Artikulua :: Pako Sudupe 2024/11/05

Oroimenaren akatsak: sugestionagarritasuna (II)

Ondorio larriak dituzten akatsak eratorri ohi dira pertsonen sugestionagarritasunagatik. Pertsona sugestionagarriak dira besteren iturrietatik datorren informazio okerra oroimenean gordetzeko joera dutenak. Izan daitezke terapeutak, liburu-egileak edo komunikabideetako pertsonaia karismatikoak. Askotan, oroitzapen faltsu horiek pertsona horien oroimenean txertatzen dira, oroitzapenak gogora ekartzen eta osatzen saiatzen diren bitartean, bereziki egoera estresagarrietan edo oso hunkigarrietan. Txertatutako oroitzapen horiek izan daitezke xede jakin batera bideraturiko itaunketen emaitza, edo galdera iradokitzaile edota autoritatea duten pertsona pertsuasiboek egindako iruzkinenak (poliziak, kasu), zeinek sugestionagarri denaren konfiantza bereganatzen duten, eta pertsonaren gaineko mendekotasun mentala lortzen duten.

Adibide historiko bat sorginen gaineko sineskeriak eta haluzinazioak dira. Europan ez ezik, gurean ere, batez ere Lapurdin eta Baztan-Bortzirietan, XVII. mendeko lehen hamarkadan gertatu ziren sorgin eta aztien aurkako prozesuetan 12 urtetik beherako umeen sugestionagarritasunak zerikusi handia izan zuen, askotariko interesekin batera. Esaterako, Inkisizio espainoleko komisario izan nahi zuen Berako erretoreak pulpitutik sorginen gaineko kontu estereotipatuak aipatzen zituen, eta umeek amesgaiztoak izaten zituzten eta histeria kolektiboa hedatzen zen. Sorginez mintzatzeari uztean desagertu ziren sorginak ere.

Adibide modernoagoak oroimenaren zazpi bekatu nagusien idazle Daniel Schacterrek kontatzen ditu. 2000. urteko maiatzaren 31n, New York Times egunkariak azalean deskribatzen zuen Koreako gerrako beterano Edward Dalyren kasu txundigarria. Hark xehetasunekin –nahiz irudimenezkoak-- gerrako balentriak asmatu zituen, eta haietako batean hilkintza izu-laborrizko bat kontatu zuen, berak parte hartu zuela baieztatuz, nahiz eta ez zuen parte hartu. Kontakizuna bilbatzen eta moldatzen ari zen bitartean, sarraski hartan parte hartu zuten beteranoekin mintzatzen zen, eta “gogorarazten” zizkien berak egindako balentria heroikoak. Dalyren iradokizunak gainerakoen oroipenetan txertatu ziren, eta haietako batek esan zuen: badakit Daly han egon zela. Ez dut dudarik. Eta gezurra zen!

Harvardeko irakasle Hugo Munsterberg izan zen lehen psikologoa era horretako aitortza faltsuen berri eman zuena On the Witness Stand (Lekukoen aulkian) liburuan (1980). Adierazi zuenez, estres emozionalak, sugestioarekin eta presio sozialarekin konbinatuta, oroimena desitxuratu dezake, norbaitek delitua egin duela oker sinesteraino.

Mendebaldeko gizarte modernoetan, badira beren errua dela konbentzituta, aitorpen faltsuak egin dituztenak. 1970eko hamarkadan argitaratutako britainiar kasu batean, Peter Reilly etxera iritsi zen eta eraildako amaren gorpua aurkitu zuen. Berehala jakinarazi zion poliziari, eta hark susmagarri gisa identifikatu eta poligrafo test bat egin zion, Reillyk gainditu ez zuena. Hasieran hiltzailea zela ukatu bazuen ere, pixkanaka krimena egin zuela konbentzitu eta aitorpen idatzi bat sinatu zuen. Bi urteren buruan, errugabetu egin zuten froga berriak aurkeztean; izan ere, froga horien arabera, ezin izan zuen ama hil.

Polizien itaunketa larderiazkoa sarri askotan inplikatua dago aitortza faltsuetan. Duela urte batzuk Londreseko poliziak hamazazpi urteko gazte bati itaunketa egin zion, hilketa biolento baten ikerketaren zati gisa. Bada, mutil gaztea hasi zen biktimaren aurpegiaren “bisioak” ikusten eta bere buruari galdetzen krimena berak egin ote zuen. Bere borondatez polizia-etxera agertu eta hasieran esan zuen hiltzailea bera izan zitekeela, baina ez zekiela hil zuen ala ez, baina irudia agertzen zitzaiola etengabe. Hurrengo hogeita lau orduetan konbentzitu zen berak izan behar zuela irudia hainbestetan agertzen zitzaionez gero, eta azkenean deklaratu zuen seguru zegoela bera izan zela. Bada, beraren aitortza idatzian oin harturik, kartzelatu egin zuten eta hogeita bost urteko zigorra bete zuen, datu berriek sententziaren errebokazioa ekarri zuten arte.

Pako Sudupe