MISTER ELEIZEGIREN ITZALPEAN
Altzoko Handiaren figurak urte luzez piztu ditu euskal iruditerian era askotako hurbilketak, hala nola, historikoak, literarioak, zinematografikoak, akademikoak zein herrikoiak. Haren itzal luzean, belaunaldi askok aurkitu dute tamaina fisikoaz haragoko sinbolismo bat, desberdintasunarena, bazterrean geratzearena, ikusgarritasunaren eta ikusiezintasunaren arteko talkarena, alegia.
Baina badira lan batzuk, hain zuzen ere, pertsonaia historiko horren hezur-haragizko dimentsioa baino gehiago, haren inguruan eraikitako mitoari, metaforari eta ispilu-izaerari erreparatzen diotenak.
Halako lan baten aurrean gaude oraingoan. Koldo Izagirrek eta Joseba Tapiak, edota Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek, elkarrekin sortutako azken proposamena ez da soilik disko bat, ezta liburu hutsa ere, bi arnasaldi elkartzen dituen proposamena da. Paperean idatzitako hitza eta doinu bihurtutako ahotsa dira. Elkarrizketa honen bidez, sorkuntza horren muinera hurbildu nahi izan dugu, bai emaitzara, bai prozesura, bai eta sortzaileek gaur egun bizi duten errealitate kultural eta ekonomikoaren testuingurura ere.
Hasieratik adostu dugu binomio honek ahots bakarrean erantzungo duela. Ez dugu bereizi nahi izan nork esaten duen zer, baizik eta pentsamendu bateratu baten emaria jaso. Horregatik, erantzunak osotasunean ageri dira, egiletza zehaztu gabe, hala nahi izan baitute. Eta irakurlea berehala ohartuko da ez direla erantzun soilak, baizik eta erantzun-ihardespenak, trinkoak eta zorrotzak, ironiaz eta zeharkakotasunez josiak.
Hizpide daukagun Koldo Izagirreren eta Joseba Tapiaren , edota Joseba Tapia eta Koldo Izagirreren lan hau, ordea, ez da bien arteko lehen lankidetza. Aitzitik, urteetako elkarlanaren ondorioa da, elkar ezagutza sakon baten emaitza. Musikak eta literaturak elkar elikatzen duten lurraldean mugitzen dira, eta hor sortu dute oraingoan ere Mister Eleizegi izeneko irudia, aldi berean erreala eta alegorikoa, zehatza eta iheskorra. Azken poesia musikatua edo musika poetikoz osatutako audiodisko hauxe bien artean egindako hamargarrena da. Joseba Tapiak, berriz, bakarkako beste hamar disko argitaratu ditu, eta horrek bien arteko lankidetzaren neurria ematen digu.
Ikuskizun ere baden proiektu honek, liburu-disko izateaz gain, eszenatokira ere jauzi egiteko prestatua da, eta hortik beste dimentsio bat hartzen du, gorputzarena, presentziarena, arnasa partekatuarena. Ondo da jakitea, beraz, Altzako Korrika Kulturalean ikusi ahal izango dugula Donostiako Tomasene kultur etxean, martxoaren 18an, asteazkenean, arratsaldeko zazpietan.
Hala eta guztiz ere elkarrizketa honetan, batez ere, ideiaren barrualdea aztertuko dugu Mister Eleizegi irudia, hau izan baitaiteke, oro-har, Altzoko Handiari eskainitako lanen multzo zabalean, agian, haren irudia aldi berean modu samur eta askotarikoa hoberen islatu duena. Sorkuntza poetiko bateratu honetatik abiatuta, eskaini diguten azken produktu literarioan zein honen sortze prozesuan sakondu nahi izan dugu, baita, bide batez, euskaraz bakarrik lan egitea erabaki duten sortzaileek bizi duten egoeran ere .
Abiapuntu gisa honako galdera nagusia pausatzea derrigorrezkoa da, ezinbesteko zalantza agertzen baita, ia existentziala:
-Zer da Mister Eleizegi: bakardade bat, porrot bat, edo bizitzeko duintasun modu bat?
Gure apoaren edertasuna. Edertasunari buruzko gogoeta. Ustez itsusi eta bazterrekoaren aldarrikatze bat. Handia edo Haundia oso erabilia da gure Eleizegirentzat. Horregatik erabaki genuen Mister izendatzea. Badakizu Mister hitzak misterioa esan nahi duela. Misteriosoa zen, bai.
Erantzun honetan badago, dudarik gabe, adierazpen estetiko bat, baina baita jarrera politiko bat ere. “Apoaren edertasuna” esatean, begiratzeko modu bat aldarrikatzen da, ez kanonetik, ez nagusitik, baizik eta bazterretik. Horixe izan zen "Gaztelupeko hotsak" zigiluarekin batera 1998an bikoteak kaleratu zuen aurreko beste disko-liburuaren proposamena, oraingo honetan ere, nolabait esanda, jarraipena eduki, baduena. Izendatzeak berak -“Mister”- desplazamendu bat proposatzen du zeren Handiaren epika utzi nahi da eta misteriotsuaren lurraldera eraman nahi izan dute mezua.
Gainera, ontziaren hautua, berriro papera eta soinua elkartuz, egitasmo honek forma jakin bat hartu du, disko-liburua, alegia. Ez da kasualitatea. Ez da modaren ondorioa. Bi sorkuntza-tresna elkartzeko modu kontzientea da.
-Disko-liburua da zuek aukeratutako ontzia. Zergatik behar zuen Eleizegik papera eta soinua batera arnasa hartzeko?
Joseba delako musika eta Koldo papera. Gure lan egiteko tresnak dira. Eleizegik behar zituen hitz batzuk barrutik kanpora. Eleizegik behar zuen musika pixka bat. Arnasa hartzeko modurik onena kantatzea da, bestela publikoa nagusitzen zaizu.
Hemen ageri da, bistakoa baita, gure bikotearen lan egiteko moduaren deklarazio bat, hautatutakoa ez baita bakarkako ekintza isolatua, baizik eta bi diziplinen arteko elkarrizketa. Hitza barrutik kanpora ateratzeko beharra dago eta musikak, berriz, arnasa ematen dio hitzari, publikoa nagusitu ez dadin. Kantatzea, beraz, defentsa eta adierazpen modu da aldi berean.
I. Hitza eta soinua: bi arnasaldi
Literaturan maiz esan izan da hitza dela pentsamenduaren gorputza. Musikan, berriz, soinua da emozioaren bidea. Baina hemen biak uztartzen dira, bata bestearen osagarri.
-Testuak kanturako idatzi dira ala kantuek testua moldatu dute?
Eleizegik jarri dio musika hitz hauei. Izugarrizko saioak egiten ditu ziztuka, handik inspiratu ginen. Roger Whittaker afizionatu hutsa.
Jakina, ironiak bere lekua du erantzunean. Eleizegi bera bihurtzen da konpositore, inspirazio-iturri, ziztukari. Erreferentzia kulturalak, eta haien parodia, ageri dira, tonu serioa eta jolasa nahastuz.
-Eleizegik ez du ozen hitz egiten. Entzuten al zaio isiluneetan?
Eleizegik ozen hitz egiten du. Munduak ez dio entzuten.
Hemen datza beharbada lan osoaren muina. Ahotsik ez duenari entzutea, edo hobeto esanda, entzun nahi ez denari belarria jartzea. Ozentasuna ez da beti bolumena, batzuetan, egia gordina da ozenena, eta hori da deserosoena.
II. Eleizegi, sortzaileen ispilua
Sortzaile orok aurkitzen du bere burua noizbait islatuta sortzen duen pertsonaian. Baina ispiluek distortsionatu ere egiten dute.
Ez. Eleizegi izorratzaileen biktima. Eta apaizen inbidia.
-Zenbat dago Eleizegin zuen biografietatik? Eta zenbat asmatu behar izan duzue egia esateko? Eleizegiren nekeak zuen nekeak ere badira?
Ez dago batere gure biografiatik. Guk dena asmatzen dugu. Eta halere ez dugu beti asmatzen. Egia esateko egia eduki behar da aurrena. Esaguzu nork daukan dirua egia kentzeko egiaren jabeari.
-Asmakizuna eta egia ez dira aurkari, noski. Fikzioa izan daiteke egia esateko tresnarik zorrotzena, baina egia bera merkantzia bihurtzen denean, nork dauka hari eusteko ahalmena?
Bestalde, euskal sortzailea askotan bakarrik ageri da. Zergatik behar du hain bakartia sortzeak?
Ez dugu inoiz bakarrik sortzen. Elkarrekin sortzen dugu. Badugu elkarren beharra. Publikoak gure beharra daukalakoan animatzen gara.
Egiari zor, bakardadea irudi hutsa izan daiteke, baina errealitatean sare bat dago beti, hasi elkarlanaz, segi konplizitateaz eta entzulearen presentziaz buka. Sortzea ez da isolamendua, baizik eta harremana.
III. Prekaritatea: epikarik gabeko bizi-beharra
-Kultur sorkuntzaren atzean dagoen errealitate materiala askotan ezkutuan geratzen da. Halere, ezin da saihestu. Prekaritatea zer da, epikarik gabeko bizi-beharra ala garaiko patu saihestezina?
Ezjakintasunak sortzen du prekarietatea besteak beste. Bai eta bihotzik ezak. Baina barka iezaguzu, prekaritatean bizitzea ez al da epika bat? Inork erosiko ez duen CD bat argitaratzea ez al da epikoa?
Berriro erantzunak buelta ematen dio planteamenduari, izan ere, agian epika ez dago garaipen handietan, baizik eta inork espero ez duen ahalegin txikietan.
-Prekaritateak ez du datu ekonomikorik soilik, nolakoa da?
Hori galdetu Eleizegiri. Gu baino adituagoa da. Badago hamaika Eleizegi munduan.
Prekaritate egoera ez da bakarra, ezta isolatua ere. Hamaika Eleizegi daude, hamaika egoera. Zuek arrazoi...
-Sortzaileak gaur egun zer saltzen du gehien: lana ala bere burua?
Erosiz saltzen gaituzte. Egosten jartzen gaituzte eta azkenik jan egiten gaituzte. Kukubiltxo bezala amaren eltzean.
Irudi gordina da, merkatuak irensten du sortzailea, eta, hura azaltzeko ezinbesteko erreferentzia, Kukubiltxorena, 1984ko "Kalabaza tripontzia" filmean agertzen den euskal mitologiaren pertsonaia amultsua. Koldo Izagirrek sinatu zuen haren gidoia.
-Zer hondatzen du prekaritateak lehenago, sortzeko gaitasuna ala bizitzeko gogoa?
Hori ez dakigu. Hori bestek daki. Prekaritatean egon gintezke guk ohartu gabe. Guri gertatzen zaigu karitatea zer den ikustea. Bizitzeko gogoa izaten dute karitateak besotan hartzen dituztenek.
Nabari da, bikotearen estiloaren arabera, ironia eta tristura uztartzen direla honako ihardespenean.
-Ba al dago momenturen bat non sortzaileak pentsatzen duen - “Hau ez da bizitza”?
Sortzaileak ez dakit. Eleizegitarrak seguru. Eskerrak Tamesisen batzen zela belaginekin. Haiek samurtzen zioten bihotza.
Ohi denez, bada, irudi poetiko batek ixten du pasartea.
IV. Amaiera – Eleizegiren azken galderak
-Azken zatian, etorkizunari begirako kezkak ageriko dira, eta haien artean, honako kezka hauxe, zera, Eleizegik zer beldur du gehien, entzuna ez izatea ala gaizki ulertua izatea?
Honen antzeko kantu gehiago behar du. Bistaratu behar dugu Eleizegitarren bandera. Munduak ez du ezertarako balio Eleizegitarrik gabe. Horregatik joan zen Altzotik Londonera grabitatea eten zezaten.
-Altzoko handiarekin liburuak, filmak eta ibilbide balizatuak ere egin dira, liburu-disko honek zerbait utziko du atzean?
Kontakizun bat. Deiadar bat. Lekukotza bat. Abisu bat.
Edertasun bat: Prekarietatea… Zenbat prekarietate?
-Euskal kulturak entzungo al ditu bere Eleizegiak?
Horixe baietz. Hortarako ari gara.
-Baina, benetan, zer da kultura? Entzuteko papera? Ulertzeko era?
Gure lepotik betetzeko kartera!
-Eleizegik entzuleari zer esango lioke gaur, belarrira, isilka?
Uhuuuuuu!
Ezin buka Izagirrek eta Tapiak edota Tapiak eta Izagirrek sortutako kantu-bilduma hau izan litekeela, oro-har, Altzoko Handiari eskainitako agerpen multzo zabalean, agian, haren irudia era amultsuaz hoberen islatu duena berretsi gabe. Sorkuntza poetiko bateratu honetatik abiatuta, eskaini diguten azken produktu literarioan zein honen sortze prozesuan sakondu nahi izan dugu, baita, bide batez, euskaraz bakarrik lan egitea erabaki duten sortzaileek bizi duten egoeran ere, jakina.
Elkarrizketa irakurtzean, pentsamendu bateratu horren gaitasun sintetiko eta dialektikoaz ohartuko gara. Erantzunetan ez dago ezer soberan, baina ez da falta literatura onaren ezaugarri den ironia edo beharrezko erreferentzialtasuna.
Askotan, diskoei, liburuei edo ikuskizunei buruzko elkarrizketak autopromoziozko publizitate-ariketa soilak izaten dira. Elkarrizketa honetan, berriz, hausnarketa bat irakurtzeko aukera dugu, propagandatik urrun, aurkeztutako produktu berria saltzeko ez diren alderdiak jorratzen dituena. Horrenbestez, honetan, batez ere, ekoizpen-jarduerarenei begira diren alderdiekin ere egin dugu topo, euskal kulturaren beharrekin harreman gutxi edo batere zerikusirik ez duen espektakuluen merkatua desarautuak nola euskarazko sortzaileek bizirik iraun ahal izateko modua nozitzen duten agerian uzten duena. On egin, balizko irakurle hori...
Ildo horretatik, hemen eskaini dizkiguten erantzun batzuk ia sarkastikoak dira Eleizegiren espirituaz hitz egitean, eta, horrela, Eleizegi bera sinboloa eta literatur gakoa bihurtzen da egileek egiten dituzten kritikak ulertarazteko.
Irakurketaren oinarri horietatik, zuzenean ekin diezaiogun diziplina anitzeko sortzaile horiekin izandako elkarrizketari, gai izan baitira, beste behin ere, euskal kulturaren berezko iruditeriatik ekarpen ludiko bezain sakona, dibertigarria bezain atsegina, hurbilekoa eta aldi berean misteriotsua eskaintzeko.
Ez dugu ahaztu behar, bada, "Mister Eleizegi", audioliburuaz edo liburu-diskoaz gain, ikuskizun bat ere badela, eta, hala, berandu baino lehen Euskal Herriko txoko nahiz aretoetan horretaz gozatzeko aukera izango dela.