Nork dauka harrizko bihotza?
Karmele Jaiok joan den urtearen bukaeran Harrizko bihotza (Elkar) liburua plazaratu zuen. Abezedario batetik tiraka Atik Zra sailkatu ditu hainbat hitz taupaden alfabeto bat osatu duen arte. Hilabete batzuk pasa ostean, dagoeneko, gaztelaniazko bertsioa dago merkatuan: Corazon de piedra
Liburu baten nondik norakoak ulertzeko kontraportada begiratu egiten da. Horra jo, eta hauxe irakurriko du liburua hartuko duenak: “Apunteak, ametsak, oroitzapenak, hausnarketak, pasadizoak… pentsamendu laburrak bildu ditu Karmele Jaiok alfabeto moduan antolatutako liburu berezi honetan. (…) bere fikziozko lanetan landutako gaietako asko ageri dira bertan: giza harremanak, isiluneen pisua, adiskideak, haur garaiko kontuak… Horiekin batera, baina, etxeko leihoa ispilu bihurtu balitz bezala, barrura ere so egiten du, eta bere buruaren erretratu antzeko bat eskaintzen digu, sotila eta intimoa”.
Liburua zabaldu eta lehen hitza hitzaurrea da. Liburuaren barruan datorrena irakurleari aurkezteko balio duena, eta bertan idazleak komentatzen du nondik etorri den Harrizko bihotza titulua. Bere amamak esaten omen zuen hobe zela harrizko bihotza izatea munduko minetatik babestuta egoteko. Bizitza errazagoa litzatekeela gehiegi sentitzen ez duen bihotz batekin, mundu hau blindatutako bihotzentzat egina baitago. Ordutik “askotan egin dut amets harrizko bihotza izatearekin, Babestua egoteko, baina, ingurura begiratzen dudanean, ezinbeste pizten zait barruan emozioa”.
Karmele Jaiok egunerokotasunaren leihoetatik ingurura begiratzen duenean ikusten duena kontatzeko beharra sentitzen du, eta hala begiratzeak hitzak metatu dizkio eztarrian, berak ez baitu harrizko bihotz bat. Hortaz liburu honetan azken urteetan ingurura begiratzeak sortu dizkion emozio eta hausnarketa bildu ditu hiztegi gisan.
Nik irakurritakoetatik ele batzuk ekarri nahi ditut hona, bereziak edota ederrak iruditu zaizkidalako.
Amore eman: Gogor egiteari eta buru egiteari utzi, onartu. Agian amore ematen dugunean ez dugu onartzen gainera etortzen zaiguna, tarteko arrazoiak ez baitira onargarriak, baina gogor egoteari uzten diogu bakea lortzeko. “Amore ez ematearen gomendioari, beste bat erantsiko nioke nik. Egiten duzuna amorez egin. Amorez egin, amore eman gabe.”
Arbola: Bertan narrazioa poetiko bat sortu du egileak. Neguko arbolaz ari da. Baina amaitu zaigun bedatsearekin berdaturik eta loraturik ditugun zuhaitzetan baino ezin da pentsatu.
Bakardadea: Jendearen artean isolaturik sentitzen gara batzuetan. Beharrezkoa zaigu bakardadea. Idazteak berezkoa omen du bakardadea. Ez dugu nahi bakardade inposatu bat. Bakardadea aukeratu ere egiten da.
Begi: “Jendeari begietara begiratzen ikasi dut eta konturatu naiz mundua erabat aldatzen dela horretarako gai zarenean”. Begiratu begietara, adi nagoela, entzuten ari naizela esateko. Begiratu begietara isilik. Soilik.
Bumeran: “Pertsonak ez dira bumeranak”.
Desilusio: “Ez dago desilusiotik bueltatzerik. Itzulerarik gabeko bidea da”. Desilusioa da maitasun-sentimendu ororen borreroa.
Eman: “Ematen duguna besteen bizitzetan geratzen da”. Emandakoa ez digu inork kenduko, eta halarik ere beldurrez bizi gara dena lapurtuko digutelakoan. Eman, eta ez itxaron bueltakorik.
Emozio: Mundua ulertzeko era bat da emozionatzea. Bizitza ikusteko bi modu daude; bat miraririk ez balego bezala da, eta bestea dena miraria balitz bezala. Horrek emozionatu egiten gaitu.
Hitz: “Nahiko nituzke hitzak biluzik, haragi bihurtzen diren hitzak”. Batzuetan eskura ditugun hitz guztiek ez digute balio sentitzen duguna adierazteko. Mutu gelditzen gara, ezta?
Infinitu: Infinitura narama, ni naiz Ulises planetaren hautsak haizeak zabaltzen ditu orbean.
Irakurri: “Nobela on bat irakutzea norbaiti begietara begiratzea bezalakoa da”. Askotan, idazleok nekaturik ibiltzen gara sorkuntzaren prozesuan, eta idazle izatetik irakurle amorratua izatera iragatzen gara. Irakurtzeak munduan zehar trasladatzen baikaitu.
Izugarrikeria: Zuek ere bolumena kentzen diozue telebistari albisteak ematen dituztenean? Gorrak izan nahi dugu, begiekin ikusten dugunari laborriaren soinua ez jartzeko.
Korapiloa: Pertsonen arteko harremanak korapiloak bezalakoak dira. Baina korapiloak eztarrian ere jartzen zaizkigu, eta deslotzen lortu arte denbora dezente pasa daiteke. Badira korapiloak inoiz askatzen ez direnak.
Memoria: Gero eta ahulago dugun ahalmena. Hitzak, urteak, izenak ahazteko joera handitzen da urteen joan etorrian. Biziki ongi inprimaturik ditugu, hala ere, une magiko batzuk, inoiz ezabatuko ez direnak.
Perfektu: Zuek ere perfekzioaren bila abiatu zarete inoiz? Lortu ahal duzue? Perfekzio horretan, zoriontsuak al zarete mugaz bestaldeko biztanleak?
Tximeleta: lepidopteroa. Mirakulu hegalaria. Tximeleta haiek hegal egiten itsasoaren ixiltasunerantz, ez joan, ez joan, itsaso horretan pausalekurik ez da.
Beste asko ere badaude: elkarrizketa, euri, ez, feminismo, flaneur, gaur, goiko, gordin, gortina, gutun, hamar, harridura, herri, hilezkor, iragan, jakin-min, kafe, kontsolamendu, lazten egin, nor, nori, nork, poesia, … horiexek eta beste asko dira nik bereziki irakurtzeko gomendatzen dizkizuedan eleak.
Karmele Jaio idazlearen gisan inguratzen gaituenaz jabetzen eta sentitzen, harrizko bihotzik gabe, eratu dezagun gure hiztegi partikularra.
Etorkizunerako sostengua izango da.