Hitzak Frankfurtetik. Beyond Spain. Herrien liburu azoka eta ekitaldi alternatiboak
Frankfurteko 74. Liburu Azokarekin batera, Beyond Spain. Herrien liburu azoka eta ekitaldi alternatiboak (Frankfurt Alternative Book Fair 2022) antolatu zen joan den urrian, crowdfunding eta hainbat boluntario eta ekintzaileri esker, kultura, literatura, hizkuntza eta hizkuntzen eskubideen aldeko ideia demokratiko, antifaxista eta antikolonialetarako gune seguru bat eskaintzeko helburuarekin.
Azoka ofizialean Espainiaren markapean egon nahi ez zutenentzat, Euskal Herria, Herrialde Katalanak eta Galizako hizkuntzez sortutako literatura eta kultura, eta bertan bizi den egoera soziopolitiko erreala aurkezteko eta ezagutzeko aukera ezinbestekoa izan zen Beyond Spain. Hainbat erakunde, argitaletxe eta autorek (idazle, historialari, politikari eta bestelako ekintzaileek) parte hartu zuten egitasmo horretan, masa-kontsumoko literaturatik eta salmenta-kopuruetatik harantz, ekitaldi kulturalak, produkzio literarioa eta aktibismo politiko soziala ere eskaini zituen eta.
Honi buruz gehiago jakiteko, Petra Elserekin eta Edorta Jiménezekin hitz egin dugu. Hemen dituzue beren iritziak.
Frankfurteko Liburu Azokan Espainia ohorezko herrialde gonbidatua izan den arren, euskarak eta beste hizkuntza koofizialek ez dute oraindik gaztelaniak beste arreta jasotzen. Horrenbestez, Beyond Spain Azoka alternatiboa antolatu da. Zu antolatzaileetako bat zara. Zergatik da hain garrantzitsua horrelako alternatiba bat izatea? Uste duzu egoera hau aldatuko dela inoiz?
PE: Gure planteamendua alderantziz izan zen. Guk argi utzi nahi genuen, Katalana, Euskara eta Galegoa hizkuntzak, kulturak eta nazio propioak direla eta ez dute «Espainia» markako zakuan sartzen uzten. Horretaz gain, Frankfurt bezalako plaza batean Espainiako antolatzaileek hizkuntza aniztasuna erakutsi nahi zuten, baina eguneroko bizitzan hizkuntza politika oso desberdina da eta ez da posible euskaraz, galegoaz edo katalanaz bizitzea. Hizkuntza minorizatuen literaturak kanpoan erabiltzen dira, erakusleihorako, apaingarri gisan, baina egunerokotasunean gaztelaniaren erabilera eskatzen da. Hori ere salatu nahi genuen. Egitasmo alternatibo hori planteamendu propio bat izan zen, sormena eta aurkezpena gure ikuspegitik planteatzea —eta hori aldarrikapen politika batekin lotuta zihoan: independentziarik gabe, beti apaingarri bat besterik ez gara izango. Sormena eta literatura kokapen politikoa daukate beti, norberak aukeratu behar du bere lekua.
EJ: Hasteko ni ez naiz antolatzaileetakoa. Gero, diozun hori —«euskarak eta beste hizkuntza koofizialek ez dute oraindik gaztelaniak beste arreta jasotzen»— ez da azoka alternatiboaren arrazoia. Izenak dioen legez, Espainiaz haraindi gure hiru hizkuntzen atalean eta beste hainbat ataletan bizi dugun egoera azaltzea izan da asmoa.
Alternatibaren garrantzia adimen askea duen edonork ikus lezake. Azkenik, egungo egoera aldetu den ala ez, ziur baietz. Onerantz ala txarrerantz, ez dakit.
Uste duzu azoka alternatiboa arrakastatsua izan dela? Nola ikusten dute atzerriko irakurleek euskal literatura, zure ustez?
PE: Bai. Lortu dugu programa oso aberatsa osatzen. Hogei hizlari eta idazle baino gehiago hartu dute parte hitzaldi eta irakurketetan. Hainbat gai jorratu genuen eta publiko ezberdina erakarri. Publiko politikoa, literaturzale, hizkuntz komunitate desberdinetako publikoa eta publiko gaztea, Espainia estaduaren historia eta gerla zibiletik gaur egun arteko gatazkak ia ezagutzen ez dituztenak.
Osoan lau irakurraldi antolatu genituen, non idazle eta poeta katalanek, galegoek eta euskaldunek beraien obretatik jatorrizko hizkuntzan irakurri zuten eta itzultzaile batek alemanezko testua. Idazleen irakurketak oso formatu zabaldua da Alemanian. Liburu bat entzuten duzu eta testuaz, istorioaz eta idazlearen ahotsaz gozatzen duzu.
Bide hortik aukera eman genuen, euskal literaturaren obra batzuk ezagutzeko —edo berriro entzuteko. Irakurraldietako liburu guztiak zuzeneko itzulpenak izan ziren, Euskaratik alemanera —Miñan, Lagun izoztua, Kilkerren hotsak, Ecce Homo, «Korrespondentziak» (Birgit Vanderbeke eta Laura Mintegiren eskutitz elkartruke).
EJ: Ni neu nirearekin pozik nago. Irakurraldi jendetsua eta leku oso berezian izan zelako. Irakurraldietara etorri direnak galdera horrexeri erantzuteko datu bila etorri dira.
Hainbat jarduera egin diren arren, programan narratiba (eta, bereziki, eleberria) nagusitzen da beste generoen aurrean. Zergatik ez baliatu azokaz beste genero horiek ere ezagutarazteko?
PE: Frankfurteko liburu azoka batez ere eskubideen salmentako azoka da, nazioarteari begira eta Alemaniari begira eragin politikoa du eta askotan literaturarekin edo liburu industria ezer ikusirik ez duten gaien eztabaidagunea da.
Azoka inguruko literatur ekitaldiak berez bertako elkarteek eta hiriko erakundeek antolatzen dituzte. Espainiako egitarau «herrikoia», adibidez, Frankfurteko Cervantes Institutuak antolatu zuen, Frankfurten sustraituta dagoelako eta hori egiteko dirua eduki zuelako.
Guk ere abantaila hori geneukan, Frankfurten sustraituta gaude, hemen bizi garelako (antolakuntza taldea hiru komunitateko diasporako jendeak eta alemaniar batzuk osatu genuen) eta horrela lortu genuen ekitaldi aretoak eta publikoa. Baina guk bolondresak izan ginen, eta hori guztia lortzeko hilabeteko bolondres lana egin genuen, helburu politiko argi batekin —Espainiako erakustaldiari kontrapuntu bat jartzeko eta horren jokoa jokatzen dutenei kritikatu ahal izateko. Horregatik autofinantziazioaren bidea aukeratu genuen, bere muga guztiekin.
Irakurraldietako dagoeneko itzulita dauden obrak erabili genituen eta bidai gastuak aurreratu ahal zituzten idazleekin elkarlana egin. Gazteak eta bertsolaritza ere presente egotea nahi genuen eta egileekin hitz egin genuen, baina ez guk ez beraiek ahal genituen gastuak aurreratu, beraz ez zen posible izan.
EJ: Horretaz ez dakit ezer. Dena dela Beyond Spain egitasmoak aurrera egiten baldin badu hurrengo urteetan hobetuz joango delakoan nago.