Artikulua :: Airtza Bergara 2023/03/29

OHITUREN ALDAKETA: OLENTZEROREN ADIBIDEA

Aurreko artikuluaren azken zatian tradizioen aldaketei eta bilakaerari buruz hitz egin genuen. Eta oraingoan gaian sakondu nahiko nuke. Ohitura guztiak, baita tradizionalenak ere, aldatuz eta garaira egokituz doaz. Askotan, hori prozesu naturala besterik ez da, eta ia ez dugu ikusten. Beste batzuetan, aldiz, jarrera kontrajarriak sortzen dira eboluzionatu nahi dutenen eta tradizioari eustearen alde egiten dutenen artean. Baina tradizioa ez da beti existitu, eta horrek agerian uzten du giza eraikuntza bat dela, denbora jakin bati erantzuten diona eta, honek aurrera egiten duen heinean, eskutik helduta doana.

Jarraian, bi kasu zehatz aipatuko ditut: lehena tradizioaren bilakaera naturalaren adibide bat da; bigarrena, aldiz, problematizazioarena.

  • Txalaparta, antzinako txalapartariengandik jasotzen dugun bezala, egur bakar batez osatutako instrumentua da, bi anaien bikotek, gizonezkoek, jotzen dutena. Gaur egun, txalaparta hainbat taulek osatzen dute, elkarren artean ahaidetasunik ez duten pertsonek jotzen dute eta, gainera, emakumea instrumentuan sartu da inolako arazorik sortu gabe. Tradizio baten eboluzio naturaleko kasu bat da.

  • Bigarren adibidea Alardearena da, noski. Kasu honetan, emakumeei parte hartzeko aukera eman beharrean, kantineraren rola jokatu duela “beti” argudiatzen da, eta, beraz, biztanleriaren zati handi bat emakumeek beste rol bat jokatzearen aurka dago. Bilakaera problematizatu egiten da, eta agerian geratzen da.

Hori esanda, sarrera gisa, Olentzerok izan duen bilakaeran zentratu nahi dut artikulua. Ulertzen dudala esaten hasiko naiz, baina, aldi berean, oso kritikoa naiz egiten ari diren aldaketekin. Baina goazen harira. Has gaitezen irudiarekin berarekin, bere presentzia tradizionalarekin edo azkenaldiko hedapenarekin. Noiztik ezagutzen duzu pertsonai mitologiko hau? Euskal Herriko leku batzuetan aspaldi existitzen bazen ere, beste lekuetan orain dela hamarkada gutxi baino ez da ezagutzen. Nola hedatu da Euskal Herria osoan zehar? Azalpen posible bat da, beste esparru batzuetan gertatu zen bezala, Olentzeroren figura zabaltzen joan zela euskal ideologia abertzalea zuten herritarren artean, are gehiago bereizteko penintsulako gainerako lurraldeetatik eta ingurutik. Baina Olentzeroren irudiak antzinako jai paganoetaraino, solstizioen garairaino, eramaten gaituzten elementu jakin batzuk elkartzen dituela ere azal daiteke. Bigarren azalpen honetan mitoaren berreskurapenaren ideia aurkitzen dugu, kristautasuna lur hauetara iritsi baino lehenagokoak. Modu batera edo bestera, egia esan, Olentzero zabaldu egin zen, eta inoiz bere figura ezagutzen ez zen lekuetara iritsi zen, Gabonetako festetan funtsezko rola jokatuz eta beste batzuk –Errege magoak- mugiaraziz. Jendeak naturaltasunez onartu zuen mitoaren "bilakaera" edo hedapen hori.

Lehen urte horietan, Olentzero erre egiten zen, sua funtsezko elementua baita solstiszialen errituetan. Hala ere, hamarkada gutxi batzuk igaro ahala, pertsonaiaren bilakaerak aurrera jarraitzen duela ikusten dugu. Suak gero eta presentzia gutxiago dauka ospakizunetan, eta herri urbanizatuetan, hirietan, suak egiteak arriskuak dakartzanez, agintariak arrisku horiek saihesten saiatzen dira. Sua -birsortzeko, iragana, txarra... ezabatzeko eta urte berrirako argia, beroa eta energia ekartzeko oinarrizko elementua- leku askotan desagertzen da. Azpimarratu beharreko bigarren aldaketa.

Goazen orain irudi fisikoan zentratzera: Olentzero mendietatik herrietara jaisten zen pertsonaia zen. Olentzero zikin agertzen zen, mendian bizi den ikazkin bati dagokion bezala. Gainera, bere botila ardoa zeraman, pipa erretzen zuen, tragoxka zen eta ahal zuen guztia eta gehiago jaten zuen... Non geratu dira alderdi horiek gaur egun? Gaur egun Olentzero ikusten dugunean, baserritar bat ez zaigula agertzen ohartzen gara. Zer dugu orduan? Dotore jantzitako gizona, bizar zuriarekin, karroza ikusgarrietan... Nire ustez, Errege magoak edota Papa Noelen ordezkaritza bat ikusten ari bagina bezala da. Baina euskaldundua, hori bai txapelarekin. Beraz, pertsonaiaren irudi fisikoak ere eboluzionatu egin du eta hala egiten jarraitzen du.

Olentzerok eboluzionatzen jarraituko du, zalantzarik gabe. Ezin dugu bilakaera gelditu, baina, komunitate gisa, bilakaera horretan eragin dezakegu. Eboluzioa pertsonen eta gizarteen garapenerako beharrezkoa eta berezkoa den zerbait da. Baina ez dezagun ahaztu horri buruzko erantzukizun bat dugula, eraikitzen dena gutako bakoitzak pentsatzen duenaren arabera egiten dela, onartu, bultzatu eta transmititu egiten du.

Nire kasuan, aukeratu beharko banu, Leitzan pertsonaia horri buruz duten ikuspegiarekin geratuko nintzateke. Izaki horrek ez du genero jakin bat esleituta, baizik eta, batzuetan, itxura femeninoa hartzen du, eta beste batzuetan maskulinoa. Genero autodeterminazioa hain boladan dagoen garai hauetan, gure ikazkin zaharrak antzina-antzinatik funtzionatzen zuen horrela.

 



 

 

Airtza Bergara