Panfleto bat zuen aurka (kondenatu nahi banauzue, injustiziarik kometa ez dezazuen)
Osagarriekin bezala gertatzen da. Garai batean, ezinezkoa begitantzen zitzaidan gerriko poltsarik gabe ateratzea kalera. Filmetako gaiztoak imitatzeko erretzen nituen zigarroak eramaten nituen barruan, txiskeroren bat, beti diru faltan zen diru-zorroa, etxeko giltzak, haxix-harri zatiren bat ere tarteka. Haiek ziren, gutxi-asko, nire ondasun guztiak. Mutil eta neska askok janzten genuen. Gerriko poltsak janzten zituen gu bat ginen.
Gero, industriak erabaki zuen aski zela, osagarri hark ez zuela lekurik merezi modaren parnasoan, eta gerriko poltsa guztiak desagertu ziren gure gerrietatik, kasik oharkabean, elurra mendi-puntatik desagertzen den moduan.
Gure ondasun urriek aterpea bilatu behar izan zuten beste kobazulo batzuetan.
Berriro ikusi dut orain, urte kopuru esanguratsu bezain aitorrezin baten ondoren, gerriko poltsaren bat gerri bueltaren batean. Baina nire birika nekatuek aspaldi utzi zioten erretzeari, eta hain poltsa estuan kabituko ez liratekeen traste gehiegi pilatu dut, existentziaren hutsaltasunari iskin egin asmoz. Modak hori dauka, badoala eta badatorrela, eta ez duela gu bat sortzeko balio.
Osagarriekin bezala gertatzen da kulturarekin. Ez baduzue ulertzen kultura ez dela gerri bueltan eramateko poltsa bat, edo lanetik ateratzen zaretenean ikustera zoazten kontzertu bat baino gehiago dela, baldin eta ez baduzue ulertzen kultura ezinbestekoa dela, ez dakit, hezkuntza bera bezain, eta zuen lana baino gehiago, orduan, bazter uzteko moduko zerbait bihurtuko da. Gerriko poltsa bat.
Horretara kondenatu duzue. Moda hutsera. Gauza inportanteak egin ondorengo aisialdira. Espektakulu funts gabe bat izatera. Bolbora bustia disparatzera.
Gero eta zailagoa da errealitatea ulertzea. Ura leporaino iristear daukagun honetan, gero eta urduriago zaudete. Baina nor akordatzen da orain mendietako elurraz? Zer kolore zeukan? Nora alde egin du? Eta noiz? Oharkabean joaten utzi diozue, eta elur hura orain ur hau guztia da. Eta elkarri begiratzen diozue, zeinek esplikatuko duen zergatik itoko garen, gaur ez bada bihar, zergatik eta nola.
Gero eta zailagoa da errealitatea ulertzea, eta errealitatea ulertzea ezinbestekoa da bizitzeko. Norbaitek esan beharko lizueke pandemia hau ez dela gaixotasun huts bat. Edo gaixotasun bat baino gehiago dela. Norbaitek esan beharko lizueke gerra ez dela gaixotasun bat. Gaixotasun baten sintoma bat baino ez dela. Mingarria. Krudela. Zulo odolez bete bat hanka batean. Baina gaixotasunak beste izan bat duela. Norbaitek esplikatu beharko lizueke. Lizueke. Baina espektakuluak ez du ezer esplikatzeko balio.
Arteak balio lezake errealitatea ulertzeko, galdera berriak formulatzeko, eta lepo bueltan daukagun uretatik ihes egingo duen igerilari bat asmatzeko. Kulturak balio lezake errealitatea beste modu batera pentsatzeko eta, beraz, indar performatiboz, errealitate berriak sortzeko. Balio lezake. Lezake. Kultura gerri bueltan lotu eta poltsa bat balitz bezala aldean eramango ez bazenute. Beste moda bat etorri arte.
Artea aisialdirako eta kontsumorako produktu bihurtzen baduzue, desagertu egingo da. Jostailu hautsi bat izango da hautsez betetako apal batean. Aterik irekitzen ez duen giltza bat. Surik ematen ez duen txiskero bat. Zuloz betetako gerriko poltsa zahar bat.
Eta bihar gogoratu ere egingo ez duzuen Netflixeko film Ipar Amerikarrak ikusten itoko zarete denak. Pozik. Barrez. Beldurrez. Harriduraz. Nolanahi. Baina oxigenorik gabe biriketan. Besteen kontsumorako produktuak euskaratzeari deitzen baitiozue orain salbazio. Minessotako quarterback bat, euskaraz. Zerbitzu sekretuetako Chicagoko agente ustel bat, euskaraz. Haien artefaktu kulturak, euskaraz. Haien eztabaida etiko eta estetikoak, euskaraz. Haien hizkuntza, euskaraz.
Bihar haiek izango zarete. Eta haiek ez dute euskaraz hitz egiten. Eta gerriko poltsa batean ezkutatu zuten kultura aspaldi, noiz modaz pasako.
(Bai, ni ere zuek naiz. Baina, esan dizuet, laster gara denok haiek. Oharkabean).