Artikulua :: Pako Sudupe 2024/10/08

Oroimenaren akatsak: iragankortasuna eta blokeoa (I)

Honen aurrekoan aipatu bezala, oroimenaren zazpi bekatu nagusiak deskribatu zituen Harvardeko Unibertsitateko psikologo Daniel Schacterrek. Errazena ulertzeko eta zuzentzeko zailena oroimenaren iragankortasun edo iheskortasunarena da. Denbora igaro ahala, ahanztura ezin saihestuzkoa da, baina ahazte hori azkarragoa izango da oroipena ondo grabatu ezean, hots, kontzientziarik ezagatik, deskuidu edo distrakzioengatik, ondo prozesatu ez bada oroimenean gorde beharrekoa.

Bada nahasmendu bat arreta-defizit eta hiperaktibitateagatik gertatzen dena (ADHN ingelesez). Herentziazko osagai garrantzitsua du, eta lehen zazpi edo zortzi urteetan nabarmendu ohi da. Sintoma nagusiak dira erraz distraitzea eta energia fisikoaren kontrol falta, hots, inpultsibotasuna eta hiperaktibitatea. Sintoma horiek intentsoak eta iraunkorrak dira, eta gizarte-ingurunera egokitzeari, bizikidetzari, ikaskuntzari eta eskola-errendimenduari eragiten diete. Kalkuluen arabera, Europan eta Estatu Batuetan zazpi eta hamahiru urte bitarteko adingabeen % 3tik % 5era daude gaitz horren eraginpean, eta ez da oso arraroa helduaroan ere irautea.

Bestalde, jarduera bakar batean aritzen bagara, eta gure interes guztia jarduera horretara bideratzen badugu, zaila izango zaigu espero ez dugun informazioa edo beste iturri batetik iristen zaiguna biltzea. Ildo horretatik, Harvardeko Unibertsitatean esperimentu bitxi bat egin zuten. Ehun boluntario bildu zituzten; erakutsi zieten saskibaloi partida baten bideoa eta galdegin zieten talde batekoek elkarren artean zenbat pase eman zituzten kontatzeko. Partidaren une batean, kapeladun emakume bat igaro zen kantxa erditik eta bost segundotan agerian egon zen. Galdetuta ea ikusi zuten emakume kapeladuna; erdiek baino gutxiagok esan zuten ikusi zutela. Aldiz, besterik gabe, bideoa ikusteko esan zieten beste boluntario batzuei, eta denak ohartu ziren emakumearen presentziaz.

Iragankortasunaren akatsetik blokeoa deritzanera etorriz, eguna hasten dugunean gehienok uste izaten dugu egunean zehar ongi moldatzeko behar duguna gogoratuko dugula. Alabaina, blokeoak edo gauzak gogoratzeko ezgaitasun iragankorrak aski ugariak izan ohi dira. Esaterako, izenak ahazten ditugu, pertsona-izenak gehiago arruntak baino, eta horregatik maiz egoera deserosoak sortzen zaizkigu. Eta horiek adinarekin ugaritu egiten dira. Sarri askotan oroimen prospektiboari erasaten diote, hots, etorkizunean egiteko ditugun gauzei.

Batzuetan, ematen du blokeoen xedea pentsamendu ezin onartuzkoei bidea ixtea dela. Gure oroimenak gaitzetsi eta bahitu egiten ditu onartezintzat jotzen dituen bulkadak eta gertaerak, eta saihestu egiten du horiek gogora ekartzea. Behialako zentsoreek –Espainian, 1983ra arte funtzionatu zuen zentsurak--, jendearentzako albisteak eta argitalpenak berrikusten zituzten bezala eta haiei desegokiak iritziz gero, debekatu egiten zituzten bezala, oroimenak ere bere kabuz gauzak ezaba ditzake.

Inoiz ezabatze horren jatorria borondatezko erabaki bat izan daiteke: "Honetaz ahalik eta lasterren ahaztu behar dut"; beste batzuetan berriz, oroimenak mekanikoki penagarriak edo onartezinak diren egitateak konfiskatzen eta aldentzen ditu, eta ez gara jabetzen iristeko zaila den gogameneko leku batera baztertuak izan direla.

Ildo beretik jarraiturik, blokeatzearen eta erreprimitzearen arteko bereizketak polemika bizia sortu du psikiatriaren eta psikologiaren munduan. Luis Rojasen iritziz, blokeoak oroitzapenaren akatsen ondorioz gertatzen dira, informazioa prozesatzen duten zirkuitu neuronalen funtzionamenduan nahasmendu iragankor txikiak daudelako. Aitzitik, inkontzientearen errepresioa gogamenak oso nekagarriak edo jasanezinak egiten zaizkigun esperientziak edo gertaerak kontzientziatik kentzeko egiten duen saiakerak eragiten du. Hala ere, praktikan gure kontzientziatik mugarik gabe zerbait desagertzen bada, ez dugu modurik jakiteko horren arrazoia blokeoa den, erreprimitua izan den edota oroimenak ezabatu duen. Honen hurrengoan, sugestionagarritasunaz!

Pako Sudupe