Artikulua :: ITXARO BORDA 2023/12/18

OSTATUETAKO HITZAK

Gure herri txikiak, dagoeneko, egiazko desertuak dira. Hamar kilometroko lasterraldi luze batean, bidez bide, ingurua egiten diozunean, ez duzu jada nehor gurutzatzen. Autoen ibilera errazteko pilota plaza erauzi zutenetik, plazak ere ez du batere potretik. Hori bai, leihoren batetik ihesi dabilen neguko su usainak gatibatzen zaitu eta Irulegiko irratiko igandeetako mezaren herotsak entzuten dituzu, predikuak, kantak, marmarak eta Angelusa. Sentimendu berezia da, xendra eta errepide horiek oro haurtzaroan, beltzez eta urdin ilunez jantzi jende elekariz mukuru ezagutu baldin badituzu. Badakizu orduan, mundua isildu dela, hustu dela, lehia ekonomizista horretako galtzaileak beren sukalde zokoetan entzerratzen direla.

Ostatuak, elizarekin eta eskolekin batera, herri txikietako bizitzaren oinarrian zeuden. Emazteek eta haurrek, haatik, ez zuten ostatu tepuetan sartzeko eskubiderik. Mezatik ateratzean, familiako hilerrian otoitz bat egin eta kridaren iragarkiak hauteman ondoren, espektakulu bat zen, gizonak, lerro bakar, ostatura nola zuzentzen ziren begiz jarraitzea. Xopinak zituzten ahora, hango mahai gurintsuetan, etxeko anderea zerbitzari, eta ardo botilak hustu arte, ez ziren aterpe gozo eta mikatz haietatik kantitzen. Zenbat denbora ez genuen pasatzen, orduan, aitaren aiduru, libera baten trukean erosi karameluak martzilikatzen! Ostatu horiek ere itxi ziren, bata bestearen ildotik, desertu irudipena sakonduz.

Ostatuetako giroak literatura ekartzen ditugu justu desagertu direnean, eta ez bakarrik nekezari guneetan. Iragan urtean, Susa argitaletxeak Nerea Ibarzabalen “Bar Gloria” plazaratu zuen eta herenegun irentsi dugu Ken Loachek bildu “The old oak” tabernan kokatzen den filma erraldoia. Bi adibide baizik ez emateko. Arren, bat gehiago: nerauk ere, aipa badezaket, Maiatz aldizkarian duela zenbait urte, queer kutsuko “Atlantic bar” izeneko ipuin luzea publikatu nuen. Oro har ostatuak, antzokiak bezalakoak dira sortzaileontzat: espazio murritz eta mugatu horietan bizitza osoa garatzea baimentzen dute, tragedia eta komedia uztartuz, nor nahi sartzen da bertan, batzuk lore ontzien antzera altzari bilakatzeraino. Musika elkorrenez troxatu ostatua hasperen-zentro bat da, garagardoa burrustan isurtzen dela, gizakiaren alderik zakarrenak agertzen direla, maitasun istorioak ere bakarretan hor sortzen direnean... duda izpirik gabe, irakurle bakoitzaren eskarmentuak aberastuko lukeen erranaldi hau ad libitum luza nezake.

Laborantza eskualdeak biluziak baldin badira, sasi eta industrial disease delakoak kolpatu hiriak ere kasu berean dira. Ken Loachek The old oak ostatua preseski horrelako toki batean errotzen du. 1984-1985 urteetan Thatcherren neurri ekonomikoen kontra greban egon ziren Ingalaterra eki-iparraldeko meatzari hirixka anemiko batean: haurrei jatera eman edo elektrikaren faktura ordaindu hautu latza ezin trenkatuz dabilen jendarte horretara siriar errefuxiatu talde bat ekartzen dute eta arazoak berehala hasten dira. Xenofobia uhinen gibelean, laguntza sareak kausitzen dira, eta ostatuko jabea, TJ Ballantyne plazidoa, horietatik bateko kidea da. Gorrotoaren sutondoa zen taberna, elkartasunaren bihotza bihurtzen da. Hondarrean, ingeles gabetuak eta siriar exiliatuak juntatzen dira humanitatearen ideia partekatu baten inguruan. Ez ditu siriar -edo emigrante- jatorriko hiritarrak pobretu ingeles gosaio horiek, eta pobretzea, agian, neoliberalismo bortitzari egotzi behar zaiola liteke zine-gela uztean, buruan atxikitzen den ondorioa.

Ostatuak irudikatzerakoan, “kontzientzia onaren” bidea jorratzearen tentazioa baztertu behar dute idazleek eta zinegileek. Memoria bat osatzen dute, sare bat, eta hitz itsusi bat aska dezadala, elkartasun bat osatzen dute. Egia da, The old oak tabernatik zinematografikoki jalgitzen garenean eta Aturriz bestaldean, gauaren ertzean zutik dagoen Baiona miresten dugunean, elkartasuna hitzak berak emozio zerbait hazten digula onartu beharrean kausitzen garela.

Literaturaren eta zinemaren indarra.

 

ITXARO BORDA