Artikulua :: Jon Eugi 2026/05/29

Ni eta besteak

Ez dago ukatzerik niaren unibertsoan bizi garela. Bakoitza bere zilborrari begira bizi da, lehiakortasunak eta prekarietateak markatutako sistema ekonomiko eta politiko honetan. Zorionez, badira norberaren buruaren aurretik besteak lehenesten dituztenak, baina, tamalez, gutxiengoa dira. Indibidualismoa da nagusi teknologiak erabat baldintzatzen duen garai honetan. Norberak bere egoa asetzen pasatzen du denbora lanetik irtendakoan, (baldin eta lana egiten badu, jakina). Batzuk gimnasiora joaten dira giharrak lantzera. Beste batzuek gustuko kirolean aritzeko aprobetxatzen dute. Aldi berean, aldarteak eskatzen duen musika entzuten dute streaming bidez. Izan ere, teléfono mugikorraren erabilera ezinbestekoa bihurtu da ia gehienentzat, baita sare sozialetan murgiltzeko ere. Aplikazio horiek norbera erdigunean jartzera bultzatzen dute. Bakoitzaren bizipen, iritzi eta kontuak erakusgai jartzen dira sarean besteen like-ak eta aitortza lortzearren. Helburua jarraitzaile talde ahalik eta handiena izatea da. Eduki sortzaileen jarraitzaileek beren ideologiarekin, gustuekin, zaletasunekin bat egiten dutenak jarraitzen dituzte, beren kordakoak, alegia. Guztiak kolore batekoak dira eta beste kolore batekoek ez dute lekurik.

Eguneroko jardunaren parte denean pantailan bideoak konpultsiboki ikustea, algoritmoak bikain ezagutzen gaitu eta gustuko erreferentziak eskaintzen dizkigu, behin eta berriz; informazio interesatuaren bidez gure nia elikatzen du, etengabe. Horrela, norberaren ideologia berresten da, iritzi ezberdinak baztertzen baitira. Konturatzerako, gure ideiekin bat ez datorrena gaizki hartzen dugu, eta arbuiatu egiten dugu gure sintonian ez dagoena. Dinamika horretan sartuta, bakoitza bere lubakian gotortzen da eta zulo bat irekitzen da gu eta bestearen, ezberdin pentsatzen, jokatzen duenaren artean.

Joera honek gero bere isla du bizitza errealean. Hainbat gertaera dira horren lekuko. Gaur egun, ez da erraza bikote harreman bati eustea, bi ego indartsurekin gero eta zailagoa baita bien arteko puntu komunak aurkitzea eta mantentzea. Banaketa eta dibortzio datuak adierazgarriak dira. Pertsonen fideltasunaren faltan, animalien konpainia bilatzen da, horregatik sartu da hainbeste maskota etxeetan. Gabonetan familia juntadizoak saihestera jotzen dute askok, liskar iturri izan daitezkeelakoan. Eta ez soilik politika gaietaz ez eztabaidatzeagatik, "bestearekin" (bestela pentsatzen duenarekin, beste era batekoa denarekin) ez elkartzearren baizik. Ondorioz, komunikazio zubiak pitzatzen ari dira pertsonen artean. Elkar ulertzeko zailtasunak ditugu eta zubi horiek guztiz eraisten badira gizartean arazo latzak sortu daitezke.

Joaquim Machado de Assis idazlearen Alienista (Igela argitaletxea, Joseba Urteaga itzultzaile) ipuineko protagonistak, Simon Bacamarte doktoreak, harreman bitxia garatzen du besteekin, Itaguaiko hiritarrekin. Zientziaren Kixote hori bertakoen buruko gaitzen ikerketaz arduratzen hasten da. Udalaren finantzaketari esker, hiri horretako eta inguruetako eroak etxe batean aterpetu eta ostatu emango die. Alabaina, doktorearen irizpidearen arabera, arrazoia izatetik hura galtzera erraz asko pasatuko dira biztanle ugari. Azkenerako, ehunka izango dira eroetxean bukatuko dutenak, alienistak ez baitu motibo gehiegi beharko pertsonak gaixotzat jotzeko. Irakurleari, umorez blaitutako satira bikain honetako orriak pasa ahala, ezinbestean sortzen zaio galdera: nor dago benetan ero, etxe barnera sartzen dituenak ala doktorea bera?

Muturreko egoera batera iritsi baino lehen, ezberdinen arteko arrakala amildegi bihurtu ez dadin saiatu beharko genuke. Praktika ona izan daiteke aurrez aurre jarri eta ezberdin pentsatzen duenarekin eztabaidatzea. Ideien trukaketarekin gizakiak aurrera egin du beti, ikuspegia zabaltzeko aukera eman eta arazoei irtenbide irudimentsuak topatzea ahalbidetu diolako. Gainera, era horretan, besteen lekuan jarriz, enpatía landu eta bestearekin aberastu gaitezke.

 

Jon Eugi