Natibitatea, urte amaiera… ala solstizioak eta ekinozioak?
Neguko jaiak pasa dira, ezta? Atzean gelditu dira jadanik. Orain, berriz, udaberria heltzen ari da. Inoiz galdetu diozu zeure buruari zer den konkretuki data hauetan ospatzen duguna? Urte amaiera erantzungo du baten batek. Bai, noski. Beste batzuentzat Gabonak, Natibitatea, kristautasunari lotutako sinesmenak… Eta erantzun zuzena da baita ere. Baina kontutan izan datu bat: horiek guztiak gizakiok sortutako erreferentziak edo sinesmenak dira. Eta hori baino lehen… zeintzuk ziren erreferenteak?
Antzinako biztanleek haien inguruneari begiratu eta erreparatzen zioten. Mendeetan zehar, gizakiek denbora markatzeko ilargiaren zikloak eta lurra eta eguzkiaren arteko posizioek naturan eragindako aldaketa ziklikoei jarraituz lortzen zituzten haien erreferentziak. Hainbat erreferente zeuden, haien artean, eguzkia nabarmentzen da denbora markatzeko, argia eman eta bizitzari bidea egiten baitio.
Eguzkia erreferentziatzat hartuta, azaldu behar den lehenengo gauza lurraren ardatza makurtuta dagoela da. Eta ze garrantzia du horrek? Ba makurdura horrek gure lurraldean urteko momentu ezberdinak sortzen ditu, Urtaroak hain zuzen ere. Inklinazioa dela eta, urtean zehar jasotzen ditugun argi orduen kopurua aldatzen doa. Aldaketa honen momentu kritikoak eguzkia urrunen edo hurbilen dagoenean dira, hots, neguko solstizioa –urteko egunik motzena eta gaurik luzeena- eta udako solstizioa –urteko egunik luzeena eta gaurik motzena–.
Eta hori da hain zuzen, gaur egun kontziente izan gabe, ospatzen duguna: solstizioak eta ekinozioak.
Solstizio hitza latinetik datorkigu solstitium (sol sistere). Eguzkia geldirik dagoela adierazten du, handik aurrera ziklo berria hasiko du eta. Eta Ekinozioak –latinetik, aequinoctium– “gaua berdina” esanahia du. Ekinozio batek lurraren eguna erdibitzen du, 12 orduko argia eta 12 orduko gaua emanez. Irailean udazkeneko ekinozioa gertatzen da, eta udazkenaren etorrera adierazten du. Gero, martxoan, naturak berriro ekinozio bernala ekarriko digu, udaberriari bide ematen dion urtearen unea (hori guztia ipar hemisferioari dagokionez).
Antzinako herriek, milaka urteko kultura gehienek, momentu berezi hauek –solstizioak eta ekinozioak- ezagutu eta markatu dituzte. Piramideak bezalako monumentuak erabiliz, egutegiak bezala jokatzen zuten harrizko grabatuetatik igaroz, baita eguzkia arkitekturan sartzen zuten elizetaraino ere, zibilizazioek eguzkiaren igarotzea eta urtaroak zehaztasun handiagoz edo txikiagoz seinalatu zituzten. Eta gainera gure arbasoek, markatzeaz gain, jaiak edo ospakizunak ere egiten zituzten, Eguzkia gauarekiko borrokan irabazten zuela ospatzeko –udan– edo berriro birjaio edo berpizten zela –neguan. Lurra eta Eguzkia existitzen direnetik, hori horrela izan da.
Beraz, gaur egun urte amaiera ospatzen dugu, bai. Baina kontuan hartu egutegia, denbora neurtzeko erabiltzen dugun tresna, geroagokoa dela eta mendeetan zehar aldatuz joan dela. Egutegi bat edo beste izan, ziklo natural hauek ezin dira aldatu. Gaur egungo egutegietan ere, solstizio-errituen berezko elementuak giza asmakuntza horietan antzematen ditugu, data zehazki bat ez etorri arren. Urte bat amaitzen da, ziklo bat amaitzen da, eta kontrakoa hasten da, berri bat.
Era berean, elizak tradizio paganoak gehitu zizkion kristau errituari, eta horri transposizioa esaten zaio. Horrela, modu artifizialean, Jesukristoren jaiotza neguko solstizioarekin bat etorri zen, eta San Joan Bataiatzailearena -beste erreferente kristauetako bat- udako solstizioarekin.
Gaur egun, Internet garaian, espaziora joaten garenean edo hantxe bizitzen garenean Espazio Estazioan, globalizazioaren garaian… euskal gazte bati gai honi buruz hitz egitea prehistoriari buruz mintzatzea bezalakoa da. Sinesmen, errito eta ohitura batzuek milaka urte dituzte eta urte gutxi arte bizirik iraindu dute, landatarren inguruan batez ere. Batzuk mantendu dira, hirietan indarra berreskuratu dituztenak ere badira, baina beste asko eta asko betiko desagertzen ari dira. Gure gazteek antzinako sinesmen hauek eta zeuzkaten esanahiak ezagutu behar lituzkete. Naturari lotutakoak, urte gutxi batzuetan mendeetan zehar bizirik iraun duten erritoak ez galtzeko. Hori da artikulu honen helburu garrantzitsuena.
Nire ustez, interesgarria litzateke oinarrizko gai horiek eskoletan transmititzea, nondik gatozen ulertarazten baitigute, eta funtsezkoa da nor garen ulertzeko. Eta gure ospakizunetan egutegi artifizialak eta erlijioak ahaztu eta jatorrietara, naturaren zikloetara itzultzen bagara? Agian denak zentzu gehiago izango luke.
Azken finean jaiak, baita tradizionalenak ere, belaunaldi bakoitzak aldatzen dituen giza sorkuntzak dira. Oraingoz, goza dezagun hurbiltzen ari den udaberriko ekinozioaz, bizitzaren berpizteaz.