Artikulua :: Idoia Carramiñana 2025/03/12

Mentore-Mentoretua, elkarri elikatzen dion binomioa

Zorionekoa izan zen Telemako, aita Ulises urruti izan zuen bitartean, Mentor bidelagun edo aitaorde delakoa izan baitzuen. Horrenbestez, ahots hori ez dugu berria, mentorearena irudi iraunkorra baita gure historian barrena. Literaturaren haritik tiraka, asko izan dira odisea bilakatu diren lanak, hain zuzen, eta baita ere horri egoki aurre egiten jakin barik gelditu diren beste horrenbeste idazle-heroi. Idaztea, sortzea eta, azken batean, irudimena askatzea, benetan oso zeregin atsegingarriak badira ere, ideia batek trabatuta utzi gaitzake edozein momentutan, eta, ezintasun horretan iltzaturik, baliteke istorio batzuek inoiz argirik ez ikustea.
 
Izan ere, batzuetan beharrezkoa suertatzen da idazketa prozesuan gidatu ahal zaituen norbait ondoan izatea. Eta hala, hain zuzen, adierazi du prentsaurrekoan Euskal Idazleen Elkarteko Mikel Ayllonek: “existitzen den behar bati erantzuteko sortu da Mentoretza Programa”. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, aspalditik bazkideek eta baita idazleek ere planteaturiko eskabidea abian jarri ahal izan da azkenik. Ez da, hortaz, harritzekoa deialdiak izan duen harrera bikaina. Ezagutarazi den bezala, guztira 40 egitasmo jaso dira, eta, egia esan, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula lehenengo edizio baterako. Horrexegatik beragatik, 2025eko urtean zehar deialdi berria zabaltzeko asmoa azaldu dute.
 
Aurkeztu dira genero anitzeko proiektuak: narratiba, poesia, antzerkia, saiakera, komikia, album ilustratua, ipuin bilduma eta autofikzioa. Ez dirudi bat bera ere agertu gabe geratu denik. Baina, azkenean, guztien artean, eleberria, poesia eta eleberri beltza izan dira hautatuak. Eta honako hauek gure alegiazko Telemakoak: Miren Artexe Sarasola (Pilar Villabona eleberria), Erika Alonso Edeso (Sarraila poesia lana) eta Danel Lauzirika Erkiaga (Jai-alai eleberri beltza). Mentoreak direla eta, 18 bazkidek aurkeztu zuten euren burua gida edo sostengu lana egiteko prest. Irati Jimenezek, mentoretako batek, aipatu du, nolabait, zorionekoa sentitzen dela literaturaren zeremonia magikoaren parte izategatik, eta literaturarekin duen zorraren ordainez, beste idazle batzuei laguntzea gogobetegarria dela oso.
 
Hiru sarituetako bi bertan izan dira beren iritziak partekatzeko. Erika Alonsorentzat, adibidez, bere poesia lanak zorrotik ateratzen dituen lehen aldia izango da, eta adierazi bezala, sentitu zuen bazela erdiratzeko garaia. Gainera, idazle trebatua bidelagun izateak segurtasuna eta konpainia gehitzen dizkio bakarrik senti zaitezkeen jarduera horri. Bere kasuan, Asier Serranoren eskarmentua izango du lagun.
 
Danel Lauzirikarentzat ekimen honetan izena ematea aitzakia ederra izan da aspaldi hasitako egitasmoa berreskuratu eta hari ekiteko. Aitortu du idatzitako orriekin batera ere, zalantza asko nahastuta dituela, eta horiek gainetik kentzea espero duela programari esker eta horrek eskatuko dion diziplina berriaren bidez. Halaber, oso positiboki nabarmendu du deialdian inskribatzeko modua, oso erraza egokitu baitzitzaion. Literatur bidaian bidelagun Pako Aristi izango du berak.
 
Irati Jimenezek, beste aldetik, Miren Artetxeren lana hartuko du mentoretzapean. Jimenezek azpimarratu du horrelako jarraipen estuak eta elkarlanak eragin benetan onurgarria izan dezakeela idazleengan. Idazketa ez delako irakasten musika, kasu, irakasten den bezala.
Ondorenez, idazleak askotan itsumustuka ari delaren susmoa izaten du. Badirudi idazten orok dakiela, baina idatzi nahi duenak ere ikasi behar du nola idatzi. Nahiz eta mekanikoki jakin paper gainean zelan lotu hizkiak eta osagaiak subjektuari, ariketa literarioak egitea beste zeozer badelako. Badu teknika eta ezagutu behar da. Eta hori da Elkartetik sustatu nahi dena, alde batetik, autodidaktismoa zokoratzea; eta bestetik, idazleek beste idazle batzuk ondoan izanda lan egitea. Horrek guztiak profesionaltasunez jantzi egingo du idazketa den lanbidea.
 
Dena dela, zorionez, idazlearen ogibidea ahalegina agintzen duen lana izan arren, ez da bistatik galdu behar, aldi berean, honek gozamenarekin eta jolasarekin duen harremana.
Hortaz, idaztea jolastea ere den heinean, nork nahiko luke bakarrik jolastu? Horra hor Euskal Idazleen Elkarteko Mentoretza Programaren 1. edizioa. Bejondeizuela.
Idoia Carramiñana