Mundu berriak asmatu
The Insect Crisis liburuaren hitzaurrean, Oliver Milman kazetariak intsekturik gabeko etorkizun posible bat irudikatzen du. Autoreak dioenez, mendiak, lorategiak eta hiriak hutsik geratuko lirateke eta inork ez luke erleen burrunba edo kilkerren kantua entzungo. Polinizatzailerik gabe, elikagaien hornidura agortu egingo litzateke eta animaliak zein landareak hil egingo lirateke, gure planeta hilotzez estalitako lur antzu bihurtuz. Erle robotikoek ez gintuzkete salbatuko ustelkeria eta desnutrizioaren ondorioz sortutako gaixotasun berrietatik. Teknologia ez litzateke nahikoa.
Horrela hasten da uda honetan gaztelaniara itzuli dudan liburua. Ekainaren hasieran, infekzio baten ondorioz, nire osasunak okerrera egin zuen, eta ordutik ohean bizi den organismo bat izatera ohitu behar izan naiz berriz ere. Goizean maindire artean lan egiten nuen, eguerdian aitak ekarritako tuperretatik jaten nuen eta arratsaldean lo egiten saiatzen nintzen, indarrak berreskuratu edo gertatzen ari zena tarte batez ahaztu ahal izateko. Batzuetan, gorputzak uzten zidanean, paseo txikiak ematera joaten nintzen, Iruñerrian oraindik bizirik jarraitzen duten tximeleta gutxi horien bila. Eta hurrengo goizean, berriz ere, pestiziden erabilera, aldaketa klimatikoa eta habitat naturalen suntsiketari buruzko lau edo bost orrialde itzultzen nituen.
Ohituta gaude Milmanek bere liburuan planteatzen duen etorkizuna edo antzeko egoera izugarriak aurreikustera. Imajina dezakegun etorkizun bakarra dela esango nuke. Egunero irakurtzen ditugu hondamendi naturalei buruzko albisteak, streaming plataformak unibertso post-apokaliptikoetan kokatutako filmez beteta daude eta irudikatzen dituzten unibertso horietan inoiz ez da bioaniztasuna berreskuratzea eta bizimodu jasangarri bat eramatea lortu duen zibilizazio bat agertzen. Behin eta berriro, politikariek ezer egiten ez dutela entzuten dugu, eta esan ere bai, errua aberatsena dela, zerbait asmatuko dutela, beste planeta batera bizitzera joan beharko garela. Antropozeno, kutsadura, hondamendi eta iraungipen masibo bezalako hitzak erabiltzen ditugu, sorginkeria edo inbokazio bat ahoskatuko bagenu bezala.
Eta bitartean, munduaren amaierari buruzko poemak eta abestiak idazten ditugun bitartean, denborak aurrera jarraitzen du, tenperaturek gora egiten dute, maiatz-euliak eta sorgin-orratzak desagertzen doaz eta ekosistema berri bat kolapsatu egiten da. Pertsona batzuek beldurrak mugiaraziko gaituela diote. Baina antsietatea benetan ezagutzen dugunok badakigu ez duela ezer onik ekartzen. Beldurrak gorputza geldiarazten du, arazoa alde batera utzi edo ahaztu ahal izateko edozer egitera eramaten gaitu edo, kasurik onenean, pentsatu gabe eta etsipenez ekitera behartzen gaitu. Historian zehar, beldurra sistema zapaltzaileek boterea mantentzeko erabili duten tresna nagusia izan da. Zentzu horretan, argi dago sistema kapitalistak etorkizunari buruz kontatzen ditugun istorioak kontrolatzen dituela.
Milmanen liburua itzultzen aritu nintzen hilabete horietan, nire antsietateak gora egin zuen. Nire gorputzean gertatzen zenak ez ezik, munduari gertatzen zitzaionak ere izutzen ninduen. Beti sentitu dut lotura bat barruan eta kanpoan gertatzen denaren artean: milioika izaki eta mikroorganismoz osatuta gaude, gorputza mundu anitz eta zabal bat izango balitz bezala. Baina oraingoan beldurra zen bi eremuak lotzen zituena. Etorkizun beltz bat besterik ez nuen ikusten, barruan eta kanpoan. Kutsaduraren antzera hedatzen zen gaixotasun bat, nire ehun konektibo ahularen antzera isolatu eta eraitsi egiten ziren ekosistemak.
Sortzen ditugun kontakizunek gure errealitatea, ametsak eta beldurrak islatzen dituzte, baina, aldi berean, mundua eraikitzen dute, gure begirada eta desioa baldintzatuz. Hainbeste denbora igaro dugu munduaren amaierari buruzko narrazioak josten, etorkizun hobe batekin amets egiteko gaitasuna galdu dugula. Mundua amaituko ez dela ere ahaztu dugu. Izan ere, Lurrak aurrera jarraituko du, gurekin edo gu gabe. Ez garelako planeta honetan bizi diren izaki bakarrak. Agian hori da etorkizun hobe batekin amets egiten ikasteko behar duguna: basoan sartu eta begiak itxi, intsektuen burrunba entzun, zuhaitzen azala laztandu. Kapitalismoaren erritmo frenetikotik pixka bat urrundu eta gure buruari nor garen, zer izan nahi dugun galdetu. Arratsaldean lo egiten saiatu, indarrak berreskuratzeko. Eta poema edo abesti berri bat idatzi. Bakarrik ez gaudela gogoratu, esan, kontatu. Entzun. Mundu berri bat eraikitzeko mundu berriak asmatu.