko irakaslea 1: Oso argia izan da beti O. Mintegian askotan esaten genuen medikua edo ingeniaria izango zela, bazuen hortarako gaitasuna, baina… Ondo idazten zuela esatea ez zitzaion ba otu euskarako irakasleari! O poeta! Ezin dut ulertu! Galera handia da komunitatearentzat…

Poetaren laguna 2: Ni ez nago poesiaren aurka, niri O-ren poesia gustatzen zait. Laguna da eta badakizu… Baina uste dut badaudela gaur hemen egoteko aski motibo. Bai, bat nator besteek esandako gauza batzuekin.

Poetaren bizkarra (gorputz osoaren bozeramailea): Behin edukiko mikrofono bat eskura eta egia esango dut: O esplotatzaile zikin bat da. Bueno, O, poeta guztiak eta literatur sistema osoa. Inork ez digu baja eskubiderik aitortzen; tira, ezta greba egiteko edo oporrak izateko eskubiderik ere. Ez niri, ez pentsamenduei, ez eskuei, ez pozari, ezta tristurari ere. Gainera, ezin duzu imajinatu nolako trantzeak pasarazten dizkigun… Gero erraz esaten du gorputzetik idazten duela, dena dela gorputza eta bla, bla, bla. Zakurraren putza! Egoera larria da gurea. Guztiz inbisibilizatuta gaude, eta gainera, ez dugu beste inora joateko modurik. Lan egin ala lan egin. Ez daukagu beste aukerarik. Lagun diezagula norbaitek! Hartu zuen herrietako kaleak, arren! Gainontzeko gorputzok ere, eutsi tinko! Poesia debekatu arte ez dugu etsiko!

Poetaren ama: Nik beti esan izan diot gura duena egiteko. Baina poesia… ez dakit ba… benetako lan bat topatzen duen egunean lasaiago egingo dut lo. Ni ez nago nire alabaren kontra, baina… Uste dut apur bat lasaiago biziko dela idazteari uzten badio, eta horregatik etorri naiz, bai.

Poetaren logelako landarea 1 (etxeko landareen bozeramailea): Poemak idazten pasatu du negua. Guri buruz idazten. Ez digu kasurik egin, ordea. Esteta friboloak dira poetak. Nik zertarako nahi ditut hamar poema ur tantarik ez badut? Poemek ez dute egarririk asetzen. Poesiak ez du jaten ematen. Ez guri, ezta O-ri ere. O-ren etxeko flora osoaren izenean diot, arren, ken diezaiotela poesia idazteko daukan presa hori, eta eman diezaiotela Jakoba Errekondoren liburu bat, gutxienez.

Gutxi izango zirela ematen zuen hasieran, baina hamarnaka pertsona elkartu dira. O agertuko ote zen zalantza egin dugu denok, baina ez dugu ikusi. Liburutegian kateatu omen da. Bertatik irten direnek esan dutenaren arabera, poema liburuak dauden apalaren ondoan dago, elkarretaratzeari muzin egin dion arkatzarekin batera. Hala ere, ezin izan dugu gure begiekin ikusi, liburuzainek ez baitigute sartzen utzi.

2026ko martxoaren biharko egunean, poetek komunikatu bat idatziko dute, euren jardunari egin zaion “erasoa” gaitzesteko. Zorte apur batekin, oraindik bere burua poetatzat ez duen baten batek irakurriko du eta bere lehenengo poema otuko zaio.

 

 

Oihana Arana