Artikulua :: Pako Sudupe 2024/12/05

Oroimenaren akatsak: begizko lekukoetan eragina (eta III)

Gatozen polizia-etxeetako itaunketetako begizko lekukoetan gertatzen den sugestionagarritasun eta eraginera. Sugestio mota hau askoz ulergarriagoa egiten zaigu, eta aldi berean kezkagarria.  Begizko lekukoei egindako galdeketen irismenari buruzko datu gutxi dauden arren, benetako elkarrizketetan oinarritutako ikerketa britainiar batek aditzera ematen du ezen poliziak lekukoei egindako sei galderetatik bat, gutxi gorabehera, iradokitzailea dela neurri batean. Azter dezagun Estatu Batuetako Missouriko kasu baten laburpen hau:

Krimen baten begizko lekukoa taldeko identifikazio-saioan:

-. O, ene Jainkoa... ez dakit... bi hauetako bat da... baina ez dakit... ez dakit... bi zenbakia duena baino pixka bat altuagoa den tipoa... Bi horietako bat da, baina ez dakit.

Hogeita hamar minutu geroago: oraindik identifikazio-saioan eta erabaki bat hartzeko zailtasunekin: Ez dakit... bigarrena?

Identifikazio-saioaren polizia-arduraduna: Oso ondo.

Defentsa-abokatua, hilabete batzuk geroago, epaiketan: ziur zaude bigarrena zela? Ez zenuen zalantzarik izan?

Begizko lekukoa: Ez nuen zalantzarik izan... Erabat ziur nengoen.

          Lekukoak hogeita hamar minutu inguru eman zituen lau pertsonari begiratzen taldeko identifikazio-saio batean. Emakumeak zalantza handiak azaldu zituen erabakitzen zuen bitartean, baina geroago, epaiketan, ukatu egin zuen zalantza izpirik ere izan zuela. Zer neurritan sugestionatuko zuen poliziaren “oso ongi” hark epaiketan erakutsi zuen konfiantza izateko, aitorpenean agertutako zalantzak uxaturik?

          Deklarazioaren ondorioak garrantzitsuak dira, noski: begizko lekuko baten segurtasun-maila da epaimahai batek susmagarria zuzen identifikatu duela uste izateko arrazoi nagusia. Bere buruaz oso ziur dagoen lekuko bat aurrean dutenean, epaimahaikideek gehiago erreparatzen diote pertsona horren sinesgarritasunari gertakaria ikusi zuenean zeuden jatorrizko baldintzei baino, eta baliteke baldintza haiek zaildu izana lekukoaren pertzepzio edo identifikazio egokia. Nahiz eta epaimahaikideek gehiago sinesten duten beren buruaz ziur dauden testiguengan zalantzati daudenengan baino, begizko lekukoaren konfiantzak, kasurik onenean, lotura ahula du zehaztasunarekin: sarritan, beren buruaz oso ziur daudenak ez dira konfiantza gutxiago erakusten dutenak baino egokiagoak. Eta are okerragoa dena, testiguek beren buruarengan duten segurtasuna areagotu egin daiteke beste batek susmagarri bera identifikatu duela jakiten badute.

          Ildo honetan, oroimen faltsuaz den bezainbatean autoritate bat da Kaliforniako Unibertsitatean lan egindako Elizabeth Loftus andrea (1944). Abokatu gisa, krimen lazgarriak egiteaz akusaturiko asko defendatu izan ditu, eta bere eskarmentua kontuan, honela dio:

Akusatu baten aurka aurkez daitezkeen froga guztien artean, testigu baten identifikazioa da ezin gezurtatuzkoena. Lekuko batek akusatu bat hatzarekin seinalatu eta “Ikusi nuen egiten” esaten duenean, kasua “burdinaz forjatuta, errematxatuta eta hermetikoki itxita” geratzen da, fiskal batek esan zuen bezala. Nola ez fidatu egia esaten duela konbentzituta dagoen krimen baten lekukoaren zinpeko deklarazioaz? Azken finean, zergatik esan behar zuen gezurra? Azkenean gako-hitza atera da: “gezurra esan”, hitz horrek despistatzen gaitu. Akusatu errugabe bat hatzaz seinalatzen duen lekukoa ez da gezurtia: benetan sinesten du deklaratzen duen horretan. Aurrean ikusten duen aurpegia erasotzailearena da. Errugabetasunaren aurpegia erruarena bihurtu da. Hori da beldurgarria: gure oroitzapenak erremediorik gabe alda eta alda daitezkeelako ideia benetan beldurgarria, eta badakigula iruditzen zaiguna, bihotz-bihotzez uste duguna, ez dela nahitaez, egia.

          Denok dakigu gutako nornahi izan daitekeela egunen batean zinpeko mahaikide, eta  hala izatera: kontuz, testiguen deklarazio ustez oso ziurrekin!

Pako Sudupe