Artikulua :: ARITZA BERGARA 2023/04/26

OHITUREN ALDAKETA: IHAUTERIAK

Bizitzaren atzetik noala iruditzen zait: Gabonak pasatu ziren eta solstizioei buruz hitz egiten nuen nire lehenengo artikuluan; geroxeago neguak aurrera egin zuen eta Olentzerori buruz hitz egin nuen bigarrenean; orain, udaberrian sartu garen honetan ni, berriro ere, artikulu honekin inauterien garaira itzuliko naiz. Hain doa azkar mundua, edo agian ni naiz motel eta bizitzaren atzetik nabilena? Batek daki…

Bai, bai, inauteriak. Edo ihauteri, aratuste, ihoteak, iñoteak… zure zonaldeko hitza erabili ahal duzu, gure herri txiki honetan hainbat modu daudelako gauza bera aipatzeko. Izen batekin edo bestearekin, inauteriak izaera paganoa duten jai herrikoiak dira nahiz eta, askotan, hausterre-egunaren aurreko hiru egunetan ospatu, kristautasunarekin nahastuz. Herriaren arabera, inauteriek esanahi bat edo beste hartzen dute, elementu batean edo bestean arreta jarriz. Baina inauteri guztietan, gaur egun gezurra badirudi ere, solstizioari lotutako aztarnak topa ditzakegu.

Zein elementutan ikusten ahal dugu inauteriek solstizioekin duten lotura? Ba, adibidez honako hauek aipatuko ditut:

  • Leku batzuetan gauza txarrak –edo pertsonaia gaiztoak- erretzen dira, atzean uzteko asmoz, urte-amaierarekin egiten dugun moduan. Laudioko Leziagako sorgina, Oiartzungo suaren inguruko dantza, Kaskanteko miserien fardoa… Suaren presentzia leku askotan topa dezakegu. Eta suak, elementu txarrak atzean utziz, birsortzen laguntzen du.

  • Beste batzuetan, aldiz, egiten diren erritoen helburua ama-lurra esnatzea da, neguko lozorroaren ondoren. Atseden hartu du, indarrak eta energiak kargatu ditu eta berpizteko ordua iritsi da, zintzarrien soinua erabiliz –joaldunen kasuan- edo egurrezko sardeekin lurra kolpatuz –momotxorroen kasuan- . Ez da kasualitatea joaldunak herriko karriketan ibili beharrean, soroen artean egitea. Ez zuten bilatzen jendeak bere urratsez gozatzea, gaur egun gertatzen den moduan, natura esnarazteko moduko burrunba sortzea baizik, udaberriari eta, horrekin batera, bizi-eztanda zikliko berri bati bidea emanez.

Biztanle gutxi dituzten landa-eremuetan, bizirik irautea eta gaur egunera arte iristea lortu duten inauteri bereziak topatzen ahal ditugu, asko ez badira ere. Hori bai, elementu batzuk aldatu egin behar izan dira garai berrietara, bereziki, urtero inbaditzen dituen masifikaziora egokitzeko. Tradizioa eta ospakizunak oreka prekarioan mantentzen dira. Landa inauteri batzuk berreskuratu dira, beste batzuk aldatu dira eta bizirauteko egokitu behar izan dute. Eta, zoritxarrez, beste asko betiko desagertu dira. Bizirik dirautenen artean ezaugarri bat topatuko dugu: denak balio duen unea. Solstizio eta ekinozioetan natur legeak bertan behera geratzen diren bezala, eta beraien ordez beste lege batzuek, magikoek, agintzen duten bezala, gauza bera gertatzen da inauterietan ere: gizarteak dituen arau formalak galtzen dira ospakizun egun hauetan. Hauxe esanda, egiten ziren-diren errito guztiak ez zirela perfektuak ere esan behar da; legerik ez zegoenez, lapurretak, arpilaketak eta sexu gehiegikeriak ere burutzen ziren une horietan.

Jatorri paganoko jai horiek, bai ziklo bat amaitzeko eta hurrengoari hasiera emateko, bai ama-lurra esnatzeko, hiriguneetara zabaldu ziren eta han ospatzen jarraitu zuten, indar handiz. Landa-eremuan, ama lurrarekin lotzen dituen espiritu naturalista horrek aurrera jarraitzen badu ere, hirietan jaiek bilakaera izan dute. Izan ere, ospatzen diren uneetan botereari, gizartearen funtsezko egiturei -eliza, politikoak...- kritika egiteko aukera dago. Aberatsa pobrea izatera "jolas" daiteke, emakume eta gizon ezkonduak, maskaren azpian ezkutaturik, egunerokoan inoiz hurbilduko ez litzaizkiekeen pertsonak liluratzen saia daitezke. Hori horrela da antzinatik. Imajina ezazu, orain dela bi mila urte baino gehiago, erromatarrak horrela hasi ziren ospatzen jai hauek, landa-eremutik elementu batzuk hartuz eta hirira eramanda. Haien ospakizunek bizitzaren zikloarekin zuten lotura hautsi zuten, dibertsiorako eta arauak hausteko gune bihurtuz. Eta ausartuko nintzateke esatera "mozal legeak" gaur egun uzten digun baino askatasun handiagoz egiten zutela.

Nire proposamena landa-eremuetan lan egitea da, naturarekin, ama lurrarekin eta uraren bizi-zikloekin – Ur – lotura mantentzeko. Goza ditzagun ospakizunak, errituari zentzua ematen dioten funtsezko elementuak aldatu gabe. Eta hiriko inauterietan kritika sozialerako hutsunea aprobetxatuz, barre egiteko edota gaur horrelakoak diren baina bihar aldatuko diren arauak hausteko aukera izango dugu. Izan ere, gainerako pertsonak errespetatuz, dena baimenduta dago, eta komunitate-kontrolik gabeko une horiek beharrezkoak dira gizarte ororentzat.

ARITZA BERGARA