NOTA SOLTEAK UDARA HASIERAN
eta arrastaka ibiltzen gaitun
larrua nola urratu,
bidea nola erratu.
TERE IRASTORTZA
BADAUDE beraien hitzen arrabotsa baino aditzeko gai ez direnak.
Entzuten ez dakien horrek bizitzari (zuri, bere buruari) azalkeria batetik begiratuko dio beti.
*
PERIFERIA da nire aberri bakarra.
*
USAINA marra gorri (horietako) bat da.
*
HAUTATZEN dugun horrek ere, mugatzen gaitu.
*
ZEINEN onuragarria den tristezia eta desilusioarekin konektatzea, zorion uneak bere osotasunean gozatzeko, dirdirazko instant horiek egiazki balioesteko.
*
BIZITZA honetan zenbait gauza sinesteko gai ez bagara, hauek ez dira inoiz ere gertatuko.
*
HASI behar naiz jendari gauza gutxiago gomendatzen, jendeak ere eskubide osoa duelako emozio bera ez sentitzeko.
*
ARBUIATZEN dugun horrekin izan ohi dugu fijazioa.
*
ERRATEN edo egiten ditugun horiek baino erraten eta egiten ez ditugun guzti horiek definitzen ez ote gaituztelakoan nago.
*
OROITZAPENEK, zenbaitetan, atzendu eta zokoratu genituen zeinbait liburu, disko eta arropen antza dute. Argiak baino ilunak hobekiago erretratatu gaitzakete. Zoko usainak.
*
URTEAK dira ez dudala liburu bat haritz baten azpian irakurri. Urteak, ez nituela hankak haritzaren enborrean jarri. Hostoen arteko argiak irakurketa bat kulunkatzen ez zidala.
*
POESIA liburu bat argitaratu zenuela jakin nuen, baina niri poesia kosta egiten zait, edo poesia liburu bat argitaratu zenuela jakin nuen, baina nik poesiarekin ezin dut, edo, poesia liburu bat argitaratu zenuela jakin nuen, baina niri poesia zaila egiten zait, edo… horrela orri oso hau betetzeraino jarraitu dezaket.
*
HURRENGO batean norbaitek nire liburu bat non eros dezakeen galdegiten didanean, burdindegira bidaliko dut.
*
LANTZEN nabilen eleberrirako ohar-notak: deskrizpioak areagotu, usainak adierazi, denbora saltoetan koherentzia mantendu.
*
BATZUETAN lagun on batekin izandako solasaldi batek guztia argitu diezazuke. Batzuetan, hitzekin zenbait gauza adierazteak zenbait ulermen konexio ireki diezazuke.
*
“HAIZE egokitua, lasaitasuna, deus ere egin nahi ez izatea” da, udara honi buruzko aurreikuspenen inguruan aurkitu dudan ohar nota bat nirekin dudan WhatssApp-ean. Bertan, estekak, eginkizunak, aipuak: “Solo dibujo el rencor” edo “La lucha por no arrugarse es/una lucha por carecer de memoria/y una persona sin biografía/o un país sin historia/son pequeñas gacelas que no alcanzan a ver/al león entre el trigo” , Marina Travacio.
*
NORBERAK bere burua onartu behar duela diosku elkarrizketa batean 24 urteekin hainbat kirurjia estetiko eginak dituen aktore ezagun batek.
*
BELDURTZEN gaituenak berdintzen gaitu.
Egiten dugun guztia indarkeria ekiditeko formak dira.
MAYTE GÓMEZ MOLINA