Artikulua :: Pako Sudupe 2024/05/21

Oroimenaren azterketa zientifikoaren sorrera

Orain arte, funtsean, filosofoek oroimenaren azterketari egindako ekarpenak jaso ditugu. Egoera errotik aldatu batez ere 1881etik 1890era bitartean egin zen. Hamarkada hura mediku frantses Theodule Ribot-en (1839-1916) Les maladies de la memoire-rekin (oroimenaren gaitzak) hasi zen. Lan horretan lehenbiziko aldiz aurkitzen dugu giza amnesia-kasuen konpilazio globala eta oroimenaren antolamenduari buruzko printzipio orokorrak garatzeko lehen ahalegina, oroimenean alterazioak dituzten pazienteen analisitik abiatuta. Azterlan horren emaitza nagusia izan zen ezen oroimenaren galera denborazko gradiente baten ondorio dela, non oraintsuko oroimenak hauskorragoak diren eta oroitzapen zaharrenak baino errazago gal daitezkeen. Adineko batek arazoak izan ditzake zer gosaldu duen gogoratzeko, baina baliteke zailtasunik ez izatea bere gaztaroko urteak edo ezkontza-eguna gogoratzeko. Gradiente horri Riboten Legea esaten zaio gaur egun.

Baina benetako iraultza Hermann Ebbinghaus (1850-1909) aleman filosofoak ekarri zuen Über das Gedächtnis: Untersuchungen zur experimentellen Psychologie (“Oroimenaren gainean: psikologia esperimentalari ekarpena”) monografia argitaratzean. Abiapuntu gisa hartu zuen errazago ikasten direla guretzat esanahia duten gauzak, atentzioa ematen ez digutenak baino. Faktore subjektibo horren eraginak saihesteko, ehunka ordu eman zituen esanahi eta osagai emozionalik gabeko soinuen zerrenda luzeak egiten, eta, azkenean, bokal batek bereizitako bi kontsonantez osatutako bi mila eta hirurehun ahotsen zerrenda bat bildu zuen, haiei zentzurik gabeko silabak deiturik – adibidez, baf, jum, gek, rit, kot, bem, lik, vom, tar--. Esperimentuak iraun zuen urteetan, ikertzailea eta era berean ikertua zen bitartean, zentzurik gabeko silaben ia berrehun zerrenda ikasten saiatu zen.

Haren konklusioak bere garaian berritzaileak izan ziren, eta gaur egun oinarrizkotzat jotzen dira. Lehenik eta behin, oroimena mailaz maila eratzen da; bigarrenik, iraupen laburreko eta luzeko oroimenaren arteko bereizketa aurreratu zuen; hirugarrenik, ahalegin gutxiago eskatzen zuen ahaztua zuen zerrenda bat berriro ikasteak guztiz berria zenak baino -- Aurrezpen izenez ezagutzen den fenomenoa--, eta, azkenik, silaben ahaztea bi fasetan zetzala: bata, silaba horiek aztertu eta lehen orduan oso azkarra, eta bigarrena mantsoa, asteen joanean gertatzen zena, Ribotek paziente amnesikoetan deskribatutakoaren antzekoa.

Ebbinghausen aurkikuntzen inplikazioak William James-ek (1842-1910) aztertu zituen 1890ean Principles of Psychology (Psikologiaren printzipioak) argitara emanik. Kaliforniako Unibertsitatean neurozientzia kognitiboko irakasle izandako Joaquin M. Fuster-entzat liburu horretan garrantzitsuena, arretari, emozioari, asoziazionismoari eta aukera askeari buruzko pasarteak dira. Bestalde, Ebbinghausen aurkikuntza batzuei heldu zien berriro, eta bi oroimen mota formalizatu zituen: lehen mailako oroimena eta bigarren mailako oroimena, orain iraupen laburreko eta luzeko oroimen gisa ezagutzen ditugunaren baliokideak.

Urrezko hamarkadaren amaiera oroimenaren azterketa zientifikoaren hasiera izan zen. Ordutik aurrera, eremu hau garatzeko hain deserosoak izan ziren kortse intelektualak asko lasaitu ziren eta memoria prozesuei buruz pentsatzeko modu berritzaile baten loraldia ahalbidetu zuten.

Halaber, hamarkada hartantxe hasi zen Bartzelonako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko Histologia Departamentuan, Petilla Aragoin jaiotako Santiago Ramon Cajal neuronaren teoria lantzen (1887-1992). Cajalek baiesten zuen nerbio sistema sare bat zela, eta elkarren ondoan zeuden nerbio-zelulez egina zegoela. Fisiologiaren gakoa, neuronen arteko kontaktuak izan behar zutela proposatu zuen. Foster eta Sherrington fisiologo ingelesek "sinapsia" izena jarri zieten kontaktu horiei. 1906an eman zioten Medikuntzako Nobel Saria, Camillo Golgirekin partekatua, egindako ikerketa neuronalengatik. Hurrengo artikuluan, oroimen indibidualari buruzko nozioak azalduko ditugu.

 

Pako Sudupe