Sormen lana :: IZASKUN GRACIA 2023/04/05

  GEREZIONDOEN LORAKETA

 

Udaberria ofizialki martxoaren 20ean (edo 21ean, nori galdetzen diogun) hasten den arren, oro har ez diogu neguari behin betiko agur esaten apirila heldu arte. Edo horrela gertatu ohi zen, behintzat, klima-aldaketak mehatxua izateari utzi zion eta errealitate bihurtu zen arte. Alemanian, alde horretatik gauzak ere aldatzen hasi badira ere, aipatu dudan sentsazio hori oraindik sentitzen da. Are gehiago, esan ohi da udaberria heltzen ez dela harik eta gereziondoak loratu arte. Esan hori, dena den, berri samarra da eta 90eko hamarkadaz geroztik entzun daiteke bakarrik. Zergatik?

Berlingo harresia erori ondoren, Japoniako Asahi telebista-kanalak dirua biltzeko kanpaina jarri zuen abian, Alemanian gereziondoak landatzeko. Herrialdearen bateratzea eta Japoniaren eta Alemaniaren arteko adiskidetasuna ospatu nahi zen horrela, eta hain arrakastatsua izan zen ekimena ezen 9.000 zuhaitz baino gehiago landatzeko nahikoa diru lortu baitzen. Gauzak horrela, garai berriak eta hobeak etorriko zirela eta munduak itxaropena etorkizunean izan ahal zuela egiaztatzeko, lortutako zuhaitzak Alemaniako hainbat hiritan landatu ziren. 

Gereziondoak Berlinen landatzeko unea heldu zen eta, alemaniarrek oroigarriak eta mota orotako sinboloak maite dituztenez gero, Alemaniako hiriburuko lehenengo gereziondoa Glienicker Brücken landatu zen 1990ean. Egia da lekua Berlingo sinbolo garrantzitsuenetariko bat izan dela historian, bereziki Bigarren Mundu Gerra igaro ondoren. Bi Alemanietako biztanleek galarazia zuten zubia erabiltzea eta munduko potentziek hogei urte baino gehiago eman zituzten espioiak (edo agenteak, nori galdetzen zaion) zubi horretan trukatzen, Berlingo harresia erori arte.

Beraz, puntu estrategiko horretaz arduratu eta gero, Berlinen leku bat aurkitu behar zen gereziondoak landatzeko. Haietako asko hirian banatu ziren, baina gehienak erabili ziren gaur egun TV-Ashi-Kirschblütenallee izena duen etorbidea hornitzeko. 1.000 zuhaitz baino gehiago ikus daitezke iraganean bi herrialde banatzen zituen harresia zegoen lekuan. Ibilaldi polita egin nahi duena ehunka metro ibil daiteke gereziondoen itzalean, Japaneckera edo Japoniako txokora iritsi arte. Orain dela berrogei urte, japoniarrak txoko horretan kokatzen ziren dirua biltzeko; gaur egun, berriz, bestelako topagunea da, eta hor familiak, turistak, lagun-taldeak eta abar elkartzen dira eguna edo ordu batzuk gereziondoen lore arrosen behean egoteko.

Gaur egun, gutxik dakite etorbide horren jatorria, nondik etorri diren zuhaitzak edo iraganean, arbolen ordez, porlanezko harresi bat zegoela eta soldaduek alde batetik bestera igarotzen saiatzen zenari tiro egiten ziotela. Batzuetan harritzen nau horrek, herrialde honetan iragana etengabe gogoratzen baita: beti egoten da Bigarren Munduko Gerrari edo Hitleri edo Stasiri buruzko dokumental/saio bat telebistan; eraikinek harro erakusten dituzte bonbek edo tiroek hondatutako fatxadak eta gudetan eta guden ondoren bizi diren tragediak eta izuak  turista asko erakartzen dituzte… Hain zuzen ere, hiritarrek hiriko zenbait oroigarritan zaintzaileak alokatu nahi dituzte, argazki dibertigarriak ateratzen dituzten edo errespeturik gabe pailazoarena egiten duten turistak hortik botatzeko, hutsalkeriak eta ezjakintasunak garrantzitsua estali ez dezaten.

Baina Hannover, Bonn, Berlin eta beste hiri batzuetako gereziondoko kaleetan eta etorbideetan, esan bezala, gutxik gogoratzen dute historia. Egun hauetan loratzen hasten diren zuhaitzak ikustera goaz Berlinen bizi garenok, eta beste oroigarri batzuetan debekatuta dagoena egiten dugu askatasun osoz: ibili, jolastu, txakurra(k) paseatu, senideekin edo lagunekin piknikak egin… Esan nahi du horrek gertatutakoa gainditu dugula eta gure arbasoen akatsak etorkizunean egingo ez ditugula? Ez dut uste, baina hori ez da kontua. 

Kontua da, agian, gainditzeko bidean gaudela. Kontua da udaberria iritsi dela eta gereziondopean ospa dezakegula. Eta, benetako ahaleginak egiten ditugunean, lazturatik edertasuna ere sortu (eta gozatu) ahal dugula. Egin dezagun, bada.

IZASKUN GRACIA