LUISA VILLALTA, 20 URTE
Plazer handirekin dakusat idazle katalanen, galegoen eta euskaldunen arteko Galeusca topaketak berriz abiatzen direla, maiatz bukaera honetan, Mallorcako Palma hiri ederrean. Ez dakit astia ukanen duten hara bilduko diren izkiriatzaileek, baina ez dezatela bazter Miquel Bareloren (1957) eskuak eta irudimenak hornitu katedraleko erretaularen mirestera joateko lehia, ahantzi gabe, mediterraneoan “pluf!” gozo baten egitekoa. Nire eguneroko izaeraren ifrentzuan, gida turistiko bat dagoela pentsatuko du irakurleak, arrazoiekin. Greziar mitologiako Tiresias bezalakoa naiz, itsua, ez-jakina, analfabetoa askotan. Beti maiteko dut hargatik, arraina eta ogia -ahalaz nerauk egina- lagun hurbilarekin partekatzeko unea. Eta Galeuscak horretarako balio duela uste dut.
90eko Galeusca ekitaldietan parte hartu dut behin baino gehiagotan eta bertan errotu dira niretzat hain aberasgarriak suertatu diren adiskidantza zuhaitz indartsuak. Katalanekiko eta Galegoekiko ene aurreneko harremanak hor irun nituen, herrialde bakoitzeko idazle mitikoak gurutzatuz, hala nola, besteak beste, Miquel Marti Pol -beranduago jabetuko nintzen Manchester futbol taldeko entrenatzailea den Pep Guardiolak biziki gogoko zuen poeta zela!- Montserrat Abello itzultzailea edo Manuel Maria, Uxio Novoneyra, Yolanda Castaño orduan hamabost urteko poeta nerabea zela, eta ororen gainetik hamar urte luzeetan elkarrekiko gutunezko korrespondentzia harilkatu genuen Luisa Villalta (1957-2004) poeta galego elegante eta sakona. Maria Merce Marçal eta Chus Pato, haatik, ez nituen Galeusca saioetan ezagutu... halaber, urteko bidaia horietan, sekula ikusten ez nituen euskal idazleekin ere harremantzeko aukera neukan: ez dea hala Patxi?
Galeuscaren alaba propioa naizela aitor dezaket. Orduz geroztik beti interesatu zaizkit Galiziako edo Kataluniako bizitza literarioen pindarrak; galegoa ulertzen dut, bai eta katalana ere, are gehiago Carles Portak azken asteotan 3CAT katean aurkezten duen Tor telesaila ikaragarriaren zale amorratua bilakatu naizelako. Egia da, konfinamendu denboretan katalana sistematikoki ikasi eta hitz egiteko lotsa galdu nuela Olot, Vielha edo Esterri d’Aneuko ostatuetan. Erabaki dut gauza bera egitea galegoarekin, estudiante arrunt baten antzera aditzaren harilketa, gramatikaren itzal-uneak edo lexikoaren misterioak nireganatzen saiatuz. Galeuscaren efektuak etengabeak dira. Bistan dena, badakit arazoak badirela, gaztelera dela oraindik idazleon arteko komunikazio hizkuntza, diglosia egoerak pairatzen dituztela gure mintzairek, elkar ezagutza ez dela bururaino eraman eta beste... baina utzidazue Galeusca horien atsegina aipatzen eta goraipatzen!
Luisa Villalta oroitu dut lerro zenbait gorago. Karietara horretara, hain zuzen, datorren ostiralean, maiatzaren 17an, Galizian Dia das Letras Galegas egunaren muinean, idazle Koruñarraren memoria harrotuko eta ohoratuko da. Galiziako akademiak sei ataletako dokumental eder bat pantailaratu du, A rebelion da palabra izenekoa, Youtuben ikusgai dena. 2004ko martxoaren 6an zendu zen Vila de Laxe karrikako bere etxetxoan, meningitis baten ondorioz, 46 urtetan. Liburu parrasta bat ere plazaratu da Luisa Villaltaren obra ber sozializatzeko, hogei urteotan doi bat ahantzirik egon delako bere figura. Eskupean daukat Montse Dopicok idatzi Abonda con vivir tituluarekiko lana, Xerais argitaletxeak aurten publikatua: kazetariak, Luisaren adiskideak elkarrizketatu ditu eta haien hitzetatik landu poeta-musikariaren potreta zehatza eskaintzen digu. Hunkigarria da liburua eta Galeusca topaketen ber pizte garai honetan ezinbestekoa.
2004ko martxo hasiera hartan, mundua ez zegoen baketsu. Galizian eta Atlantiar lehorrean Prestige petrolio ontziaren sabeleko likido zitalak hedatu ziren, nunca mais oihukatzen zuten Costa da Morteko haurrideek, handik gutxira Madrilek jasan atentatuak bazterrak inarrosi zituen eta gurean bertan, martxoaren 24an, Andolin Eguzkitza hiltzearen berria hedatu zen.