Artikulua :: Asel Luzarraga 2024/06/03

Naturarentzako azken notak

Transhumanismoa pentsaera postmodernoaren gailurra da eta, postmodernismoan ohikoa den legez, iraultzaz, erradikaltasunez, feminismoz, ekologiaz berdintasunez, askatasunez… mozorrotutako aldarri anti-iraultzaile totalitario eta autoritarioa da. Proiektu tekno-kapitalistak agindutako paradisua. Azken iruzurra. Haren oinarria sinplea da, erlijioek behar duten legez, eta haren agintzariak eskura jarri behar digu kultura judeo-kristauak milaka urtez agindutako parresia. Baina ez irudimenezko mundu espiritual batean, ezpada honetan, Lur izeneko planeta materialean, orain eta bizi garen bitartean. Funtsean, Transhumanismoaren arabera gizakiaren agerpenarekin moztuta geratu zen eboluzioaren bidea. Natura okerrez beteta dago -hori “trans” aurrizki horri ezinbestean atxikitako kontzeptu giltzarria: natura okertu egiten da, zu, beharbada, naturaren emaitza okerra zara, baina lasai, teknologia dugu lagun naturak zugan egindako hutsa zuzentzeko…, zure poltsikoak ordain badezake eta bizi osorako ondorioak zeure gain hartzeko prest bazaude-, ez dago munduz kanpoko gidaririk, baina naturaren akatsak konpontzeko tresna daukagu guk: adimena. Are gehiago, laster gai izango gara frogatzeko naturak eman digun adimen biologiko hori gainditu ahal dugula, teknologia lagun: Adimen Artifiziala. Transhumanismoaren arabera, zientzia eta teknologia erabilita, gai izango gara gizakiak arrazionaltasunez diseinatzeko, hobetzeko gainditzeko. Gure kontzientzia, gure adimena, software baten pareko da -haien arabera, noski-. Gure gorputza makina baten pareko. Dagoeneko, makinek gure gorputzek baino hobeto egiten dituzte hainbat lan. Laster, adimen artifizialak gure adimen naturalak baino hobeto jardungo du. Eta gure garunak gordetzen duen guztia software baten eta gure gorputza bere periferikoak dituen hardware baten pareko direnez, zergatik ez irauli hori dena gure biologiaren ahuleziak ez dituen makina bikainago batera? Zergatik ez lortu, teknologia bitarte, betiereko bizitza? Hor gure parresia transhumanista.

Teoria hori zuloz beteta dago, eta ez da txikiena plan hori guztia aurrera eramateko planeta honek eskaintzen dizkigun baliabideak -energia eta mineralak, besteak beste- agortzeko zorian egotea. Gauden puntuan egonda, gehienez ere, gutxiengo hautatu batek izango ditu aukerak gizakiaren eta makinaren arteko nolabaiteko fusioa egin eta transgizaki bihurtzeko. Ez hasi kalkuluak egiten: zu ez zara haietako bat izango. Besteok…, hori baino ez gara izango: gizaki. Gure gaitasun eta ahalmen murritz eta ziztrinekin. Ez duzu luze pentsatu beharko konturatzeko zer toki beteko duten transgizakiek gizarte horretan, eta zein zuk eta biok. Horixe izango da, kasurik onenean, Donna Harawayren Ziborg manifestua ikaragarriak agindutako berdintasuna. Ondo zekien berak, eta aitortu ere hala aitortzen du liburuan, akats txiki hori berehala zuritzeko tona bat zabor postmodernoren azpian.

Honek denak etorkizun urruna eman dezake, edo zoro baten eldarnioa -bai, zoroen eldarnioak daude horren atzetik, baina ez naiz ni zoroa-, baina etxean daukagu, eta uste baino hurrago. Argi dago Netflix dela AEBko Alderdi Demokrataren propagandarako bozgorailua, eta Alderdi Demokrata dela gaur egun mundu osoaren gidaria -Alderdi Errepublikanoak ere bere eginkizuna betetzen du ezin hobeto; besteak beste, karikatura bihurtzea euren plan bikainetik kanpo geratzen den oro, funtsean biak ados badaude ere-. Beharbada, osasunarentzat komenigarri dena baino ordu gehiago eman behar dira Netflixen edukiei begira horretaz jabetzeko, baina hain zaila ere ez da. Azter ezazue, gogoa baduzue, zelan sartzen duten agenda transhumanista haren telesailetan, zein diskurtsori lotuta, eta seguruenik ez duzue alde handirik ikusiko gaur egun ETBk eskaintzen dizkigun edukiekin eta propaganda instituzionalarekin. Ez da zaila ikustea aspaldi erabaki dela ingelesa izango dela etorkizuneko denon hizkuntza, esaterako. Teknologia eta Zientzia -eta Transhumanismoa- ingelesez mintzo dira. Espainian futbola ere bai. Eta gurean zesta punta. Eta aurrerabide mota oro. Gero eta mozorro gutxiagorekin, portzierto. Baina aspaldi erabaki da, halaber, gure etorkizuna transhumanista dela. Ekarri azkar gogora azken bost urteotan euskaraz argitaratu den zientzia fikziozko literatura, eta aztertu zein liburu hauspotu diren eta zein ahanzturaren zakarrontzira bota. Norantz bideratu nahi izan duten gure intelektual gorenek zientziaz, teknologiaz eta etorkizunaz eman behar duten ikuspegia.

Aztertu zelan ari den bultzatzen adimen artifiziala. Zelan gure hizkuntzak ezin duen galdu etorkizunerako trena.

Eta txarrena da berriro egingo dugula topo Sartreren dialektika kabroiarekin. Azken finean, guk geuk gauzatzen dugu historia egunero. Guk bultzatzen dugu berak gu bultzatu beste. Guk dugu gure helburu kontra-helburu bihurtzeko arriskua. Neuk ere sarritan galdetzen diot neure buruari ea egunero bultzatzen dudan mundu-ikuspegiak ez ote duen erraztuko nik gura dudanaren kontrakoa. Ez da broma. Irtenbide bakarra baino ez dut: egiten eta pentsatzen dudana behin eta berriro berrikusi, eta neure buruarekin koherente izaten saiatu. Nire onena eman. Okertzen banaiz, ez dadila nire buruaren kontra jokatuz izan.

Gure harira itzulita, edonon ikusten da adimen artifizialarekiko lilura, eta jendea sutsu ari da harekin jolasten, noraino iritsi daitekeen ikertzen. Normala, bestalde: gizakion berezko ezaugarria da jakin-mina, eta gaur egun zer liluragarriagoa teknologiak noraino eroan gaitzakeen esploratzea baino. Teknologiak gure giza nartzisismoa elikatzen baitu eten gabe, haren borreroa izango dela konturatu barik, seguruenik.

Hala, adimen artifizialak artean eman dezakeenarekin esperimentatzen dugunean, sistemaren ardatzean kokatuta egiten dugu. Erronka zera da: ea makinak egindakoa eta gizakiak egindakoa bereizterik dagoen. Emaitzari begiratzen diogu, emaitzen kulturan kokatu baikaituzte. Bistatik galtzen dugu garrantzitsuena, ordea: prozesua. Gizaki egiten gaituena ez baita gure ekintzen emaitza, emaitza horietara eroaten gaituen bidea baino. Helmugarainoko bizipenak. Idazlea naiz ni, eta niretzat idaztea ez da nobela bikaina amaituta izatea, nobela hori pentsatzeko, idazteko, berarekin gozatzeko emandako urrats bakoitza baino. Hori da niretzat idazteak duen balioa. Aurkitzen ditudan zailtasunak, sormena borborka sentitzen dudan uneak, nire ingurukoekin literaturak sortutako zirrara horretaz partekatzen dudana… Aldatu ardatza makinari. Ez agindu honelako edo halako poema edo nobela idazteko; ez eskatu ez dakit zein margolariren estiloko honelako edo halako margolana egiteko, edo sinfonia bat sortzeko. Esaiozu: zeri buruz idatzi nahi zenuke? Zer kontatu nahi zenuke horri buruz? Zer eragin besteengan? Giza olerkari batek egina dirudien poema egin eta gero, galdeiozu: Zer eman dizu olerki hori idazteko prozesuak? Gozatu duzu? Zer atera duzu zure barnetik? Zer eman dizu hori idazteak? Zer eman gura izan diezu besteei? Beharbada, programatzaileak kristoren algoritmoa asmatu badu, gai izango da zerbait erantzuteko, giza sentimenduak imitatzeko. Azken finean, horretarako dauka eskura guk egunero oparitzen diogun trilioika datu. Guk oparitutako datu horiek kendu eta ezer ez baita adimen artifizial hori. Artifizialtasuna baino ez zaio geratuko, biluzik. Eta trilioika datu horiek izateak bere prezioa dauka, makinari bost axola diona, geuk ordaintzen duguna eta, batez ere, adimen artifizial horren onurez gozatzen ez dutenek: zerbitzariz betetako gelak, eten barik hoztu behar direnak, segundoro tonak eta tonak CO2 isurtzen planeta osoan, guk senti dezagun gure aurrean dugun makina hori pentsatzeko gai dela.

Baina agenda ez da hor amaitzen, eta hemen dator izugarriena: Transhumanismoaren agintzarien artean, kontzientzia izango duten adimen artifizialak agertzen dira. Sentitzeko gai izango direnak. Hiltzeko beldur izango diren makinak. Ez dirudi oso argi zer interes izan dezakeen horrek, baina berriro bueltatu behar dugu hasierako puntura: iraultza patriarkalera. Iraultza horrek, besteak beste, esklabotza ekarri zuelako. Hura izan zuen oinarri munduan zabaltzeko. Alegia, gizakia bera bere proiektu pertsonal gisa ez, eta tresnatzat hartzen duen kultura. Izan jainkoaren plana betetzeko, izan esklaboen jabeena. Abereak gizakien esanetara lehenago. Gizakiak abereen pare gero. Makinak gizakien pare jarri gura dituen ideologia orain. Alegia, gizakiok makinen pare jarri gura gaituena. Azken finean, makina bat gizakiok gizaki ustez egiten gaituen dena imitatzeko gai bada, zein da gizakion berezitasuna? Zein da biologiaren beharra? Zein da materia organiko biziaren pribilegioa? Emetasuna degradatu zen lehenago, harekin batera natura, gizakia bera degradatzeko azken atalaren atarikoan daude. Hasita dago bidea gizakiok maskoten pare jartzeko. Orain makina kontziente sentiberen eskubideen ordua dator. Gizakion deshumanizazioa.

Eta gure errealitate sozio-politikoan agenda hori nortzuek ezarriko diguten jakiteko, gure alderdi guztietako politikarien, gure hurrengo hauteskundeetako hautagaien profila baino ez duzue aztertu behar.

Etxean dugu Transhumanismoa, bai. Jakingo ahal dugu gizaki irauten!

artikulu osoa irakurgai: http://aselluzarraga.com/naturarentzako-azken-notak/

Asel Luzarraga