Artikulua :: ARITZA BERGARA 2023/11/13

NONDIK DATOR “HALLOWEEN” EDO “GAU BELTZA”?

Gure mundua izpirituenarekin komunikatzen duten ateak irekitzen diren momentua pasatu berri dugunez, gogoeta laburra egin behar dut festa honetaz. Aurreko artikuluan adierazi bezala Europatik Iparramerikara abiatu zen ospakizun hau, han ezarri eta berriro itzuli, apur bat aldatuta baina, ikusiko dugun bezala, antzinako esentziari eusten dioten zenbait ezaugarrirekin.

Zer da garai honetan ospatzen dena? Antzinakoentzat, mundu erreala eta izpirituena inoiz ez bezala hurbiltzen ziren unea zen. Baina festa hau ulertu ahal izateko, hiru eragin handi aipatu behar ditugu: zelta herrien errituak, erromatarrenak eta, azkenik, kristautasunaren eragina.

Zeltak

Lehenengoei dagokienez, esan behar da zeltek udazkeneko ekinozioa ospatzen zutela, ipar hemisferioan "argiaren garaia", uda, amaitzen zen unea, eta "iluntasunaren epoari", neguari, bide ematen ziona. Naturak bere azken fruituak ematen ditu, uztak bilduta zeuden, egunak izugarri laburtzen ziren eta atseden aldia zen, bai lurrarena, bai pertsonena. Aldaketa hori markatzeko, Samhain izeneko jai handi bat ospatzen zen. Une hartan, naturaren legeak bertan behera geratzen ziren eta gizakiek hildakoen mundua bisitatu ahal izaten zuten, eta hildakoek, berriz, lurrean barrena ibiltzeko aukera ere. Azken hauek asetzeko, etxebizitzen atarian janaria eta pastelak uzten ziren, izpiritu txarrei eskaintzeko eta etxeetan sar ez zitezen. Agian hemendik dator gaur egungo haurren ohitura, etxeetan gozokiak eskatzen ibiltzea. Zelten ospakizun horietan, suak garrantzi handia hartzen zuen, naturaren berpizkundearen sinbolo gisa eta, aldi berean, hedatzen ari zen iluntasunaren aurkako borroka gisa. Mendi tontorretan piztutako su handi horiei haritz-adarrak jaurtitzen zizkieten –zuhaitz sakratua-, baina animaliak eta pertsonak ere sakrifikatzen zituzten hango erritualetan.

Erromatarrak

Erromatar inperioa hedatu eta Britainia Handia konkistatu zuenean, zelta erritoen helburua izpiritu gaiztoen aurrean jainkoei laguntzeko eskatzea zela ohartu ziren, baina praktika horiek hain basatiak zirenez, erromatarrek ezabatu egin zituzten. Horren ordez, erromatarrek Mundus Patet ospatzen zuten, "mundu irekia", bizidunen mundua izpirituenarekin lotzen zen unea. Maiatzeko hiru egunetan zehar hilerrietara loreak eramaten zituzten, baina Lemureen arimak ere baretzen zituzten, beren bizi-zikloa osatu gabe hil ziren pertsonen espirituak: suizidak, erailak, bizitzaz gozatu ez zuten haurrak, etab. Horrela erritual bereziak ospatzen zituzten data horietan eta, gainera, mozorrotu egiten ziren, espirituek jakin ez zezaten nortzuk ziren, pertsonak edo espektroak ... Eta hori da Halloweenekin lotutako beste elementuetako bat, ezta?

Kristautasuna

Mendeek aurrera egin ahala, kristautasuna Europan zehar hedatu zen, erromatar erlijio zaharren gainean inposatu zen erlijio ofizial bihurtu arte. Orduan, ohiko izan zenez, aurrekoa ezabatu beharrean, fede berria aurreko tradizioak barneratuz eta egokituz joan zen, horien artean hildakoei eskainitako erromatar erritualak. Baina aldaketa batzuk gehituz egin zuen, horien artean honako hauek nabarmenduz: Lemuriatik "Santu guztiak" egunera pasa zen, kristautasunaren alde hildako martiriei omentzeko; erromatar jaietako hiru egunak batera murriztu ziren; eta, gainera, maiatzetik urriaren amaierara aldatu zen data. Horrela, Samhaim edo Mundus Patet bezalako jaiak ordezkatu nahi izan zituzten kristauek. Eta All Halllows Eve sortu zen, santu guztien eguna.

Euskal Herrian

Gure lurraldean, aurreko artikuluan aurreratu nuen bezala, hildakoen munduari lotutako une hau ere ospatzen zen, hain zuzen ere, naturaren "heriotza" gertatzen den garaian, udazkenari lotua eta bertan zehar hedatua. Naturari lotutako sinesmen eta erritualak dira, bai, natura hiltzen delako momentu honetan. Eta ospakizuna heriotzarekin lotura zuzena duenez, beldurra da protagonista. Kalabazak, arbiak eta beste tuberkulu batzuk erabiltzen dira, giza burezur itxura ematen zaie; kandelak hildakoen arimetarako bidea argitzeko; izara zaharrak espirituetatik ezkutatzeko eta, aldi berean, bizilagunak beldurtzeko... Gaur egun ospatzen den Halloweenen oso antzeko erritu eta tradizioak burutzen ziren Euskal Herriko txoko askotan. Baina ahuldu egin zirenak eta, azkenik, XX. mendearen erdialdean, gure lurraldean ospatzeari utzi zioten.

Desagertu egin ziren, bai, baina irlandar eta estatubatuar jantziekin itzuli ziren, berniz kapitalista eta kontsumistarekin. Eta horrela, ospakizun hauen jatorri naturala galtzen da, ahazten da, Gau Beltza edo Arimen Gaua izenez ezagutzen ditugun erritualek beren esentzia eta zentzu guztia galtzen dute. Gure esku dago festa honetako sustraiak berreskuratzea, iragan hurbileko uneren batean berezko zerbait izan baitzen.

ARITZA BERGARA