Orri-markatzailea 1: izatearen garrantzia
Ricardo Pigliari galdetu zioten ea zer zen erakargarriagoa berarentzat: bizitza ala literatura. “Literatura, duda barik”, erantzun zuen. “Eta, orduan, bizitzak zertarako balio du?” galdetu zioten bueltan. “Bizitzak literaturarako inspirazio moduan balio du”, erantzun zuen.
Literatur zutabe honetarako inspirazio bezala, bizitzan, opari bat heldu zitzaidan orain dela zenbait aste barru: Leire Laskarai lagunak oparitu zidan Maddi Sarasuaren Biharraren hegietan. Poema liburu eder eta bizia, ausart eta gorria. Eta baina nik detaile txiki bat ekarri nahi dut argitara: idazleak berak eskuz sortutako orri-markatzaile bat dakar liburuak. “Ale guztietan sartu du berak eskuz egindako orri-markatzaile bana?” galdetu nion Leireri. “Bai”, erantzun zidan.
Kultura produzitu eta kontsumitu egiten den sasoi fordista honetan, errebeldia eta maitasun keinu zoragarri bat iruditzen zait Maddi Sarasuak egindakoa. Eta nahitaez narama orri-markatzaileekiko dudan setara.
Izan ere, irakurtzea maite baduzu (eta uste dut zutabe hau irakurtzen ari bazara zu zeu horietako bat izango zarela) sobera ezagutuko duzu orri-markatzailea, irakurtzen ari zaren liburuan zehar zehazki non zoazen markatzen duen gailu bitxi hori.
Edozein irakurleren bidelagunak dira. Ez zaie, normalean, garrantzia berezirik onartzen. Nahiko lunpen dira literatur ekosisteman. Ez dute nobelik jasotzen. Ez dute eskulturarik inolako liburutegitan. Inor ez da euretaz akordatzen.
Orri-markatzailea gailu garrantzitsua da irakurtzearen ekintzan. Liburua non zabaldu esango dizu. Liburua hor erdibitu, irakurtzen hasi eta ganibeta zure alboan utziko duzu. Irakurtzen jarraituko duzu, zure ondoan inor ez balego bezala. Baina zure ondoan, irakurri bitartean, norbait egongo da: orri-markatzailea.
Lerroz lerro egingo duzu aurrera. Hunkituko zara. Haserretuko zara. Eta orri-markatzailea zure ondoan izango da. Batzuetan, nahi gabe, eskuekin ebatuko duzu. Inoiz, kontuz, ahora eramango duzu. Jausi egingo zaizu, eta ohe ondoko kuxinetan galdu. Begiratzen ez diozularik ere, ai amatxo, badaiteke izan zure ondoan hegan hastea, zer demontre irakurtzen ari ote zaren jakin nahian.
Irakurtzen duzun denbora bereganatuko du. Giroa arnastu. Zure animoa bereganatu. Liburuaren koloreekin mimetizatuko da. Tonua hartuko dio liburuari. Susmagarriki hasiko da nobelarekin errimatzen. Bat-batean orriarteko emariarekin hasiko da dantzan. Zure burukoa ezagutuko du. Zure izara. Zure arnasaren kadentzia. Zure azalaren ph-a jakingo du. Zure ordutegia aurreikusi. Eta espero gabean, tupust: liburuaren parte egingo da. Liburuaren luzapen fisiko bat bilakatuko da. Bere buztana. Bere itzala. Bere ilargia.
Hortik aurrera ezingo duzu liburu hori bere orri-markatzaile barik irakurri. Lerroartean esaten dena bere bidez jasotzen ikasiko duzu. Beragandik larregi urruntzen bazara hankamotz sentituko zara, ala begimotz. Eta liburuarekiko fideltasuna galtzen ari zarela sentituko duzu. “Non dago orri-markatzailea? Zer gertatzen ari da? Zer ari naiz egiten nire bizitzarekin?”.
Eta hortik aurrera irauli ezinezkoa izango da oreka hori. Albokalte ezdeus bat zen gailu kokolo horrek irakurketaren ekintzaren erdigunea bereganatuko du. Bera hasiko da agintzen, haginik ez badu ere. Liburutik gero eta gehiago aterako du burua. Irakurtzen ari zarelarik biderkatu egingo du bere presentzia. “Hemen nago!” esango dizu, irakurri ahala, eta jadanik ia ezingo duzu lerro horiek esaten dizutenari jaramonik egin. Liburua gero eta txikiagoa egingo zaizu, orri-markatzailea gero eta handiagoa. Eta hortik aurrera orri-markatzaileak eramango du eskutik liburua, nola zoriak zaramatzan zu bizitzan zehar.
Egunen batean bukatuko duzu liburu hori, eta orri-markatzailea bere azken orrialdean utziko duzu. Edo lehenengoan. Zer ardura du. Baina kontua da jada ezingo dituzula bi gailu horiek elkarrengandik banatu. Bat izango dira, joan etorriko jin jan moduko bat. Eta inoiz liburua inori utziko badiozu, orri-markatzaile eta guzti utziko diozu. Eta zera esango diozu: “irakurri ezazu liburu hau orri-markatzaile honekin, bestela ez duzu ezer ulertuko-eta”.