Elkarrizketa :: Iñigo Martinez Peña 2026/03/20
June Macareno, Peru Laskurain, Lutxo Egia, Sue Zabalbeaskoa eta Cecilio Rodrigo

NERABEEI ENTZUTEN… ETA IRAKURTZEN

Oraindik nerebea al zara edo utzi diozu nerabe izateari? Agian erantzuna ez da hain argia, nerabezaroa bera zer den pentsatzen jartzen bagara. Izan ere, gaiak hamaika erpin dauzka eta hamaika galdera pizten ditu. Ikuspegi kronologikoki batetik, adibidez, ze adin tarteri dagokio?; biologikoki, zeintzuk dira gorputzean eragiten dituen aldaketak?; edota, nola deskribatu, psikologiaren alorrean, nerabezaroaren ezaugarriak? Are gehiago, garaiaren eta kulturaren arabera, askotarikoak izan dira bizitzaren etapak egituratzeko moduak… Zenbat nerabezaro daude nerabezaroaren barruan?

Agora Filosofia Elkarteak antolatutako azken kafe filosofikoan ikuspuntu horiek guztiak, eta gehiago, jarri ziren mahai gainean. Solasaldi ederra, Bilboko Bira espazioan izandakoa. Gogoetaz gogoeta, nerabezaroaren ohiko definizio batzuk zulatzeko aukera izan genuen: batez ere, egungo nerabeak arazotzat dituztenak; adiktoak, delitugileak edota intolerante hutsak baino ez direla esaten dutenak. Ezinbestekoa zaigu, beraz, dekonstrukzio lan bat egitea. Zer proiektatzen dugu helduok (heldua zer den zalantzagarria da, beharbada) nerabeengan? Ez ditugu ulertzen, nonbait; izan ere, urtero, parentingari buruzko milaka liburu argitaratzen dira: guraso onak izateko metodoak azaltzen eta saltzen dituztenak, alegia. Ez al da hori inoiz baino galduago egotearen sintoma? Agian hobe da nerabeei entzutea eta haiek esandakoa irakurtzea. Haiei, ahots singularretan, hitza ematea. Hori izan zen June Macarenok eta Peru Laskurainek, batxilergoko ikasleek, azken kafe filosofikoan egindakoa: hitza hartu. Eta elkarrizketa honek, besteak beste, horietako hitz batzuk harrapatzea du helburu.

EIE: Zer da zuentzat nerabezaroa? Nola definituko zenukete modu literario edo poetiko batean?

PERU: Nerabezaroa gurea ez den garai bakarra da: nerabeak izatera bueltatu nahi dugunean heldu bilakatzen gara.

JUNE: Ipuinen entzule izateari utzi eta “bizitza” deitutako gure antzezlan propioaren parte izaten hasten garen unea. Lehen ohe azpian zegoen munstroa, norberaren barruan dago orain. 

EIE: Askotan entzun ohi da egungo gazteek ez dutela apenas irakurtzen pantailen aurrean orduak eta orduak ematen dituztelako. Hala al da? 

PERU: Bai, egia da gazteok, orokorrean, gutxiago irakurtzen dugula eta pantailen erabilerak  (sarritan neurrigabea) eragina daukala joera horretan. Baina ez dut uste errua osorik gazteen mugikorren erabilerari egotzi behar zaionik. Akaso alderantziz pentsa liteke! Irakurketa gutxitzeak utzi die pantailei lekua, agian? Argi dago, liburuek eta pantailek tronu bera nahi badute, bigarrenak irabazten doazela. Baina, garaipen hori gutxinaka-gutxinaka gertatu da: komikiek arindu zuten hasiera batean irakurketa; ondoren, telebista etorri zen; gero, bideojokoak, eta, azkenik, mugikorrena da gure denbora librearen diktadura. Liburuek, antza, esfortzu gehiago eskatzen dute eta, egun, ez da ahalegina baloratzen. Literaturak, gainera, denbora lasaia eta bakartia eskatzen du. Nola bateratu daiteke hori etengabeko konexioarekin? Nola aurkitu pantailen eta liburuen arteko oreka?

JUNE: Egia bada ere pantailen erabilerak liburuen tintari nolabaiteko itzala egin diola, horrek ez du esan nahi irakurketa alde batera geratu denik; irakurtzeko moduak aldatu dira, besterik ez. Izan ere, batzuetan ez da beharrezkoa liburu bat irakurtzea literatura irakurtzeko; zorionez, artea (kasu honetan, literatura) saihetsezina da, eta hori egunerokoan ikus daiteke: gure abesti gustukoenaren bertsoak entzutean edo publizitate-kartelez estalitako kaleetatik igarotzean. Aipatutako hau oso ondo azaltzen du Irene Vallejok Infinitua ihi batean liburuan. Idazlearen arabera, «irakurtzea hitzez egindako musika entzutea da». Eta, nire ustez, hitzekin hausnartzen duen edonor “irakurketaren bidean” sakontzen ari da. 

EIE: Zer liburu gomendatuko zenioke elkarrizketa hau irakurtzen duen gazte bati? Zergatik?

PERU: Aurrekoan, lagunen arteko solasaldi batean, ikastolek, irakasleek edota gurasoek gure irakurketa sustatzeko egiten duten lanaz hitz egin genuen. Eta, oro har, eskertzekoa eta beharrezkoa ikusten dugu! Baina akats nabarmen bat ere aipatu genuen: liburu jakin bat irakurtzera behartzen gaituztela. Askoz hobea iruditu zitzaigun gazteek liburua hautatzea (hasiera batean, behintzat, eta parametro batzuk jarraituz bada ere) eta, ondoren, beste liburu batzuk iradokitzea, aukeratutako liburuen ildotik. Agian planteatu daiteke irakurritakoaren inguruko marrazki bat egitea, istorioa sortzen jarraitzea edo kritika bat idaztea ere… Inspiratzaileagoa iruditzen zaigu bide hori. Egia da guk, sarritan, ez dugula gure partetik larregi jartzen. Baina, ez al da hori gazteon rola? Hala deskribatzen gaituzte behintzat hainbat eleberritan!

Kontuak kontu, gustura irakurtzen hasi diren irakurleei irakurketa behartzea baino hobeagoa izan daiteke. Gustura irakurtzen hasten denak errazago jo dezake beste mota bateko liburuetara: klasikoagoak, luzeagoak, alternatiboagoak… Hau guztia esanda, gazteentzat gomendatu nukeen idazle bat Jon Arretxe da: Toure detektibearen saga, adibidez. Baina, edozein modutan, gustuko duzun edozer irakurri! Irakurtzeak gustura egitea merezi baitu.

JUNE: Liburu bakoitzak desberdin eragiten dio irakurle bakoitzari. Batzuetan, badirudi literaturak egokitu behar duela irakurlearengana, eta ez irakurlea literaturara! Niri, adibidez, Ángelo Néstore idazle eta artista ez-bitarraren Deseo de ser árbol poesia liburua egokitu zitzaidan. Izekok oparitu zidan eta gogoratzen dut ez zuela nire arreta deitu hasiera batean. Baina, orriak pasa ahala, poemetako bertso bakoitzari buruz hausnartzen nuen heinean, bere istorioaren partaide sentitzen hasi nintzen. Uste dut nerabe guztiok geure buruari nozbait egin dizkiogun galderak egiten dituela idazleak: identitatearen, harremanen edo denboraren ingurukoak, besteak beste.

EIE: Zuen ustez, zer da aurreko belaunalditik zuen belaunaldira gehien aldatu dena? Eta zer ez da aldatu?

PERU: Agian ez dira zertan belaunaldiak orokortu: belaunaldi bakoitzaren barruan belaunaldi txikiagoak eta gero eta txikiagoak daude… belaunaldia bizitzeko modu pertsonal batera ailegatu arte. Gainera, belaunaldi bakoitzak hamaika erreferente dauzka (Wittgesteinek aipatutako hizkuntzen eta testuinguruen jokoa belaunaldien jokoa ere bada).

Hala ere, orokortuz, uste dut aurreko belaunaldiak gehiago markatzen zituela autoritateak. Gauzak nola egin behar ziren eta zer egin behar zuten zehaztuago zeukaten. Gaur egun, aldiz, informazioaren gizartean, gero eta ikuspuntu eta norabide posible gehiago daude eta, gainera, oso bizkor aldatzen dira ikuspuntuak. Belaunaldien arteko mugak zabaldu dira: aurreko belaunaldiaren autoritatea gutxitu da eta norabide gehiago baina iparrorratz gutxiago dauzkagu. Askatasunaren kolapsoa bizi dugu? Bestetik, belaunaldiak elkarrengandik gertuago daudela uste dut. Gure gurasoek, gure adina edukiko balute, ez lukete ChatGpta gorrotatuko eta ez lirateke txapekin jolastuko (azken hori ondo badago ere). Gaur egun ere, ez al dute guk bezainbeste erabiltzen teknologia digitala?

JUNE: Teknologiaren gaiari jarraituz, eta aurreko belaunaldiak analogian oinarrituta zeudela kontuan hartuz, gehien aldatu dena, gaur egun, lor dezakegun informazio kopuru ikaragarria da. Alde handia dago: informazio urriagoa baina, aldi berean, sakonagoa eskaintzen zen lehen, eta informazioa eskuratzeko gehiago hausnartu behar zen. Gaur egun, gaininformazioaren gizartean bizi gara, baina inoiz baino ezjakinagoak gara, ematen zaigun informazioa ez dugulako behar bezala hausnartzen. Azken finean, scrollaren arintasunera eta berehalakotasunera ohitu gara.

Bestalde, informazioaren trataera alde batera utzita, gizartea aldatu egin da eta bestelako mentalitate batzuk indarra hartu dute (mugimendu feministak, LGTBIQ+ mugimendua…). Edoezin modutan, galdera batzuk (kutsu existentzialista dutenak eta identitatearekin lotura daukatenak, batez ere) nerabezaroaren berezko galderak izaten jarraitzen dutela uste dut, garai guztietan.

EIE: Amaitzeko, zer da helduengandik gehien molestatzen dizuena, eta zer da gehien baloratzen duzuena?

PERU: Helduengandik gehien molestatzen didana eta gehien baloratzen dudana ildo beretik doa: ezjakintasunarekiko daukaten jarrerarekin du zerikusia. Eztabaidak “zure aita/ama naizelako” esaten amaitzea, ikuspuntuak partekatzeari uko egitea… hori ezin dut jasan. Horrek bestea ezagutzeko ateak ixten ditu! Nahiago ditut jakintsu plantak egiten ez dituzten helduak, haien ezjakintasuna onartzen dutenak, ez dutenak arinegi ondorioztatzen gertatzen zaiguna: guztia dakizula pentsatzea ezer ez jakiteko modurik txarrena da.

Bestetik, gazteez horrenbeste ez arduratzea eskatuko nieke, batez ere seme-alabez. Erabakiak hartzen eta hanka sartzen utzi behar digute! Lagundu, aholkatu, seme-alabekiko harremana landu, behar izanez gero serio jarri… baina, betiere, guri lekua utzita. Eta ez eskatu, une oro, egindakoagatik azalpenak: gertatzen zaiguna ulertzeko denbora eman eta zuengandik banatzen lagundu.

JUNE: Inkoherentea izango litzateke, nire aldetik, esatea gehien molestatzen didana nerabeei buruz orokortzeko daukaten joera dela, ni neu ere helduak orokortzen ariko nintzatekeelako. Hala ere, kontuan izanik elkarbizitza guztietan egoten direla liskarrak eta gaizki-ulertuak, esango nuke gehien molestatzen didana nerabeok ahotsik ez dugula pentsatzea dela, edo ikustea zenbaki batek (adinarenak, kasu honetan) gure adimen emozionala edota gure heldutasun morala zehazten dituela.

Bestalde, eta paradoxaren edo inkoherentziaren eremuan jarraituz, helduengan gehien baloratzen dudana zera da: nerabezaroari egotzi zaizkion “ohiko” gaiak oraindik ere sentitzea eta bizitzea. Azken finean, non hasten eta non amaitzen da bizitzaren etapa hori? Edo, hobeto esanda, nork jartzen ditu denboraren mugak? Ez al dugu denok nerabezaroaren zatitxo bat gure baitan?

 Guk ere, gure baitako nerabearen zatitxo hori gogoratu nahi izan dugu. Ahaztu egiten zaigu helduoi nerabe izan ginela? Zentzu horretan, kafe filosofikora hurbildutako pertsona “nagusiagoei” ere galdetu nahi izan diegu nola gogoratzen duten haien nerabezaroa, nola definituko luketen, zer aldatu den eta zer mantentzen den belaunalditik belaunaldira… “Amildegiak” eta “udaberri berriak” entzun ditugu Sue Zabalbeaskoa psikologiako ikaslearen eta Lutxo Egia idazlearen ahotan, definizio poetiko baten bila. Zergatik poetikoa? Agian gorputzaren eraldaketak azaltzeko ez dutelako, jada, haurtzaroko hitzek balio, eta helduon berbek arrotzak ematen dute. “Ez naute ulertzen, ez dut neure burua ulertzen”. Nola adierazi gertatzen zaidana? Beste hitz batzuk aurkitu edo asmatu behar dira. Eta, bide horretan, poesia, edo literatura oro har, oso bidelagun aproposa izan daiteke, orain arte entzundako eta erabilitako hizkuntzaren dolua egiteko.

EIE: Nola definituko zenukete nerabezaroa, poetikoki?

 LUTXO EGIA: Nerabezaroa amildegia da, baina ez edozein amildegi, baizik eta Holden Caulfield gazteak Zekale artean harrapaka (The Catcher in the Rye) eleberrian deskribatzen duen amildegia, hura baita, meritu osoz, nerabearen arketipoa literatura unibertsalean. Amiltzea, beraz: haustura, noiz arrakala noiz arteki, zulatzea, mudatzea, ume xalo izandakoari betiko bizkarra ematea eta helduen mundu hertsi, itogarri, faltsu eta kartoizkoari uko egitea. Amiltzea; alegia: behin bakarrik gertatzen diren hamaika lehen aldi zirraragarri izatea: lehen arroztea, lehen barne-bilatzea (eta, zorte apur batez, topatzea), lehen maitatze erromantikoa, lehen ezin ulertzea; bere baitatik egotzi nahi gaituen mundu ulergaitz eta bidegabea suntsitzeko gogo geldiezina; lurralde ilun eta lausoetan barna abiatzea estrata berri bat eraikitzeko. 

SUE ZABALBEASKOA: Nerabezaroa udaberriaren antzekoa da. Loraldian, koloreen eta usainen eztandan, egun oso aldakorrak daude: eguzkitsuak, eta baita tximistaz eta euri zaparradaz beterikoak ere. Nerabezaroa barneko iraultza isila da, sustraiak lurrean sakondu bitartean adarrak zerura luzatzen diren garaia. Haurtzaroa atzean uzten da, eta heldutasunaren galdera ageri zaigu aurrean, bide ezezagun baina zirraragarri gisa. Beldurra eta ilusioa eskutik doaz; galderak ugaritu egiten dira, eta erantzunak bilatzeko grina pizten da. Nerabezaroa bizitzako loraldia da, nork bere burua aurkitzeko eta munduan lekua bilatzeko garaia.

 EIE: Zer da aurreko belaunalditik aldatu dena eta zer ez da aldatu?

LUTXO: Jokalekua ez da lehengo bera, bistan da: egun pantailen bidez sartzen gara mundu globalizatura, oro bihurtu baita malguago, iragankorrago, aldakorrago eta ez-lotesleago. Amildegia ez da lehengo bera, baina amiltzea gertatu egiten da, eta jarraitzen dute existitzen behin bakarrik gertatzen diren lehen aldi zirraragarri guztiak: lehen arroztea, lehen barne-bilaketa… Hain zuzen ere, lehen aldi zirraragarrien gertatze horri esango nioke nerabezaroa, adina eta jokalekua direnak direla.

SUE: Gaur egungo belaunaldiak oso ezberdinak direla dirudi, baina funtsean antzekoak dira. Aldaketarik handiena harremantzeko moduan izan da. Lehen, jendea kalean, plazan edo auzoko espazioetan biltzen zen; denbora eta bizitza partekatzeko elkartzen ziren. Harremanak aurrez aurre eraikitzen ziren, elkarren presentzian. Espazio fisikoek komunitatea sortzen zuten, eta komunitate horrek identitatea eta babesa ematen zituen. Gaur egun, ordea, espazio horiek bigarren plano batera igaro dira neurri handi batean: pantailak eta sare sozialak bihurtu dira topagune. Harremanak azkarragoak dira, berehalakoak, baina askotan hutsalagoak ere bai. Harreman mota berriak sortu dira, bestearen ezagutza sakonik edo konpromiso handirik eskatzen ez dutenak. Klik batez hasi eta klik batez amaitzen diren loturak. Hala ere, gure desirak ez dira hainbeste aldatu. Oraindik ere maitasuna, aitortza, ulermena eta pertenentzia bilatzen ditugu. Gaurko gazteek eta atzokoek antzeko kezkak eta ametsak partekatzen dituzte; aldatu dena bidea da, baina ez helmuga.

 Nerabezaroaren inguruko polifonia zabaltzeko, kafe filosofikoetara sarritan etortzen den Cecilio Rodrigori (80 urteko erretiratuari) hitz batzuk eskatu dizkiogu. Eta berak gogoratu digu, besteak beste, nerabezaroa ez dela beti eta leku guztietan existitu: kultura askotan, iragate-errituen bidez, haurtzarotik helduarora egun batetik bestera pasatzen zara, komunitatearen onarpena jasota. Historikoki, XVIII. mendean hasi zen nerabezaroa, eta badira XX. mendeko eraikuntza hutsa dela diotenak ere: publizitateak sortutako kontzeptua. Etimologiara jotzen badugu "nerabe" hitzak historia luzea eta aldakorra du euskal hiztegian. Jatorrian, antza, "nerabe" ("nerhabe", "norhabe", "nirabe" aldaerekin) morroi edo zerbitzari esan nahi zuen. Alegia, etxe batean lan egiten zuen pertsona gaztea.

CECILIO RODRIGO: Nerabetasuna zer den inork baleki! Hamabi urteko neskatilak, gurasoen etxeari agur esan eta burges baten etxean neskame zebilenak jakingo ote zuen inoiz zer den nerabetasuna? Hamabi urteko mutilak, gurasoen beserriari edo etxeari agur esan eta jauntxo baten lurretan artzain zebilela jakingo ote zuen inoiz zer den nerabetasuna? Langile gazte batek lan merkatuko baldintzak ongi betetzen dituenetik eta lanean dabilen unetik agur esaten dio nerabetasunari, nerabetasuna zer den jakin gabe ere? Lan merkatuak berak esaten al digu zer den nerabetasuna?

Hitzak galdu du lan-munduari lotutako "morroiaren" zentzua, eta "gaztetasunaren”  esanahi orokorrago bat hartu du: haurtzarotik heldutasunera doan trantsizioko adin-tartea, alegia. Hala ere, gaztetasunaren estereotipoak bereziki esplotatzen ditu merkatuak: gorputz ideala, jakintza teknologikoa, lotura arinak, intimitatea ikusgai jartzea... Horri lotuta, desira bat ere aipatu zen kafe filosofikoan: ez bihurtzea, egungo nerabeak, “merkatuaren morroi” edo “aisialdiaren esklabo”, hitzaren esanahi zaharra berrituz. Edo, behintzat, ez guztiz. Hala bedi.

 

Argazkilaria: Aitor Ojea

Iñigo Martinez Peña
June Macareno, Peru Laskurain, Lutxo Egia, Sue Zabalbeaskoa eta Cecilio Rodrigo