PIPAK JANEZ ERA ZARATATSUAN
Orain asko estimatzen dudan pertsona bat liburuzaina zen gu umeak ginelarik eta berari buruz dudan oroitzapen nagusia da gu eta gutariko asko isilik egoteko eskatzen igarotzen zuela astea. Ume koskorrak ginelarik zen hori, hobe esanda. Artean oilasko tente batzuk besterik ez baikinen, gurasoen habia utzia genuen metro batzuk besterik ez aldentzeko eta kalparra harro. Ikastolarako etxerako lanak egitera liburutegira jotzea zen aurre-internet aro horretako ezaugarri bat, han baitziren ezagutza pilatzen zuten hiztegi potolo, apal-bete entziklopedia eta askotariko liburuak.
Hogeita hamar urte eta piku pasa diren honetan, atzera begira, oso momentu berezia zela antzematen da norbere autobiografia literarioan. Haurtzaroko mozkorraldi literarioaren aje moduko bat, ikastolan, etxean edota gizartean horrenbeste estimulatzen den ume sasoiko liburu festaren lehorte bat. Nerabezaroan galtzen ditu literaturak irakurle ugari eta nik uste dut sasoi horretan, behintzat, etxerako lanekin liburutegiko espazioa lotzeak bazuela zerikusia. Nora joango ginen bestela? Asmakizun modernoak dira hainbat kultur etxetan dauden etxerako lanak egiteko gela partekatuan. Sasoi hartan ez zen besterik: edo norbaiten etxea edota liburutegia.
Irudika ezazue une batez egoera. Berez gustukoa ez den zerbait ari ginen egiten -etxerako lanak-, gustuko konpainian -taldekatzeak lagun artekoak izan ohi ziren sarritan-, gurea sentitzen ez genuen espazio batean -haur literatura espazioak zero eta hemezortzi urte arteko tarte luuuuuuuzea hartzen zuen bere baitan- eta hormona festa batean blai heziketa fisiko klase osteko izerdi usain edo aterki busti saltsa-maltsa sentsorial betean. Gosea ere oroitzen dut nerabezaroko ezaugarri gisa, alimaleko gosea, eta txokolatezko palmerak-txaski paketeak-pipak tartekatuko ziren, osteko hondakin sarraski ez oso zibilizatuaz.
Gaixoa hura garbitu beharra zuen garbitzailea.
Eta aitek-osabek-aitajaunek ikusi ohi zituzten bakeroen pelikulen pare sheriff-bibliotekariak ordena ezarri nahi zuen, eta ordenak, kasu hartan, isiltasun forma zuen. Eta nola ulertuko genuen bada guk umegorriok isiltasuna inposatzea kaleak zarataz beteak bazeuden -auto zarata, manifestazio oihu, fabrika makina erritmo sinkopatu- eta zarata artean biziraute horri esaten baikenion bizitzea. Nola egon isilik ikastolan erreprimitu genuen denak gure masailak betetzen baitzituen, imajinatu ere egiten ez genuen audio-whatsappen aurreko aro analogiko horretan beste komunikatzeko erarik ez bagenuen txor-txorrean aritzea baino.
Isiltasun demanda, isiltasunak -edo isiltasun ezak- eragindako haserrea, purrustadak, Harluxet hiztegikotea, literaturari bizkar emanda arratsalde ugari liburutegian egin genituen egunak. Azpiegiturak emaniko aukerak ez dira dena mundu honetan, baina denean du eragina espazio egokien faltak. Gure egoera konpon zitekeen etxerako lanik bidaliko ez baligute. Bidali beharko ez liguketen lan horiek egiteko bestelako espaziorik bagenu. Isilik egoteko eskatzea ez balitz izango umea sasoitik ofizio eder bati buruz oroitzen dudan aurreneko gauza.