Artikulua :: Miren Mindegia 2024/09/24

Nola idatzi artikulu arrazista bat

Egunkari batean artikulu arrazista bat idazteko, osagai gutxi batzuk besterik ez dira behar. Osagai hauek, hori bai, neurriz erabili behar dira, une egokian gehitzen jakin, sotiltasunez eta zuhurtziaz jokatu. Sukaldari hoberenek dioten bezala, ez ditugu zaporeak elkar zapaltzea nahi. Artikulu arrazista on bat eman nahi diogu jatera gure irakurleari, erraz sartzen den horietako bat, tripako minik eragingo ez duena, errepikatu dezan, lagunei gomendatu diezaion. 

Lehenik eta behin, argi eduki behar dugu gure artikulu-platera definituko duen zapore nagusiak titularrean joan behar duela. Efektu bat da bilatzen duguna, lehen begi-kolpe bat, zart, zuzenean irakurlearen garunera joango dena. Horretarako, ahaztu informazioaz. Zentratu ziztada hitz batean, gertakaria edo ekintza bera ez baitira errezeta honetako osagaien artean agertzen. “Izua” edo “ikara” bezalako hitzak dira hoberenak. Edo hobe: “Segurtasun-gabezia”. Ez du hainbeste beldurrik ematen, ez dugu irakurlea izutu nahi, soilik alertan jarri. Kokatu hitz hori leku zehatz batean. Segurtasun-gabezia Deskalzos kalean izan daiteke lerroburu on bat. Gogoratu ez dugula gertakari zehatzik kontatu nahi. Akaso ez dago gertakari zehatzik ere. Baina, aizu, eman diezaiogun zerbait gehiago gure komentsal gosetuari. Nork eragiten ote du insegurtasuna? Segurtasun-gabezia Deskalzos kalean, bajeretan lo egiten ari den pertsona talde batengatik. Hortxe. Ez dezala inork pentsatu segurtasun falta bajeretan lo egin behar izateak eragin dezakeela, eh? Badaezpada, argitxo utzi hori. 

Eta segurtasun-gabezia ez badute bajeretan lo egiten dutenek sentitzen, nork bada? Jarraitu dezagun gure artikulu-plater arrazistarekin, osagai hau azpitituluan jarriko baitugu: Iruñeko kale ospetsu honetako bizilagunek. “Kale ospetsu” ez da guztiz beharrezkoa, baina adjektiboak dira gatza eta piperra emango diotenak gure platerari. Detaileetan dago arrakasta, lagun. Tira, ba kale ospetsu horretako bizilagunak, orokorrean denak, omen dira ezinegona pairatzen dutenak. Baina badaukagu lekua azpitituluan, jarri ditzagun osagai gehiago: Iruñeko kale ospetsu honetako bizilagunek salatu dute duela hiru aste bizikidetza arazoak nabarmendu direla: “Haiek horrela bizitzeak kezkatzen gaitu”. Orain jada ez dakigu zer den bizilagunek dutena, segurtasun-gabezia edo kezka, baina tira, seguru aurrerago hori argitu dezakegula. Edo ez? Hau kazetaritza-sukaldaritza garaikidea da, aizu, gauzak interpretaziora irekita uztea gustatzen zaigu.

Hurrengo pausua garrantzitsua da, artikulu betean sartuko baigara. Hemen doa haragi puska, mamia, osagai nagusia. Akaso kazetaritza liburuetan edo irakurriko zenuten artikulu baten hasieran egon behar duela datu nagusiak, “Zer?” galderari erantzuna emango dion horrek, baina tira, hemen esperimentazio pixka bat ere ez datorkigu gaizki. Deskribapen sasi-literario batekin hasiko gara, ardo beltz on baten gisan platera hobeki sartzen lagunduko baitigu: Kale txiki, lasai bateko bizilagunak dira non ia denak ezagutzen diren bistaz. Deskalzos Iruñeko Alde Zaharreko ikonoetako bat da segur aski, non bere igogailuak Arrotxapea hiriaren erdigunearekin lotzen duen, eta hori, era berean, eguneroko erakargarritasun turistikoa da. Erran gabe doa idazketa estiloak ez duela zertan bikaina izan, efektismoa nahi dugu. Hala, sartu ditugu gauzatxo batzuk. Kalea, ospetsua izateaz gain, txikia ere omen da, denak ezagutzen omen dira bistaz bertan. Ikono bat, turistikoa gainera. Konturatuko zinen, irakurle-mahaikide, orain arte ez dugula inolako gertakaririk aipatu gure artikulu arrazista honetan. Jarraitu dezagun. Horregatik, testuingurua kontuan hartuta, duela hiru bat astetik duten arazoak zaildu egiten die ohituta zeuden errutina patxadatsu hori. Kaltetuek aipatzen duten kezkak pertsona migratzaile talde bat bizi diren kaleko bi etxabetan egiten ari den erabileran jartzen du fokua. Kasu, ez dirudien arren hemen osagai asko jarri ditugu. “Horregatik” horrek aurreko sarrera sasi-literarioari egiten dio erreferentzia. Nola ausartuko da inor segurtasun-gabezia eragitera horren leku zoragarrian? Kale txiki, ospetsu, ikoniko eta turistiko honetan? Lotsagabe halakoak. Gainera, “kaltetutako” bizilagunak ohituta daude “errutina patxadatsu” batera –galdetu beharko diegu ea nola lortzen duten erritmo pausatu hori halako kale txiki, ospetsu, ikoniko eta turistiko batean baina tira, hori hurrengo artikulu-platererako–. Ondoren, kezkan egin dugu berriro azpimarra. Eta segurtasun falta, orduan? Zergatik? Noiz dator azalpena? Laaaasai, presak ez dira onak sukalde honetan. 

Hirugarren paragrafoari helduko diogu, jakin badakigun arren irakurle-jale askok platera ez dutela bukatzen, hastearekin nahikoa izaten dutela. Baina arriskua maite dugu, muga lausoetan mugitzea, amildegiaren hertzean ibiltzea. Goazen deskribatzera segurtasun falta honen eragileak: “Hogeita hamarretik gorako talde bat da, eta hor bizi da, koltxoiak sartzen ikusi ditugulako”, ziurtatu dute bizilagunek, eta nahiago dute datu pertsonalak alde batera utzi. Puntu horretan, hain zuzen ere, Deskalzos kalean bizi direnek argi uzten dute ez dela arrazakeria edo xenofobia kontua, zerbait sakonagoa baizik. “Etxera itzultzean dugun sentsazioak kezkatzen gaitu, segurtasun faltak; izan ere, legezko mugak gainditzen dituzten portaeren lekuko izan gara”, adierazi dute. Hara, bota dugu hemen gure okela, kilo erdiko txuleta, primerako lehengaia. Pertsona talde bat bajera batean koltxoiak sartzen. Hor gertakaria. Gero, argi utzi informazio-emailearen ez dela arrazakeria edo xenofobia kontua, ez, barrenean duen sentsazio bat baizik. Sentsazio horrek non duen sorburua ez dugu ikertuko, badaezpada, ea azkenean arrazakeria edo xenofobiarekin topo egin behar dugun nahigabe. Ah, eta noski, ez diezaiogun izenik jarri gure lekukoari, jakin baitakigu kale txiki eta ospetsu honetan denak ezagutzen direla bistaz. 

Esaldiz esaldi azalpenekin jarraitu genezake, baina uste dut dagoeneko argi izanen duzuela zein den dinamika. Artikulu-plater arrazista bat (xenofobo eta klasista ere gehitu deizaiokezu) osatzeko, jarraitu hurrengo paragrafoetan zehaztasun gabeko osagai gehiago sartzen, aire asko eta mami gutxiko horiek, ez argitu zeintzuk diren “legezko mugak gainditzen dituzten portaerak”, sartu turista izutu batzuk tartean eta listo, 10 minututan prest edukiko duzu. Ohar gisa, adibidetzat erabilitako errezeta argitaratuta dago, osorik dastatu nahi baduzue. On egin!

Miren Mindegia