Palmako ber-topatzea
Ber-topatzeak dira Galeuscak. Aspaldiko lagunen besarkatzea, berriak egitea, literatur solasaldiak mahai eta baso baten bueltan. Nostalgien, baina, batez ere, etorkizun irudikatuen ber-topatzeak dira Galeuscak.
Aurten 40 urte bete dira Bartzelonan lehenengo Galeusca antolatu zenetik eta 10 urte azkena egin zenetik, Bartzelonan hori ere. Okasio aparta zen Galizako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko idazleak elkarren ondora biltzeko berriro ere. Letren konspirazioa berpizteko. Lehenengo topaketa hartatik sortutako Pobleteko Adierazpena gogoan, haren jarraipena izango zen egungo garaietara egokitutako adierazpen berrituaren beharrak bultzatu zuen Palman biltzea; berrogei urte geroago hementxe jarraitzen dugula, geure literaturak, idazleak, hizkuntzak eta kulturak aldarrikatzen.
Ordea, Palmako Galeusca topaketak ez dio nostalgiari heldu nahi izan, etorkizunari baizik. Aspaldi ez bezala, geure hizkuntzei eta kulturei egiten ari zaizkien jazarpenek hiru nazioen elkar lana berrindartu beharra ekarri dute. Aldarrikapenekin batera, idazle elkarteak izanik, literatura albo batera ezin utzi; horrela, literaturaren zabalkunderako hain garrantzitsua den itzulpengintza izan du ardatz 2024 Galeusca topaketak, “Itzulpena eta literatura nazioartekotzea” leloa hartuz.
Egun bateko topaketa izan arren, horrek ekartzen duen intentsitatearekin, lagunarteko ber-elkartze interesgarria suertatu zen, bai aldarrikapenen aldetik, Palmako Adierazpenaren aurkezpenarekin, bai literatura jardunengatik. Interesgarria ere, Galeusca Topaketa jaso zuen Ca n’Alcover gunea eta Mallorcan katalanaren alde eta kulturaren alde egiten duten lana ezagutzea.
Egitaraua
Topaketari hasiera emateko Hiru elkarteen ordezkariek, Cesáreo Sánchez (AELG), Sebastià Portell (AELC) eta Joxemari Carrere (EIE), Palmako Adierazpena eman zuten ezagutzera. Lagunarteko bazkariaren ostean, benetako topaketa izan ohi dena, itzulpengintzaren gaineko mahai ingurua egin zen. María Remónez (Galiza) Lluïsa Soaz (Herrialde Katalanak) eta Garazi Arrula (Euskal Herria) itzultzaileak hizkuntza gutxituetan eta eremu urrikoetan itzulpena duen garrantziaz aritu ziren. Gogoeta arrunt interesgarriak eskaini zizkiguten; esaterako, gureak bezalako hizkuntz gutxituek hizkuntz hegemonikoekiko dugun dependentzia itzulpenak direla eta. Beharbada, hizkuntz ez hegemonikoen literaturen arteko itzulpenak ekar dezakeen ezagutza bidea egin beharreko gogoeta dugu.
Mahai inguruaren ostean, eta Galeusca 2024 topaketari amaiera emateko, “Joan-Etorriko” poesia errezitaldia izan zen. Sebastià Alzamora (Herrialde Katalanak), Marga do Val (Galiza) eta Castillo Suarez (Euskal Herria) olerkariak izan ziren hiru nazioetako literaturen lagin ederrak eskaini zituztenak. Alde musikala Clara Fol kantari-olerkari mallorkiarrak jarri zuen, hiru hizkuntzetako kantekin dar-dar emozionalak sortuz.
Etorkizunari begira
Hasieran aipatu bezala, nostalgiatik baino etorkizunari begira jarri da Galeuscaren berpizte hau eta erronka handiak ditu aurretik. Alde batetik hiru hizkuntzetako idazleen arteko ezagutza bultzatzea. Bestetik, idazleen eskubide profesionalen eta ofizioaren arazoei eta gora beherei aurre egitea, idazle lana ezagutarazteaz gain. Hirugarrenik, gure literaturak gure herrialdetan eta gure mugetatik kanpo ezagutaraztea. Azkenik, gure hizkuntzak eta kulturak defendatzea jasaten ari diren erasoen aurrean. Ez dira erronka makalak berrindartzen ari den Galeusca Federazioarentzat.
Datorren urteko topaketan izango dugu zer egin, zer esan eta, jakina, zer idatzi. Martxan da Galeusca 2025.