Artikulua :: Imanol Epelde 2026/10/29

PISA probak herriko plazan

Jakinarazpen bat soinu eta guzti: eskolako email bat sartu zait mugikorrean. “Baimena sinatu EZ duzuenok bakarrik erantzun behar diozue mezu honi”. Handik bost minutura, guraso guztiok erantzun dugu, baita baimena sinatuta genuenok ere. Badaezpada.

Arratsaldean, eskola atarian seme-alabei txopet ogitartekoak eta jogurt edangarriak banatu ondoren, guraso batek esan du haurrek irakurtzen dutena ez dutela ulertzen. Ados jarri gara denok. Badaezpada.

Irakurtzea ez da gauza erraza. Guri ere kosta egiten zaigu. Interpretatzen jakitea ere bai baita irakurtzea. Demagun esaldi hau irakurtzen dugula: “Ez da frogatu neurriak onurarik dakarrenik”. Zenbat alditan ulertu ote dugu esaldi hori “frogatu dute neurriak ez duela ezertarako balio” bezala.

Seme-alabei irakurtzeko esaten diegu, geure eskuetako pantailetatik begiak altxatu gabe, whatsapp pare bat erantzun eta like batzuk ematen ditugun bitartean. Irakurtzeari denbora eskaintzeko eskatzen diegu, baina geuk denbora aurrezteko Adimen Artifizialari eskatzen diogu txostenak, deialdi publikoak edo artikuluak laburtzeko.

Etxean sekula inor bizikleta gainean ikusi ez duenari zailago egingo zaio txirrindularitzarekin maitemintzea. Liburuekin antzeko zerbait gertatzen da. Etxean zaletasunik jasotzen ez bada, beste leku batzuetan eragin beharko da zaletasuna: lagunengan, irakasle batengan, liburuzain batengan. Eskolak badu zeregina, baina ezin diogu eskatu gainerako guztiok elikatzen ez duguna berak bakarrik piztu eta bizirik mantentzea.

Proposamen bat bururatu zait: egin diezagutela PISA helduoi. Herriko plazan. Guraso, irakasle, kazetari, idazle eta sailburuei. Gainditzen duenak hobaria izan dezala errenta-aitorpenean.

Lehenengo ariketa probaren jarraibideak irakurtzea izango da.

Osorik.

Laburpena AAri eskatu gabe.

Imanol Epelde