“Maitasuna kapitala izan da beti pertsonaren bizitzan”
Nobela berria ekarri zuen Karmele Jaio Eigurenek (Gasteiz, 1970) iragan udazkenean: Maitasun kapitala (Elkar, 2023). Maitasunaz ari da titulutik oharrarazi digutenez, hiru pertsonaiaren arteko harreman ahizpatasunezkoaren bitartez. Harreman horretan barna, maitasunaren hainbat adar erakutsiko dizkigu egileak, geure maitatzeko moduen gainean gogoeta eragiteraino.
“Maitasun kapitala” du izenburu zure nobelak. Zergatik adjektibatu duzu maitasuna modu horretara?
Arrazoi ezberdinak ibili ditut. Batetik, “kapitala”, maitasunaren garrantzia azpimarratzeko. Bereziki emakumeoi erakutsi zaigun gauza da maitasuna gure bizitzaren erdigunea dela, maitasuna dela gure joko-zelaia, hortxe irabazten edo galtzen dugula. Horrekin batera, “kapitala” adjektiboa jarri diot hitzari, maitasuna gaur egungo gizartearekin lotzeko asmotan. Izan ere, maitasuna oso gauza intimoa da, baina, aldi berean, soziala. Bizi zaren gizarteak momentu horretan dituen uste, balio, sinesmen eta gainerakoek eragina dute zeure maitatzeko moduan, eta kapitalak agintzen du munduan, merkatuak, alegia. Hortxe utzi nahi izan dut horri buruzko kezka edo galdera: gaur egungo gizartearen balioek zenbaterainoko eragina dute gure maitatzeko moduan?…
Maitasunari jarri ohi zaizkion adjektiboen artean dira “erromantikoa”, “berdaderoa”, “toxikoa”… Zure liburuko maitasun kapitala horiei kontrajartzen ote zaien ez dakit…
Horiek kontuan hartzen dituela esango nuke. Nobelako pertsonaiek maitasun mota guztien eragina dute, gizarteak ere maitasun mota guztiok eskaintzen dizkie eta. Maitasuna ez da gauza finko bat –hori ere azpimarratu nahi izan dut liburua idatziz–, maitasuna da momentuaren, egoeraren, irakatsi dizutenaren arabera jaso duzuna. Maitasuna ez da, beraz, bakarrik zurea. Behin baino gehiagotan esan dut, psikologoari baino, soziologoari eskatu beharko litzaiokeela maitasunari buruzko azalpena.
Maitasuna eraiki egiten dela esan izan duzu liburu honetaz hitz egiteko aukera izan duzunean…
Horretan nago. Maitasuna “etorri” egiten zaigula esaten dugu batzuetan, baina hor bada Gorka Urbizuren disko berriko kantu bat, zera esaten duena: “Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude”. Maitasunaren kasuan horixe gertatzen zaigula esango nuke: “Maitasuna ez da horrela, maitasuna horrela dago, edo horrela daukagu momentu honetan”. Horixe azpimarratu nahi izan dut. Kontziente izan behar dugu maitasuna eraiki egiten dela, eta ikusi besterik ez dago hori harreman toxikoak izan diren kasuetan, edo botere harremanak oso biziatuak egon direnetan. Maitasuna “horrela” dago momentu jakin horretan, baina aldatu ezinik ez dago. Horretaz ari naiz maitasuna eraikitzeaz dihardudanean.
Olga, Laia, Bakarne ditugu nobelako protagonistak. Olgak maitasun toxikoa bizi izan du, horretaz gogoetan ari da nobelan. Laia, berriz, maitasunari buruzko tesia egiten ari da. Olga zuzendari duela. Bakarne arte kontuetan aditua da… Triunbirato bat irudi du, sororidadez osatua. Hiru harri horien gainean jaso duzu nobela?
Nobela bat idazten hasten naizenean gauzak ez ditut argi. Ez dakit hasi eta buka zer etorriko den. Hala ere, banuen nahi bat emakumeen arteko komunikazio horri heltzeko: batak besteari gauzak aitortzeko momentuaz gogoeta egiteko. Maitatzeko modu jakin batetik ateratzeko, modu inportantea iruditzen zitzaidan hiru pertsonaia horien arteko konplizitatea; batetik, teoria feministatik begira egoera diagnostikatzeko eta, bestetik, berriz, ahizpatasunaren garrantzia azpimarratzeko. Horren bila ari nintzen. Olgarena idazten hasi, eta ohartu nintzen beste bi pertsonaia ere behar nituela hiruren artean harreman sendo bat sortzeko, eta hirurek ezberdinak izan behar zutela, homogeneizazioa saihesteko, zeren emakumeen gainean hitz egiten denean homogeneizatzea da joera.
Feminismotik ari dira hirurak, eta feminismoaren, edo feminismoen teorietatik, oroz gain, Laia. Eta Olgarekin eztabaidan ez gutxitan.
Feminismoak, askotan, maitasun erromantikoaren kontra hitz egin izan du, min handia eragin digulako, gatibu bihurtu gaituelako –eta egia da, guztiz–, baina arriskua da maitasun erromantikoaren kontra jartzetik, maitasunaren beraren kontra jartzera igarotzea. Horregatik jarri ditut Olga eta Laia. Honek esaten du maitasunik ez dela existitzen, maitasunaren kontra ari da; Olga, aldiz, haren kontra ari da, Olgak maitasuna eraldatu nahi duelako. Belaunaldien arteko arrakala ere presente dago…
Bistan dena. Maitasun zaurituak bizi izan dituzte hirurek. Olgak asko sufritu du. Laiak, bere ahizparen zauria darama. Bakarnek ere badu minik franko. Maitasun osasuntsurik ez du inork? Ez ote da posible?
Hilabeteak dira liburua atera zenetik, eta harrezkero hainbat irakurlek idatzi didate –batzuk, gizonak dira; beste batzuk, emakumeak, nahiz gehiago diren emakumezkoak–, eta harrituta nago! Mina aipatu duzu, eta horixe ikusten ari naiz jaso ditudan mezuetan: mina, sekulakoa. Askok eta askok esan didate halako eta halako harremana izan dutela beren bizitzan, edo “urte askoan Martin bat izan dut ondoan, eta lur jota nago”. Mina, baina mina, gero! Transmititu didatenez, liburuaren bitartez aurkitu dute ahizpatasuna, emakumeen arteko harreman edo komunikazioa. Jende askok idatzi dit horixe esanez eta, ni, berriz, harrituta nago, zeren liburuan mina azaltzen da, baina uste dut errealitatean mina handiagoa dela, nik azaltzen dudana baino.
Nobelak literatur dimentsioa gainditu du, hortaz?
Baietz esango nuke. Kontatzen didatena irakurriz, horixe esango nuke. Askok esan didate zein gaizki pasatu duten edo pasatzen ari diren, eta nahiko isolatuta, gainera. Liburua irakurri, eta batzuek esan izan didate: “Azkenean ez nago bakarrik!”. Horrelako mezuak jaso ditut.
Zer erantzuten diozu irakurle horri?
Haren mezua hunkigarria zaidala esaten diot, oso inportantea iruditzen zaidala. Ezin “eskerrik asko!” esan eta kitto. Liburua idazten duzunean horixe bilatzen duzu, konexio intimo bat norbaitekin. Horixe da handiena. Eta ezagutzen ez dudan pertsona batek niri bere min eta gauza intimoak kontatzea, berotasunez, handia iruditzen zait. Eta erantzuteko garaian ere, uste dut beti emozionatzen naizela. Benetan sentitzen dut enpatia. Aitaren etxea-rekin ere gertatu zitzaidan. Beste modu batera, nahi bada, baina orduan ere irakurle askok idatzi zidaten, esanez bere burua nobelan identifikatuta ikusi zutela, zenbait gauza detektatu zituztela. Horixe du fikzioak. Teoriatik ari zarenean zailagoa da inor ezerekin identifikatzea. Besterik da fikzioa irakurri eta zeure burua nobelako edo dena delako pertsonaia egiten ari den zer edo zerekin idenfitikatzea. Hori ezberdina da.
Aitaren etxea-ren kasuan, irakurle gizonezkoek idatzi zizuten?
Bai. Aurretik emakume askok idazten zidaten, eta gizon gutxiagok. Baina nobela haren kasuan [Aitaren etxea], gizon askoren mezuak jaso nituen. Niretzat aldaketa handia izan zen.
Zer dugu Maitasun kapitala, nobela hutsa, edo saiakera kamuflatu bat?
Kar, kar...
Hamaika idazle, hamaika aipu, nahi beste gogoeta, nahi beste artelan…
Nik nobela idatzi nahi nuen. Horretan ez nuen batere dudarik. Baina, egia da, nobela hau zutabe teoriko jakin batzuen gainean eraikia dago. Asko irakurri dut maitasunari buruz, batzuek eta besteek zer esan duten jaso dut. Hortxe nituen apunteak –ohar mordo bat–, eta haiek irakurleari azaltzeko tentazioa ere banuen. Hala ere, fikzioa egin nahi nuen, fikzioaren bidez kontatu nahi nuen maitasuna, teoriak maitasunari buruz esaten duena. Laiaren doktore tesiak aukera eman dit maitasunari buruzko teoria azaltzeko, baina hori baino gehiago, nahi nuen nobelako elementu horiek –aipuak eta artelanak-eta–, maitasunaren errepresentazio izatea. Uste nuen esan nahi nuenari, eta historiari, pisua ematen ziotela, esanez bezala: “Maitasunaz ari gara… eta noiztik ez?!”. Maitasuna kapitala izan da beti, beti izan da inportantea pertsonaren bizitzan. Eta hortxe dira nobelak eta artelanak, maitasunaz ari dira denak.
Emakumezkoak dira nobelako hiru pertsonaia nagusiak, baina hortxe da Martin ere, Olgaren maitasun toxikoaren eragilea. Zer dela-eta arakatu nahi izan duzu pertsonaia horren barruan?
Martin ulertu egin nahi nuen. Ez nuen deabruaren pare jarri nahi. Erakutsi nahi nuen Martinek ere modu jakin batez maitatzen ikasi duela, maitasunaz jaso duen irakaspen konkretu batek neurri handian eragin diola. Gizon horren barruan beldurra ikusi dut. Guri, emakumeoi, maitasunari zentralitatea ematen irakatsi digute, bizitzaren gauza inportantea dela esan izan digute beti. Aldiz, gizonei arriskua ere badela irakatsi dietela esango nuke, ahuldadea erakusteko arriskua, maitemintzeko edota konprometitzeko beldurra. Eta hori ere gauza intimoa da, baina irakatsi egiten da. Horregatik agertzen da Martinen aita ere, maitasuna beti gauza txartzat joz, semeari esanez argi ibiltzeko, emakumeek harrapatuko dutela eta betiko lelo horiek. Behin eta berriz entzuten ditugun gauzak dira, eta Martinen maitatzeko moduan, edo ez maitatzeko moduan, eragin handia izan dute.
Behin, ari ginela, esan zidaten: “Ez da maitasuna, da sexua!”. Eta zure nobelan ere hortxe da sexua, esplizitua, eta guztiz esplizitatua. Zer dela-eta erabaki duzu horrela jokatzea?
Historiak berak eskatu dit horrela idaztea. Ez naiz bila ibili. Uste dut bai maitasuna eta bai sexua oso eremu intimo eta itxietan gertatzen direla, eta oso gutxi partekatzen dela eremu horretan gertatzen dena. Eta gauza asko gertatzen dira, sexuaz gain! Oso leku isolatua da eta, emakumeon kasuan, adibidez, gustuko ez den zerbait gertatu bada, edo ondo sentitu ez bazara, informazioa ez da inorekin partekatu ohi. Uste dut, gainera, mozorrotu ere egiten dela informazio hori. Oso leku lanbrotsua da. Horregatik erabaki nuen toki horretan fokua jartzea: tokian argia piztea eta hor gertatzen dena esplizituki kontatzea.
Bukaera aldera, Olgak esango du: “Ez dakit honezkero zuri [Martin] ari naizen hitz egiten edo neure buruari. (…) Hil zinenetik zuri hitz egitea izan ote den neure buruari gauzak esateko aurkitu dudan modua”.
Olga ondorio batzuetara heldu da, jakina. Nobela guztian bere maitasunaren berrinterpretazioan ari da, zer gertatu den, zer ez, eta ondorio batzuetara heltzen da. Horregatik egiten du galdera: “Gizon horretaz maiteminduta egon naiz, edo maiteminduta egoteaz egon naiz maiteminduta?”. Olgak maiteminduta egon nahi zuen, eta maitatua izatea. Azkenean, esaten du ezin dela inor maitatu zeure burua maitatu gabe, eta horregatik bukatzen da nobela bukatzen den moduan, Olga bere burua maitatuz doa, bere burua maitasun horretan ikusi eta gero.
Azkenaz beste, utzidazu nobelan ageri den joko batez galdetzea: Olga literatura irakaslea da unibertsitatean, eta bata bestearen ondoren ematen dizkio liburuak Martini –azpimarratuta ere bai–, baina Martinek ohepean gordetzen ditu, letrarik irakurri gabe…
Maitasuna era askotakoa izan liteke, eta joko horretan, literaturarekiko eta liburuekiko maitasuna ageri da. Olgak garrantzi handia ematen dio irakurtzeari, Martinek ez. Lehen esan dut maitasuna toki intimoan gertatzen dela, eta berdin idaztea ere: idazleak intimitatean idazten du, eta irakurleak ere intimitatean irakurtzen du. Eta biak elkarrengandik urrun egon arren, konexio intimo bat dago. Nik, berriz, bien arteko antzekotasun hori adierazi nahi nuen, literaturaren bitartezko maitasuna. Beste pertsona edo fikziozko pertsonaia baten bizitzan sartu nahi izatea, jakinmin hori izatea, bada nork bere zilborrari ez begiratzeko modu bat, eta harekiko maitasun bat sentitzea ere.
Irakurlea da Olga, ez irakurlea da Martin… Zure nobelaren mundutik gure mundura etorriz, esaten dute inoiz baino gehiago idazten dela gurean. Aldiz, askoz gutxiago irakurtzen, eta, bestalde, liburu salmenta ere beherantz ari dela. Zer gogoeta eragiten dizu horrek?
Kezkatzekoa da. Niri dagokidanez, esango dizut jende askok esan didala ez duela euskarazko libururik inoiz irakurri, gaztelaniaz irakurtzen dutela, eta, hala ere, nire liburuek jauzia egiten lagundu dietela, hau da, gaztelaniaz irakurtzetik euskaraz irakurtzera pasatzera. Dena dela, hortxe dago kezka: zenbat idazten den, zenbat irakurtzen, zenbat saltzen… eta saltzen den horretatik zenbat irakurtzen den ere ezin jakin! Arrakala handia dago, bai. Orain jendeak nahi beste gauza ditu ikusteko, eta denborarik ez du, edo interesik ez, liburu bat hartu eta patxadan irakurtzeko. Hori ere landu egin behar da, ze irakurketak tempo jakin bat behar du, eta gure bizimodu azkar honek ez digu gelditzeko eta liburu bat hartzeko aukerarik ematen. Bestelako erritmo bat da nagusi. Kezkaz bizi dut egoera hau.
Iazko udazkenean aurkeztu zenuen liburua, hainbat elkarrizketa egin dituzu harrezkero, irakurleen iritziak ere hainbeste jaso dituzu... Nola bizi duzu liburu idatzi ondoko garaia?
Idaztea oso lan bakartia da. Batean, idatzi, eta gustura zaude idatzitakoarekin. Hurrengoan, zaborrontzira botatzen duzu idatzitakoa. Eta liburua argitaratu eta irakurleen mezuak jasotzea, berriz, pozgarria da. Pozgarriena, esango nuke. Bestalde, liburua argitaratuz gero, egin duzu zeure lana: bakarka aritu zara idazten, historian murgilduta, batetik edo bestetik jo dudatan, eta zalantza horiek inorekin ezin partekatuta aurrera egiteko premian. Argitaratu eta gero, idazlea historiatik atera da, kanpoan dago, eta irakurleak gogoratuko dio idatzitakoa, edo galdetuko dio honetaz edo hartaz, edo esango dio zer gustatu zaion eta zer ez.
Nobelak nahi beste idazten dira munduan, baina zure nobelaren amaierako esker ematea bezalakorik doktore tesietan besterik ez ditut ikusi!
Kar, kar… Liburua maitasunari buruzkoa da. Maitasun jakin bat dela inportantea irakatsi digute, beste guztiak alboratuz. Liburuan, berriz, gure inguruan hainbat maitasun daudela erakutsi nahi izan dut, maitasun inportanteak. Eta nobelaren amaierako eskertza horri dagokionez, horixe galdetu nion neure buruari: “Nik zer maitasun dauzkat?”. Eta halaxe egin dut zerrenda hori, maitasun askoz osatua, nire maitasunez.