Naturarentzako azken notak
Aspaldi daukat artikulu hau bueltaka, iaztik bai, gutxienez, orduan hasi bainintzen argiago ulertzen egun bizi duguna duela milaka urte hasitako gerra baten azken atala baino ez dela. Azken atala, oraina hori baita beti, azken atala; baina baita jokoan dugulako ezagutzen dugun giza historiaren azken atala geu izateko aukera ere. Horixe da, behintzat, batzuen ideia, lehen aldiz gizakiok gidatutako jauzi ebolutibo baten atari gisa saldu nahi digutena.
Hamaika dira buruan bueltaka ditudan ideiak, baina ez dut, Bakuninen antzera, artikulu xumea izan gura duena liburu bihurtu gura eta, beraz, ahalegin berezia egingo dut atarikoa laburtu eta harira heltzeko. Honen muina izan gura duenari helduko diot ahalik eta lasterren, berez duela milaka urte hasitako bide baten emaitza dialektiko logiko eta arrazionalean murgilduta baino ez baikaude. Seguruenik, historia luze horretan parte hartu dugun aktore nagusi zein bigarren, hirugarren edo laugarren mailakook inoiz gogoan izan ez duguna. Gure helburuak, norbanakoonak zein kolektiboak, maiz bilakatzen baitira kontra-helburu, Sartrek ondo azaldu zuen legez.
Iraultza patriarkala esango diodana zehazki noiz eta non hasi zen ez dakit ezagutzerik dagoen. Seguruenik hainbat hasiera historiko eta geografiko izan ditu, hainbat bide hartu ditu, eta hainbat modutan zabaldu da. Gure historia geografiko hurbilenari helduko diot, Europakoari, eta hor bai, gutxi gorabehera jakin daiteke gure kontinentean duela 6000 urte inguru hasi zirela, eta ez modu baketsuan, iraultza patriarkal horren ondorioak sentitzen, lehenengo olde indoeuroparrak ukatu eta ezkutatu zaigun jatorrizko kultura zabal eta harrigarria azpiratzen hasi ziren garaietan. Jatorrizko kultura horren azken aztarnatzat har daitezke gugana iritsitako hizkuntza -euskara- eta mitologiaren izenpean erdi ezabatu eta lausotutako sinesmenak, besteak beste. Harrezkero, horrek ekarri duen gerra batzuetan isil beste batzuetan odoltsu luzea gerra sinboliko bihurtu da sarritan, eta hala ulertu behar da, seguruenik, beste geografia eta errealitate kultural batean gaur egun Torah edo Itun Berria izenez zabaldu zen kondaira. Horretan sartzeak eta gure kultura europarraren bilakaeran horrek ekarritako ondorioak, gatazkak, sarraskiak… aletzeak luzeegi joko luke eta artikulu xume honen asmoak gaindituko lituzke. Hori sakonago ikertu gura duenak badauzka eskura Marija Gimbutas lituaniar jatorriko arkeologo apartaren obra ikaragarria (gazteleraz, Las Diosas vivientes liburuan daude haren teoria amaituenak), edo Guillermo Piqueroren lan sakonak, Mitologías salvajes eta En el vientre de Mari, bereziki. Zoritxarrez, badirudi John Zerzanek ez zuela haien berri izan, baina haren obra irakurtzea ere ez da alferrekoa. Aipatutakoak, ordea, oso lagungarriak dira gerra sinboliko horretan bere tokian jartzeko ETBk tai gabe zabaldu duen Baskoniaren historia bat propaganda historizida eta Alberto Santanaren manipulazio historikoa, besteak beste. Esan legez, gure kontinentean gure kultura ama-ardatzekoa duela 6000 pairatzen hasitako gerra ez baita inoiz guztiz amaitu. Haren azken garrek pizturik diraute. Zorionez, esan beharko.
Gure garaiotara iristeko salto handia egin behar denez, eta buruan aspaldi dudan kezka hobeto ulertze aldera, labur azalduko ditut iraultza patriarkala esan diodan horren ezaugarri nagusiak, hemen interesatzen zaidanera iristeko. Iraultza hark erabateko aldaketa ekarri zuen natura, gizakia eta kultura ulertzeko moduan. Sexuen edo, bestela esanda, ar eta eme energien, arteko orekan oinarritutako kultura baketsua deuseztatzeko -arkeologiak eta antropologiak halaxe erakusten baitute, modernitatearen mitoek asmatutako leizeetako gizon biolento eta bortxatzailea erabat gezurtatuz-, niretzat behintzat ilunak diren arrazoiengatik -bat baino gehiago izango zen, eta hura gertatu zen gizartearen barne dialektika ezagutu behar genuke hura ulertu ahal izateko-, lehen helburua emakumeek komunitateetan zuten itzala itzaltzea izan zen seguruenik, baina emakumearen itzal hori ezinbestean zegoen natura osoari lotuta. Iraultza patriarkalak, beraz, artasuna emetasunaren gainetik jartzeko bidean, gizakiaren eta naturaren arteko lotura higatzeari ekin behar izan zion, prozesu luze eta seguruenik tentsioz, kontraesanez eta joan-etorriz betean. Emakumearen itzala itzaltzeak eskatzen zuen, besteak beste, ilargiarekiko loturak moztea. Ilargia, hilabetea, hilekoa… Hamahiru ilbete, hamahiru hilabete, hamahiru ilargi, 28 eguneko zikloak, emakumearen zikloari lotuak, matematika kalkulu handirik gabe 364 egun ematen dituena urtean, nahiko zehatza eta berez zuzentzen zena, azken finean naturaren zikloei jarraitzea baino ez baitago gure egutegia benetan zehatza izan dadin. Ilbeteak, ilbeherak, ilberriak, ilgorak, solstizioak, ekinozioak… Erreferentzia seguruagorik behar da sortu gaituen planetaren ibilbideari jarraitzeko? Moseh ben Maimon XII. mendeko pentsalari judutarrak, Maimonides izenez ere ezagunak, bere Alderraien gidaria obran esplizituki azaltzen duenez, erlijioa naturatik askatzeko, naturaren gainetik kokatzeko, gizarte patriarkalak asmatutako jainkoa naturatik kanpo eta gainetik kokatzeko, hamahiru zenbaki sinbolikoa deabrutu behar zen, egutegia giza borondatearen pean jarri, gizakiok eta ilargia lotzen dituen haria moztu behar zen gurtza faltsuak borrokatzeko. Gero jantziko ziren benetako arrazoiak azalpen zientifikoz eta matematikoz, batere erraza gertatu ez zen ariketa.
Barandiaranek ikertu zuen legez, esan daiteke euskal sinesmenak -eta, beraz, garai bateko Europa osokoak- panteistak zirela -edo ateistak esatea litzateke zehatzagoa, indoeuroparrak iritsi artean sinbolikoki gurtzen ziren energia haiek Mari eta Sugaar gurean, nolabait esateko, ez baitziren jainko inondik inora, natura osoaren eta gizakiaren baitako bizi energiak baino-. Alegia, osotasuna zen natura, haren partaide bat gizakia. Gizakia ez zen naturan bizi, natura zen. Bizia errespetatzen eta gurtzen zen ororen gainetik -eta, biziak ezinbestekoa duen heinean, sexua ere bai, haragia, plazera, bizipoza, eta herioa biziaren atal gisa, ilberriari dagokiona, naturara eraldatuta itzultzeko garaia-. Olde indoeuroparren eskutik, ordea, beste ikuspegi bat nagusitu zen, eta kristautasunak eman zion formarik bukatuena. Torah juduan oinarritua, gizakiek lurra jasoko zuten oinordetzan, bere egingo zuten, natura otzanduko zuten, jainko patriarkalaren aintzarako. San Paulok eman zion azken kolpea, Michel Onfrayk zorrotz aztertu duenez: bere gorputz gaixoberarekiko higuina giza gorputzarekiko, haragiarekiko, gure biologiarekiko higuina bihurtu zen, doktrina katolikoaren oinarri bihurtuta. Haurrak ekartzeko sexua, beraz, onartu behar zen gaitza baino ez zen. Baina perfekzioa haurrak izateari eta, beraz, sexuari, haragiari, erabat uko egitean zetzan haren doktrinarentzat. Kontua ez da horrenbeste aldatu azken hamarkadotan.
Hasi zen fede kristaua gainbehera gure mendebaldean, ordea, baina ez bidea aldatzeko, naturarekiko gorrotoan sakontzeko baizik. Ilustrazioa deitu zaio horri, arrazoimenaren aroa. Utz dezagun pixkanaka unibertsoaz kanpoko jainkoa alde batera, ez dugu behar, benetako jainkoa geu baikara, gizakiok. Geu gara, gure trebetasunen eta adimen paregabearen bidez, natura garaitu eta geure patua nahierara diseinatzeko ahalmena dugunok. Harrezkero, kultura jarri zen aldarean, natura gainditzeko ez ezik, hura zuzentzeko tresna bihurtuta.
Saltoka noa, eta zuek beteko dituzue hutsuneak gura baduzue, iritsi baikara prozesu horren azken geltokira: emetasuna artasunaren pean jarrita, gizakia -gizaki arra eta gizaki eme gero eta artuagoa- espezie guztien gainetik goratuta, kulturak natura menderatuta, azken urratsean sartuta gaude: teknologiak biologia azpiratuko duen unean. Hori besterik ez da jende askok seguruenik entzun ere egin ez duen mendebaldeko kulturaren egungo gidaria, Teknozientzia erlijio berri bideragarri bihurtuko duena: Transhumanismoa. Zientziak berak ez baitu eskaintzen erlijio patriarkalek egindako agintzari nagusia, lilura handiena pizten duena: herioa biziaren parte onartu ez, eta hura ere garaitzea. Historiaren amaiera. Parresia. Horretarako, transzendentzia aginduko digun fedea behar da, eta horixe da batez ere Transhumanismoa.
(Artikulua osoa irakurtzeko: http://aselluzarraga.com/naturarentzako-azken-notak/, bestela ere zatika argitaratuko dugu webgunean)