Poesiaren Hatsa
Gaur egungo garai zital hauetan, Trumpkeriez betetako garaiotan, poesia behar du gizakiak. Poesia behar du herriak, euskararen herriak. Erraz esaten da, baina behar da praktikatu. Irakurri, errezitatu, entzun. Eta publikatu.
Egitasmo batzuen sorrerak pizten du ilusioa, eta zailtasunak izan daitezkeen arren, abiatzea energiaz betea izaten da gehienetan. Baina ez al da zailagoa irautea, tinko eustea? Kasurako, Maiatz argitaletxea Baionan jaio zen 1981. urtean. Aldizkariaren lehen zenbakia 1982ko otsailean eman zuten argitara. Ez al da ba mirari bat 45 urteren ostean Maiatzek bere horretan euskarazko liburuak argitaratzen jarraitzea? Aldizkariari ere eustea? Miraria baino, Luzien Etxezaharretaren lan nekaezina, eta bere abaroan ehundutako sarearen lagunen ekina.
Senperen (Lapurdi), berriz, Auxtin Zamorak sortu zuen Hatsa elkartea. Hatsaren poesia bilduma abian jarri, eta aurtengo apirilean aurkeztu dute 28. olerki sorta liburu formatuan. Euskal Herri osoko idazleen testuak biltzen dituzte urtero. Bildumaren editore lanetan, Ainara Maiak hartu dio lekukoa Zamorari. Eta zein ederra den udaberri bakoitzean eskuetan Hatsaren Bilduma jasotzea. Bere orrialdeetan murgildu, eta askotariko poesiaz blaitzea.
Hitza hatsaren poesia izenburupean, Graxi Solorzanok zera idatzi du: “Bizia, hatsa bat, bota eta berriz has… / Hatsa biziaren miraria, / mirariz sortu eta itzaltzen baita. / Hitza hatsaren poesia, norberaren askapena, / jendearen duintasuna. / Munduan, izan handi edo ttiki / hitzek egiten baigaitu / izaite errespetagarri. / Baina kasu hitz ederrak / haizeak eramateari eta / Hitz jariotik ez da jalgitzen egia beti. / Aldiz, hitz ezti bakarra aski / izateko barne goxagarri / eta bihotz altxagarri. / Hitzari leial, hitzeko gira / eta hitza hitz delarik, / pisua, hitzaren izaria!…”.
Haizeak eramango ditu hitzak. Denak hilko gara. Dena eta ezer ez. Garai digital hauetan, paperezko liburu formatuan argitaratzen da ‘Hatsaren Poesia’ bilduma. Ez, besterik. Bada urteroko liburu hori Euskal Herriaren ahotsen erakusgarri. Idatzi dutenen orden alfabetikoak baino ez du agintzen. Ez idatzi duenaren sona eta fama.
Testuak bidali dituzten guztiei zuzentzen zaie hitzotan Marisa Arruabarrena, zoriz aurten idaztea egokitu zitzaion sar-hitzan: “Zuen lanei esker gure hizkuntzak forma eta egitura bereziak izateaz gain, bere osotasunean indarra, edertasuna, emozioa eta esanahi gehigarria lortzen ditu”.
Ainara Maiak gonbita egiten du poesiaren askatasunera joateko: “Zuen guztien artean eraikitako etxe honetan, hartu arnasa, eta eman zuen barrukoa. Hori baita hatsa: biziaren lehen mugimendua, eta poesia guztien abiapuntua”.
Poesia espazio “ireki eta partekatu gisa” ulertzen dute Hatsa elkartekoek. Eta indibidualismoa Interneteko sare sozialetan zabarki gailentzen den garai hauetan, iraultza txiki (handi) bat bada poesia taldean partekatzea. Ezin zaio muzin horri egin. Euskal Idazleen Elkarteko bazkide eta lagun gehiago animatu nahiko nituzke lerro hauetatik 2027ko Hatsaren Poesia olerki bilduman parte hartzera. Izan ziur, Ainara Maiak ez didala sosik ordaindu azken proposamen hori egiteagatik.
Aurtengo bildumako ezustekoen artean, gure artean, edo lurraren bekatu artean, zoritxarrez jada ez den idazle baten testua ageri da. 2023ko maiatzaren 17an hil zen Joan Mari Irigoien idazlea. Hark idatzitako ‘Intentsua bezala (II)’ eman dute argitara aurtengo bilduman.
Azken orrietan badira, bestalde, Hatsak antolatutako olerki tailer batzuen emaitzak. Argazki eta testu bidezkoak.
Auxtin Zamorak berak idatzitako olerkien artean, ‘Poesia’ izenburuko bat bada. Hango hitzekin, banoa orain beste olerki liburu baten orrialdeetan murgiltzera.
Zamora: “...Oi Poesia / erradazu, / igortzen dizkidazun hitzak, / zergatik, bere baita zeharkatzean, / sentimenez betetzen diren, / eta, negar egiteko, izar-soroetara itzultzen? / Uste nuke, min duzula / zerura gehiago ez begiratuz, / beren pantaila artifizial guztien barnetik, / gizakiek, gero eta gehiago, ikusten ez zaituztelako”.