Pertsonaren kontzepzio narratiboa
Bigarren Mundu Gerran, Frantziako Erresistentziako kideek bonbaketariak gidatu zituzten naziek okupatutako Frantziaren gainean. Bonbak fabriketara eta jomuga militar batzuetara jaurtitzen bazituzten ere, ezin zuten saihestu hildako zibilak egotea. Egun batean, hegazkin bonbardatzaile horietako baten pilotuak, aginduak jasotzean, ikusi zuen jomuga bere jaioterria zela (istorio hau, beharbada, ipuina baino ez da; guretzat interesgarria halere!) Misio horretatik bera kentzeko eskatu zuen. Bazekien aurreko egunean beste herri batean egin zuen gauza berbera zela, eta gainera berak egin ezean, beste batek egingo zuela, baina oraingoan bere herria zen eta ez zituen, nahi gabe, bere herrikide batzuk hil. Arrazoi zuzen batengatik bazen ere, uste zuen gaizki egongo zela bonbardaketa berak egitea, gaizki egotearen modu partikular eta ez unibertsal baten arabera.
Zer deritzozu irakurle?, miresten duzu edo ahulezia modu bat ikusten duzu ekintza horretan? Utz dezagun alde batera Frantzia askatzeak zenbat hildako zibil izatea zuribidetzen zuen; pilotuak ez zuen zalantzan jartzen misioaren beharrezkotasuna, arazoa zen bera ezin zela izan beraren herritar batzuen hiltzaile. Erabaki horri garrantzi moralik sumatzen diozu edo eskrupulu bat baino ez?
Pertsonaren kontzepzio narratiboari jarraikiz, ongi egin zuen, zeren betebeharren formulazio liberala –neuk espresuki onartu ezean, bete beharrik ez-- axalekoegia da. Ezin du azaldu zer leialtasun eta erantzukizun berezi ditugun batzuek besteekin herrikide gisa. Are gehiago, ez ditu barne hartzen leialtasun eta erantzukizun horiek, zeinen indar morala datorkien, neurri batean, bizitzan horiei lotzea bereizi ezin izatetik geure buruaz dugun pertzepziotik, nazio honetako edo herri honetako kide gisa, historia honen eramaile gisa, errepublika honetako hiritar gisa. Ikuskera narratiboaren arabera, identitate horiek ez dira moralari eta justiziari buruz deliberatzen dugunean aparte utzi behar ditugun kontingentziak, garenaren parte dira, eta, beraz, gure erantzukizun moralak osatu behar dituzte.
Beraz, borondatezko ikuskeraren eta pertsonaren narrazio-ikuskeraren artean erabakitzeko modu bat da galdetzea ea badagoen hirugarren kategoriarik –dei diezaiegun elkartasunaren edo atxikipenaren betebeharrak–, kontratu bati buruz ari garela azaldu ezin daitezkeenak. Betebehar naturalak ez bezala, elkartasunaren betebeharrak partikularrak dira, ez unibertsalak; ditugun erantzukizun moralak biltzen dituzte, ez izaki arrazionalen aurrean, izaki arrazional diren aldetik, baizik eta historia bat partekatzen dugunon aurrean. Baina borondatezko betebeharrak ez bezala, ez daude adostasuna ematearen menpe. Horien pisu morala dator nire edo gure bizitzaren historia beste batzuen bizitzarekin lotzen dela onartzetik.
Kontzepzio liberal eta narratiboaren arteko eztabaidarekin oso loturik, hona galdera bat: abertzaletasuna bertute bat al da?
Abertzaletasunaren defendatzaile sutsua izan zen Jean-Jacques Rousseauk defendatzen zuen atxikimendua eta identitate komunitarioak gure gizatasun unibertsalaren ezinbesteko osagarriak direla: "Badirudi gizatasunaren sentimendua lurrundu eta ahuldu egiten dela mundu osora hedatzen den neurrian, eta ez digutela eragingo Tartariako edo Japoniako zorigaitzek Europako herri batekoek bezala. Interesa eta urrikalmendua nolabait mugatu eta konprimitu behar dira, aktiboak izan daitezen. " (Justicia. 2011: 259)
Egia da bestalde, nazioen arteko desberdintasunak zaildu egiten duela komunitate nazionalaren lehentasunaren defentsa. Herrialde guztiek antzeko aberastasuna balute, eta pertsona guztiak herrialde bateko edo besteko herritarrak balira, norberaren komunitateari --euskaldunari guk-- arreta berezia emateko betebeharrak ez luke arazorik sortuko, ez behintzat justiziaren ikuspegitik. Baina herrialde eta estatu aberatsen eta pobreen arteko desberdintasun handiak dituen mundu batean, komunitateak eskatzen duena tentsioan sar daiteke berdintasunak eskatzen duenarekin. Immigrazioaren gai leherkorrak tentsio horixe islatzen du. Horretaz, honen hurrengo artikuluan!