zutabea :: NEREA LOIOLA 2022/05/25

MENAGE A TROIS

Eseri aulki batean edo meditazio-kuxin baten gainean, bizkarra tente baina erlaxatuta. Nahi baduzu, begiak itxi ditzakezu. Dio bozgorailutik meditazioko mugikorreko aplikazioak. Elisak ohearen gainean utzi du mugikorra eta logelatik atera da. Gaurko saioan gure gorputzaz jabetuko gara eta duintasunez betetako jarrera bat emango diogu. Dio bozgorailuko emakume ahots goxoak. Valeria, esaten dio Elisak. Mantso mintzo da Valeria, melodiko. Sakon hartu du arnasa Elisak, bere gorputza korridore bukaerako ispilu luzearen parean jartzean. Denbora asko da gorputz horri azken aldiz horrela erreparatu zionetik. Gizonezko batekin zita bat izan zuen azken alditik, akaso. Izango dira bi urte. Ariketa honekin, informazio hau bidaliko dugu burmuinera: zure buruaz fidatzen zara. Hartu ezazu jarrera tentea, erosoa eta duintasunez betea. Dio Valeriak. Terapeutak gomendatu zion mugikorreko aplikazioa jartzeko antsietatea pizten zitzaion momentuetan. Pisukide bilakatu zaio Valeria, alabaren ahotsa baino ezagunagoa egiten zaio jada. Bularretan jarri ditu begiak Elisak. Bere txikitasunean sendo eta borobil sentitu ditu, errespetu guztiak galduta. Horrelakoetan gogora etortzen zaio freskotasun hura alabari bularra eman ez izanaren ondorioz izan daitekeela. Zuzendu kontzienteki zure bizkarrezurra, tentsiorik sortu gabe. Eta kontzienteki zuzentzen zaren bitartean, barne-duintasun sentimendua aitortu zure buruari. Dio Valeriak, eta isilune baten ondoren lehen gong kolpea aditu da.

Egun batetik bestera agertu zen antsietatea, ageriko arrazoirik gabe. Izena jarri dio honi ere: Antsi. Terapeutak esan dio ez dela egun batetik bestera desagertuko, baina joango dela. Gonbidatuen logela eman dion arren, Antsi gauero sartzen zaio ohean eta, orduan, Valeria ekartzen du Elisak. Menage a troi psikotropiko betean joaten zaizkio lotarako behar zuten orduak. Ispiluaren aurrean alde batera eta bestera biratu du gorputza, mugikorrekin atera daitekeen 360 graduko argazki panoramikoa lortu nahian. Orain oin puntetan, orain burua makurtuz, orain goratuz. Hartu arnasa sakon eta bota. Hartu eta bota. Hartu eta bota. Dio Valeriak. Bi bularrak eskuekin heldu, goraka eraman eta erortzen utzi ditu.

Ezingo didazu lagundu gaur… -esan du Elisak mugikorra belarrian jarri baino lehen ia.

Atzoko festa luze joan zen, ama… Bitan pasatu naiz komunetik botaka egitera, eta marea-marea eginda nago… sentitzen dut.

Alabaren ondoeza berak prestatutako marrubi tartak eragin ote duen pentsatuz utzi du telefonoa egongelako mahaitxoan, bere betiko tokian, arrosa usaineko kandelaren eta mandoaren artean eta play botoiari eman dio berriz. Saio honek lagunduko dizu aurkezten zaizkizun erronkei konfiantzaz eta erabakitasunez aurre egiten. Mugikorrari begira geratu da, alabarekin batera egitekoa zena bakarrik nola egingo duen irudikatuz; bakarrik egin nahiko lukeela pentsatuz. Ez dio Antsi eta Valeriarena kontatu, ez du alaba kezkatu nahi. Oraingo honetan ere lortuko du aurrera egitea. Hori esan dio terapeutak. Antsi hizketan hasi zaio, hesteak korapilatzen, bularra estutzen. Sofan eseri, eskuak belaunen gainean jarri eta Valeriaren ahotsean jarri du arreta Elisak. Lasaitu zaitez, egiaztatu zure masailezurra eta sorbaldak ere erlaxatuta daudela.

 ***

Norbait ezaguna topatuko duelako esperantzarekin sartu da trenean. Baina jendez beteriko bagoi huts batean dago. Emakume gazte baten ondoan eseri da. Poltsa jarria zuen aldameneko eserlekuan inor ondoan ez esertzeko. Eguraldi ederra edo goiz polita bezalako zerbait esan dio Elisak. Hitz egiteak Antsi isilik edukitzen laguntzen dio. Bai, bai. Oso, erantzun dio emakumeak. Hitzak markatuz lehor eta hotz. Epeltasun zantzurik gabe. Noranzko berean doazen bi bidaiari paralelo direla onartu behar izan du orduan, inoiz elkar ebakiko ez dutenak, trenbideko errailak nola.

Ondoko emakume gazte, hotz eta paraleloa hatza mugitzen hasi da. Gona motz baten gainean duen eskuko hatz erakuslea. Gonari lehendabizi eta bere ustez honek estali beharko lukeen izter-alde zuriari begira geratu da Elisa. Denbora gehiegiz. Hala adierazi dio gona jaisteko besteak egin duen keinuak, hankak gurutzatu eta atzamar dantzari ekin dio berriro. Gehiegi urduritzen du bestearen urduritasunak, horrela ez du lortuko egin behar duena egitea. Atzean ikusi duen eserleku huts batera aldatu da. Aurikularrak jarri eta begiak itxi ditu Valeriaren ahotsa entzuteko, arnasa biriken hondoraino iristeko. Lotura estua dago zure garunaren eta gorputzaren artean, biek eragiten diote elkarri. Zure gorputz-posizioa zenbat eta tenteagoa eta lasaiagoa izan, orduan eta lasaiagoa izango da zure burua, eta alderantziz. Pixkanaka, trenaren balantza goxora egokitu du arnasketa. Imajinatu koroa daraman erregina zarela eta, beraz, burua tente eta zuzen duzula. Nola sentituko zinateke zuretzat bereziki egindako tronu batean eserita bazeunde?

Buruaren kulunkatze bortitzegi batek begiak zabaldu dizkio, trena geltokira iristen ari da dagoeneko. Alkandora eta galtzak bi eskuez lisatu ditu, kanpoaldea atonduz barnealdeko olatuak ere baretuko direla sinetsi nahian, eta poltsa barrena aztertu du beharrezko dituen guztiak bertan daudela baieztatu arte. Egin azken arnasketa sakon bat. Dio Valeriak. Geltokiko atea zeharkatu eta sakon hartu du arnasa kanpoan. Gong kolpea aditu da. Zorionak, zure meditazioa gauzatu duzu. Begiak itxita bazenituen, zabaldu itzazu pixkanaka. Ezustekoa hartu du geltoki kanpoan alaba bere zain aurkitu duenean, eskuarekin agur egiten ari zaio beste aldeko espaloitik. Aurikularrak eta mugikorra poltsan gorde eta alaba agurtzera joan da, irribarretsu.

 

NEREA LOIOLA