««Hizkuntza zalantzan jarri nahi dut hizkuntza bera erabiliz»
Idazlea eta argazkilaria zara. Batzuetan, bi lengoaia artistikoak konbinatzen dituzu eta batzuetan bakoitza bere aldetik lantzen duzu. Zeri buruz hitz egiten duzu aukera bakoitzarekin? Ala hitz egiteko era aldatzen da, baina ez mamia? Zuk aukeratzen duzu lengoaia lan egiten hasi baino lehen ala obrak berak aukeratzen du?
Hasiera batean idazketa eta argazkilaritza bi mundu bereizi ziren, eta denborarekin nahasten joan diren arren, batzuetan kostatzen zait biak elkarrekin uztartzea. Hala ere, esango nuke hasiera batetik bi diziplinetan egin dudan lanaren sustraia berdina izan dela, badela ideia edo pultsio bat sortzen dudan guztia zeharkatzen duena: hizkuntzatik, kontzeptuetatik haratago joatea eta erakustea gauza guztiak elkarlotuta daudela, ez garela entitate independenteak, mundua ikusteko, sentitzeko eta izateko beste modu batzuk daudela (normatiboa den horretatik haratago, baina begirada arrazional eta antropozentrikotik haratago ere bai). Agian mamia hori da, baina gai zehatzak lantzeko orduan erabaki behar duzu zein den gai horri forma emateko euskarririk egokiena. Nire kasuan, erabaki hori lan egiten hasi aurretik etortzen da, baina ez nuke esango nik aukeratzen dudanik. Obra dagoeneko dago hor, idatzi edo argazkiak egin baino lehen.
Zer eskaintzen dizu argazkilaritzak, idazteak egiten ez duena (eta alderantziz)?
Argazkilaritzak hitzik gabe, pentsamendu diskurtsiboa alde batera utziz sortzeko aukera ematen dit, eta hori niretzat garrantzitsua da. Egia da ikusmena lehenesten duen gizarte batean bizi garela, eta irudiak ere markoak eta zatiketak ezartzen dituela, ezin diegula gure begirada baldintzatzen duten ideiei edo balio kulturalei ihes egin. Baina hortik dator argazkilaritza analogikoa eta esperimentala lantzeko hautua. Poesian gauza bera egiten dut, edo egiten saiatzen naiz: hizkuntza zalantzan jarri nahi dut hizkuntza bera erabiliz. Zentzu horretan, idazketak (ez bakarrik poesiak, baita ere beste genero edo hibridazioek) argazkilaritzan aditzera ematen den sentipena edo misterioa zabaltzeko, amets batean bezala begiztatu dugun errealitate horretan sakontzeko aukera ematen du. Horrek ez du esan nahi literatura argazkilaritza baino argiagoa denik, baina testuan espazio gehiago dago, nahiz eta kontzeptuen eta arau diskurtsiboen menpe egon.
Orain dela gutxi, Ahizpa beltza poema-bilduma argitaratu duzu Balea zuria argitaletxearekin. Esadazu, nor da ahizpa beltz hori?
Ahizpa beltza identitatearen bikoiztasuna edo hausturari erreferentzia egiten dion adierazpena da. Gure barruan ezkutatzen den itzala da, niaren alderdi iluna. Bestea ere deitu dezakegu, Rimbaud-ek “ni beste bat da” aipu famatuan egiten duen bezala. Tradizio folkloriko eta literarioan askotan topatzen dugu biki maltzurraren irudia: alemanez doppelgänger bezala ezaguna da, eta batez ere literatura erromantikoan, gotikoan eta beldurrezkoan agertzen da. Kondaira eta istorio horietan, besteak gure gorputzaren kontrola hartzen du eta egin nahi ez ditugun gauzak egitera behartzen gaitu. Beste batzuetan gugandik at agertzen da, bitan bananduko bagina bezala, eta seinale txarrekin edo heriotzarekin lotzen da. Jung-ek ere asko idatzi zuen itzalari buruz, nortasunaren alderdi kontzienteak onartzen ez dituen ezaugarriak eta jarrerak biltzen dituela azalduz. Ikusi nahi ez duguna da, erreprimitzen duguna.
Ahizpa beltzak tradizio horretatik edaten du eta jasan dugun biolentziaren ondorioz sortutako bikoiztasuna irudikatzen du. Hala ere, pertsonaia horren gainean dugun ikuspegia aldatzen doa liburuan zehar, eta amaieran ikusiko dugu ahizpa beltzak ez digula minik eman nahi, orain arte bizirauten lagundu gaituela eta babesa behar duen izaki zaurgarria besterik ez dela. Eta hor, iluntasunean, minaren oihartzunean, indar handia dagoela.
Minaren erroetara eramaten gaituen liburua da hau, trauma aztertzen duena. Zergatik da hain garrantzitsua sufrimenduari buruz hitz egitea? Zure ustez, arteak (edo sormenak) sendatu ahal gaitu?
Ezetz esango nuke. Kasu batzuetan sendaketara hurbiltzeko tresna bat izan daiteke, baina ez da erremedio magikoa, eta nik behintzat ez dut idazten sendatzeko helburuarekin. Artearen bidez mina eraldatu dezakegu, zaurietatik abiatuta mundu berriak asmatu. Eta agian gauzak beste ikuspegi batetik ikusiko ditugu, ala beste pertsona batek idatzi edo sortutako lanetan murgiltzen garenean ez gara hain bakarrik sentituko, min hori partekatzeko eta hobeto ulertzeko aukera izango dugu.
Hori esanda, gaur egungo gizarte kapitalista eta kapazitistak mina, sufrimendua, eromena eta gaixotasuna (liburuan agertzen diren gai batzuk aipatzearren) alde batera uzten ditu. Sentitzen duguna prozesatzeko denborarik gabe bizi gara, minari buruz hitz egiteko espaziorik, aukerarik eta hiztegirik gabe. Aldi berean, kapitalismoaren erritmo frenetikoak, estresak, indarkeriak, zapalkuntzak eta egunero irensten, arnasten edo xurgatzen ditugun substantzia toxikoek geroz eta sufrimendu emozional eta gaixotasun fisiko gehiago eragiten dituzte. Baina aurrera jarraitu behar dugu, gertatzen zaigunari buruz hitz egin gabe, ondoezaren berri eman dezaketen hitzak zeintzuk diren jakin gabe. Sintomak ezkutatzen dituzten, baina zergatia bilatzen ez duten pastillak hartzen. Horregatik da hain beharrezkoa minari buruz hitz egitea eta fokua gizartean jartzea. Idazketak ez gaitu sendatuko, baina baztertutako errealitate bat eta kolektibo oso bat diskurtsoaren erdigunera eraman dezake.
Natura oso presente dago liburuan: animaliak, ozeanoak eta basamortuak, magma, sua, euria… eta horren guztiaren gainean, gorputza. Hau da, oso poesia fisikoa da. Zergatik?
Gorputza aipatu dituzun elementu horien azpian edo parean dagoela uste dut, ez gainean, edo behintzat giza gorputz bati buruz ari bagara. Egia da liburu honetan hitz egiten duen ahotsak indar handia duela eta niaren identitatea, apurtuta egon arren, garrantzitsua dela. Baina nire lanean agertzen diren izaki guztiak maila berean jartzen saiatzen naiz, horizontaltasunetik hitz egiten, eta agian horregatik daude hain presente gizatiarrak ez diren entitateak. Horrez gain, ez gara gorputz baten jabeak: gorputza gara, naturaren parte garen bezala. Bizi dugun guztiak maila horretan eragiten digu, eta garen gorputz hori inguratzen duen guztiarekin etengabeko hartu-emanean dago. Baita ere pentsatzen dut adimen eta gorputz gaixo, desgaitu eta neurodibergente bat izateak nire idazketa baldintzatzen duela, batez ere horiek direnean lantzen ditudan gaiak, Ahizpa beltzan gertatzen den bezala.
Gaixotasunari eta indarkeria medikoari buruz hitz egiten duzu liburuan, baina besteen ulertezintasuna edo enpatiarik eza ere salatzen dituzu. Gai hauei buruz, zorionez, gero eta gehiago hitz egiten da, baina nahikoa al da? Gauzak benetan aldatzen ari dira arlo horretan?
Gai horrekin pixka bat negatiboa naiz. Egia da gero eta gehiago hitz egiten dugula osasun mentalari buruz, baina nola egiten dugu? Gehienetan ikuspegi indibidualista batetik, terapia eta meditazioa egitea gomendatuz. “Osasun mental” kontzeptuak berak arreta norbanakoan eta sufrimendu emozionalaren patologizazioan jartzen du. Antsietatea eta depresioaren tabua hautsi dugula dirudi, baina zer gertatzen da ahotsak entzuten dituzten pertsonekin, krisi psikotikoak dituztenekin? Era berean, oraindik gutxi dira begirada gizartearengana zuzentzen duten pertsonak edo tortura psikiatrikoari buruz hitz egiten dutenak. Euskal Herrian pauso txiki batzuk eman ditugu (besteak beste, Bilbon azken urteetan antolatu den Harrotasun Zoroaren manifestazioa, edo Katakraken zapalkuntza psikiatrikoa eta eromenaren autokudeaketaren inguruan gauzatutako jardunaldiak), baina egiteko asko dugu. Are gehiago, intersekzionalitateari buruz hitz egiten denean, eta zapalkuntza-mota ezberdinak ala mugimendu sozialak aipatzen direnean, oso gutxitan entzuten ditugu desgaitasuna eta kapazitismoa bezalako terminoak. Eta entzuten ditugunean, beste batzuk izaten dira hitza hartzen dutenak (medikuak, psikologoak eta psikiatrak, langile sozialak, senideak…). Beraz, ez, ez dut uste nahikoa denik. Asko geratzen zaigu gauzak benetan aldatzen hasteko.
Esaten duzu: «beti/aurrera jarraitu/eta sua kanpoan dagoela ahaztu». Izan daiteke mundua (eta ez gaixoa) berez gaixorik dagoela, eta eriek aurrera jarraitu behar dutela sistemaren gurpilak mugitzen jarraitzeko?
Gaixotasun terminoaren erabilerarekin arazoak ditut. Alde batetik, desgaitasunarekin lotutako mugimendu sozialek adimen eta gorputz ez-normatiboen patologizazioa eta horiek sendatzeko edo zuzentzeko beharra salatu dute, ezberdintasuna errespetatu eta besarkatu behar dugula aldarrikatuz. Ikuspegi horretatik (desgaitasunaren eredu soziala deitzen dena), gizartea da desgaitzen gaituena, irisgarritasun eza, bazterketa eta indarkeria kapazitista edo kuerdistaren ondorioz. Baina non uzten ditu horrek, adibidez, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak? Zapaldutako kolektibo guztiek bilatu dute (edo bilatzen jarraitzen dute) gaixotasunetik aldentzea, baina askotan galdetzen diot nire buruari erabateko gaitzespen horrek ez ote duen gaixotasunaren gainean dugun ikuspegi tragikoa, mespretxuzkoa eta guztiz negatiboa indartzen. Izan ere, pertsona batzuek ezin diogu etiketa horri ihes egin.
Ihes egitearen ideia (gugandik, mundutik, gizartetik, minetik…) askotan agertzen da, baina «ez dakit inoiz gauzen arteko mugak/ikusi ukitu ditudan» ere esaten da liburuan. Nola ihes egiten da mugarik ez dagoenean? Ihes egin dezakegu benetan ala desioa baino ez da?
Niretzat ihes egitea edo aske izatea mugak apurtzea da, ez bakarrik beste aldera salto egitea. Mugarik egongo ez balitz, ez genuke alde egiteko beharrik izango. Batzuetan mugak diskurtsiboak edo kulturalak dira, eta ezin ditugu ukitu, baina horrek ez du esan nahi existitzen ez direnik. Eta ez, ezin dugu gorputzetik edo minetik ihes egin (eta agian hori ez da erantzuna, ez da bilatu behar duguna), gizartetik edo hizkuntzatik ihes egin ezin dugun bezala. Baina sisteman arrakalak ireki ditzakegu, beste aldean dagoena ikusi, asmatu.
Zertan egiten duzu lan orain?
Batez ere gaztelaniaz idazten ari naiz. Euskaraz beste liburu bat idatzita daukat, ziurrenik datorren urtean argitaratuko dena, eta orain mututasuna eta hizkuntzaren mugei buruzko poema-liburu batean lan egiten nabil. Aldi berean, basoaren inguruko poema- eta argazki-liburu hibrido bat prestatzen ari naiz, eta Ahizpa beltzan oinarritutako argazki-serie bat egitea gustatuko litzaidake.