Sormen lana :: Izaskun Gracia Quintana 2023/06/26

OPORRETAN ITXIA

 

Ia konturatu gabe, urte erdia igaro da eta udan sartuta gaude burutik oinetaraino. Eta beroarekin eta eguzkiarekin batera, urteko egunik gustukoenak datoz: oporrak. Egun batzuk (beti nahiko genukeen baino gutxiago direnak, zoritxarrez) lan egin gabe, estresik gabe, eguraldi ona eta aisialdia gozatzean bakarrik arreta jartzeko. Edo hori da oro har buruan daukaguna, behintzat. Eta kontu hori hausnartzean (ni ere, testu hau argitaratu eta bost egunera, oporretan egongo naiz, eta orain dela zenbait astetik ezin dut bidai hori burutik kendu), nire bizitzan oporrak nola aldatu diren ohartu naiz.

Txikia nintzenean, herrira (hau da, ama jaio zen herrira, Nafarroara) joaten ginen beti. Asteburu gehienak, zubiak, Aste Santua, Gabonak, udak… Eskolara joan behar ez genuen ia egun guztiak herrian ematen genituen, eta izugarrizko maitasunez gogoratzen ditut egun horiek, hainbat arrazoirengatik. Askatasuna, egun osoan basoan, baratzetan, igerilekuan jolastea, kezkarik eza, munduaren itxurazko lañotasuna… hori da garai hartako oroitzapenen mamia. Idealizazio apur bat ere badago hortik, onartzen dut. Baina egun ederrak ziren, hala ere, eta ume basatua izan ahal izateko aukera izateagatik esker oneko nago.

Gero, opor-egunak familiarekin pasatutakoen eta lagunekin edo bikotekidearekin igarotakoen artean banatzen hasi nintzen. Herrian ez nengoenean, atzerrira joateko aukerarik txikiena aprobetxatu nuen. Ia beti joaten nintzen Iparraldera, gero eta iparrago zeuden herrialde euritsu eta hotzetara, beroa pairatu ezin dut eta (hogeita bost gradu baino gehiago daudenean, burua eta gorputza kolapsatu egiten dira, eta jota eginda egoten naiz uneoro, eta udako egun eguzkitsu oso batean hondartzan egotea sufrimendu hutsa da niretzat). Baina horretaz gain, kultura, hizkuntza, gastronomia, tradizio desberdinak ezagutzeko irrikan nengoen. Youth Hostel, bizkar-zorro eta abenturako garaia zen. Hogei urte baino gehiago igaro eta gero oraindik ere kontatzen ditugun pasadizo dibertigarri eta maite asko gertatu ziren orduan, beheak eta goiak irentsi behar genituela uste genuenean.

Alemaniara etorri nintzenean, atzerrira egindako bidaiak izugarri murriztu egin ziren. Bidaiatzen jarraitzen nuen, bai, baina leku berriak bisitatzeko opor luzeak bizpahiru eguneko joan-etorriak bihurtu ziren. Dena (tradizioak, ohiturak, eguraldia, hizkuntza, ordutegiak, paisaia, jendearen nortasuna…) desberdina den leku batean bizitzeak eragina izan zuen horretan, noski, baina aldaketa hori gertatzeko arrazoi nagusia familiarekin eta lagunekin egoteko gogoa izan zen ororen gainetik. Izan ere, pisu handia du pertsona maiteengandik urrun igarotzen den egun bakoitzak, horri buruz ezer ez esan arren.

Gauzak horrela, joan-etorri eskas horiek guztiz desagertu ziren pandemiatik. Bi urtetan Alemaniatik irten gabe egon ondoren, maite dudan jendearekin egon nahi nuen libre neukan segundo oro. Eta gaur egun, txandako guda edo gatazka, edo inflazioa edo ez dakit zer dela eta, gero eta bidai gutxiago egin dezakedanez gero, familia eta lagunekin egoteko bidaiatzen naiz bakarrik. Ematen du etxera itzultzen saiatzen naizela, era batean, orain dela hogeitik gora urte kontrakoa egiten nuen bezala. Batek daki.

Ez dut esaten etorkizunean abenturarik izango ez dudanik, ezta jende, gauza edo leku berriak ezagutzeko denbora betiko joan denik ere, baina une honetan hori guztia bost axola zait. Une honetan, «etxean» sentitzen naiz lekuan egon nahi dut nire aisialdian. Agian etxea gure bihotza dagoen tokian daukagulako, askok esaten duten bezala. Baina sentimental jartzen ari naiz, eta honek berehala diren oporrengatik pozik egoteko garaia izan behar du.

Beraz, nik itxi egiten dut momentuz, eta zuek, familia, lagun edo bikotekidearekin zein bakarrik, hemen zein han, ondo pasa oporretan!

Izaskun Gracia Quintana