Artikulua :: MIREN MINDEGIA 2023/09/27

Matxirulo kezkatiari

“Benetan uste duzu gaur egun oraindik ez garela berdintasunean bizi? Eta zeintzuk dira emakumeei falta zaizkizuen eskubideak, bada?”, “Muxu bat eman al zaitzaket? Galdetzen dizut ze batek daki, gauzak nola dauden ikusita…”, “Ez duzu uste gauzak tonu hobeagoan adieraziko bazenute haserre zaudetela iruditu gabe, hobe ulertuko liratekela aldarrikatzen duzuena?”. Azken aldian inguruan entzun ditudan galderetako batzuk dira, niri egindakoak batzuk, zeharka iritsi zaizkidanak besteak. Akaso ez liteke galdera ere deitu behar halako hitzartzeei, izan ere galderen izatearen baitan dago erantzun bat bilatzea edo, askoz jota, ebidentzia bat agerian uztea. Ez bat ez beste, helburu bakarra galdera jasotzen duena zalantzan jartzea bada. Ez-galderak deitu zitekeen, edo sasi-galderak. Erasoak, azken finean.  

Segur nago ez naizela bakarra eraso hauek areagotu direla nabaritu duena. Azken asteotan, onddoak bezala atera dira, han eta hemen, euren maskulinitateaz arduratuta dauden matxirulo kezkatiak, lotsa arrastorik gabe nola jokatu ere ez dakitela azaltzen sare sozialetan, emakumeei “galdetzen” nola jakin dezaketen “bizitza osoan bezala” egin direnak nola egin. Aski ongi dakigu pertsonala politikoa dela, eta jokabide honek ere badu azalpen bat bizi gaituen sistemaren botere-egituraren baitatik atzematen dena. Aspaldikoa da kontua. 

Horren bueltan hitz egin zuen jada Audre Lorde pentsalari feministak 1979an. The Master’s tools  (Jabearen tresnak) hitzaldiaren bukaeran, hala adierazi zuen: “Gaur egungo emakumeengandik espero da gizonen ezjakintasunaren arraila murriztea eta gizonak heztea gure existentziarekiko eta gure beharrekiko. Tresna hau zapaltzaile talde guztien lehen tresna ohikoa bezain zaharra da, zapalduak zapaltzaileen eskaerekin okupatuta mantentzea helburu duena”.  Handik urtebetera Massachusettseko Amherst Collegen eskaini zuen Adina, arraza, klasea eta sexua: emakumeek diferentzia birdefinitzen hitzaldian are gehiago sakondu zuen ideia horretan: “Ustezko komunikazioari ekiteko beharra planteatzen den bakoitzean, gure zapalkuntzari etekina ateratzen diotenek gure ezagutzak haiekin partekatzeko eskatzen digute. Bestela esanda, zapalduen erantzukizuna da opresoreei beren akatsak zein diren erakustea”. Hala, Lordek azaldu zuen moduan, pertsona beltzek eta Hirugarren Mundukoek jende zuria hezteko ardura dute, emakumeek gizonak heztea espero da, gay eta lesbianek heterosexualak. Horrela mantentzei baitira bere lekuan kolektibo zapalduak. “Zapaltzaileek”, borobiltzen du, “beren jarrerari eusten diote eta beren ekintzen erantzukizuna saihesten dute”. 

Hor dago, hain zuzen ere, gakoa: erantzunkizunean. Izan ere, gizon zuri zis heteroaren neurrira eraikitako sistema batean, bere erantzunkizuna da, lehenik eta behin, euren burua sistema horren baitan kokatzea; eta bigarrenik, euren buruarekiko hausnarketa sakon eta zintzoa egitea, benetan berdintasunaren aldeko jarrera bat baldin badago euren hitzetan. Izan ere, nekatuta gaude. Eta haserre, baita. Guk gure bidea egin dugu eta horretan jarraitzen dugu zapaltzen gaituen errealitatea atzemateko, gure baitan ditugun eta oprimitzen gaituzten ideiak, pentsamenduak eta jarrerak deseraikitzeko, berriak sortzeko, gure pribilegioetaz kontziente izateko, baita. Bidea egin zutenengandik ikasten jarraitzen dugu, urratsak ematen, ikuspegi desberdinak atzematen, eztabaidatzen, esperientzia desberdinetatik hazten. Mundua aldatu nahi dugu eta ez dugu gelditzeko asmorik. 

Ez da gure erantzunkizuna zapaltzailerari ezer irakastea. Jakin nahi duenak –esan gabe doa benetako jakinmin bat egon beharra dela benetako irakaspen bat gertatzeko–, bila dezala informazioa. Irakur dezala Audre Lorde. Egin dezala bere kabuz deseraikitze ariketa bat. Entzun dezala mugimendu feministak dioena. Ez dezala sasi-galderarik egin. Egon dadila ixilik. Eta jakin nahi ez duen matxirulo kezkati horri zer esan, prestatu zaitez bazterrean utziko zaituen mundu batentzat, dagoeneko eraikitzen ari garelako. 

MIREN MINDEGIA