Artikulua 2023/09/06

POESIA, BIDE

Batzuetan, poeta zendu berri baten azkeneko bildumak irakurtzeak harritzen gaitu, eta hunkitzen ere bai. Amestu duzun bide bat egin du, eta horretaz idazten dabil azken hatsa eraman arte. Beharbada, belaunaldi kidetza istorioa baizik ez da, gustu aierua, kultura partekatu ipuina, preseski partekatzen ez ditugun hizkuntzen gainetik. Christian Bobin poeta, 1951n sortu zen eta 2022ko azaroaren 23an hil zen Le Creusot aldean. Asisko sainduari -ez Hoztan bizi denari, prefosta!- buruzko liburu batekin eman zuen bere burua ezagutzera 1992an. Orduz geroztik, urtean behin, poesia bildumaren bat plazaratu zuen, 2022ko Le Muguet rouge edo Julufrai gorria izenekoraino. Egia erran, gustatzen zaizkit poeten azken hatsek troxatu lanak, Yves Bonnefoyren (1923-2016) L’écharpe rouge hura edo Joan mari Irigoienen (1948-2023) Bi urteko kronika fakultatiboa kasu: ahotik ahora lekuko makil baten transmititzea bezala da.

Urtea pasatu dut Honore de Balzac-en (1799-1850) “Komedia humanoa” saga osoa ustiatzen, atalez atala. XIX. mendeko lehen laurdenean errotu naiz, Emile Zola eta Marcel Proust ondorengotzat edukiko zituen idazlearen obraren zeharkaldi metodikoa eginez. Zirraragarria da ikustea, gaur egungo miliardunek itzalean kudeatzen duten mundu desarautuak zer nolako antza duen, justuki, Balzac-ek deskribatzen duen Frantziako Errestaurazioko garai harekin. Napoleonen abdikazioaren (1815) eta 1870eko Komuna ospetsuaren atariko denbora hori zuen literatura-gai Balzac-ek. Amildu zenean idazten ari zen nobela, Rachou eskribauak bukatu zuen, Hanska anderearen begirada zorrotzaren pean, baina hau beste zutabe batean jorratuko dudan gaia da! Euskaraz, aitor dut, epe horretan, Xan Idiarten Nostalgia ez da salgai (Maiatz) baizik ez dudala leitu. Atseginez alabaina.

Goazen harira. 2017ean La nuit du coeur eta 2018an Pierre liburuxkak publikatu zituen Rodezen jaio Pierre Soulages (1919-2022) artista garaikidearen omenez. Soulages ezaguna da outrenoir edo beltzarago deituko genukeen kolorea erabiltzailea zelako. Bere taulak, beltz organiko eta mardul horrekin estaltzen ditu, gehienbat argia gatibatzeko moduan, askotariko arroila, marra, lerro, erliebeak oihalean hedatuz. Margoek, handiek ala txikiek, gure adimena, gugan dugun hoberena irenstea lortzen dute eta Soulagesen erakusketa bakanetatik itxuraldatuak ilkitzen gara. Christian Bobin, XI. mendeko Conquesko eliza erromanikoan aurkitzen da La nuit du coeur izkiriatzen duenean, bertako beirateak Soulagesek asmatu eta egin zituelako. Beira peza horiek, egoitzaren horma beilegiak gristasun uhinez distirarazten dituzte. Idazleak Rodezeko museoa bisitatu zuen, Montpellierrekoa, eta Pierre testuan, kontatzen du nola sartzen den, 2018ko Eguberri egun batez, TGV batean Le Creusoteko geltokian, sei oren beranduago Soulagesen Sete aldeko etxe atarian agertzeko, La nuit du coeur liburua eskuan, artistaren urtebetetzeko opari.

Bilduma hauek bata bestearen ondotik irentsi ditut. Nahasmendu hunkitua nabaritzen nuen bihotzean, “bide” horren egitea pentsatua nuelako, 2020ko udan Covid pandemiak gure ibilerak murriztu ez ba balitu. Parisen nintzen konfinamendu bezperan, pasaian, Louvresen eta Beaubourgen Soulagesi eskaini erakusketez gozatzen, beltzaragoan galtzen, nire baitako beltzari artistak zilegitu argitasun ximixtez jabetzen. Rodezerako bidaia planifikatua nuen, Montpellierrera jauzi bat eginez Probantzan bizi den ahizparen bisitatzera joatean. Bistan dena, urte haietan, ez genuela antolaturiko ezer egin, eta bizkitartean, Christian Bobin eta Pierre Soulages, biak 2022an betikoz joan dira hilabete eskasetan: izebergen zartatze eta itsasora lehertze auhen-marraka berdina dantzut ene barnetik jazartzen.

Pierre bukatzean, erabaki dut, datorren udaberrian, eginen dudala 2020ko udarako marraztua nuen ezinbesteko ateraldia. Soulagesen beltzarekiko jokoak fazinatzen eta kitzikatzen nau. Poesiak eta poetek xendak azpatzen dizkigute eta baztertuak genituen proiektuak ber biziaraztera bultzatzen: ederra da hori, ezta?