Maitasun kantuak
Ezin dut zu gabe bizi. Zurekin egon nahi dut gau eta egun. Neska, erotu egiten nauzu. Nire bizia emango nuke zuregatik. Honako hauek, edo antzeko beste lelo batzuk, edozein hizkuntzatako maitasun kantuetako hitzetan txertatu izan dira. Gaur egungo ikuspegitik, ordea, lelo horiek, maitasun erromantikoaren isla argiak direnak, kurtsi samarrak iruditu ahal zaizkigu. Maitasunezkoak dira historian zehar konposatu diren kantuen kopuru handi bat, baina, halako mezuekin, ez al dira zaharkituak gelditu? Duela urte batzuk maizago erabiltzen zirela uste dut. Reggaetoia albo batera utzita, (nik entzuten ez dudan musika estiloa, ez dudalako gustuko), pop, rock edo heavy metal estiloetan, ez daudela hain boladan esango nuke; musikariek ez dituztela lehen bezainbeste sortzen. Orduan, galdera egin dezakegu: maitasun kantuak desagertzeko bidean al daude?
Halako leloak zaharkituak geratzeko gizartearen eboluzioak eragina izan du, jakina. Idatzi ziren garaiko fruituak dira kantuak, asko eta asko iraganean indarrean zen maskulinitate eredu jakin baten emaitza. Baina maitasun erromantikoa auzitan dagoen garaian gaude; gizon eta emakumeen arteko harremana ez da lehengo bera, berdintasunaren bidean urrats handiak eman direlako. Feminismoaren gorakadak, esate baterako, iraganean abesten ziren kontu batzuk erabat desfasatuta utzi ditu. Gizonak emakumea babesteko jaio zirela eta antzeko kontuak azaltzen zituzten hitzak lekuz kanpo daude. Halaber, iraganean, batzuetan, genero markak ezartzen ziren abestietan; gizona emakumeari zuzentzen zitzaion, edo alderantziz. Gaur egun, aldiz, sexu aniztasuna aintzat hartzen da.
Bikotekide bakarrarekin bizi osoa pasatzearen kontu tradizionala zaharkituta dago, zenbaiten iritziz. Lehen, bazirudien bikotea osatzen ez bazenuen zure bizia ez zela osoa; orain kontua aldatzen ari da. Pertsona batzuek ez dute bikotekide batekin harremana osatu beharrik ongi sentitzeko eta erlazio afektiboak lagunekin, maskotekin etab. garatu ditzakete. Izan ere, lehen, bakarrik egotea saihestearren, nahiz eta harekin gaizki konpondu, pertsona batzuek norbaitekin egotea nahiago zuten, kosta ahala kosta. Baina, gaur egun, bikotekide bat izatea ekarpena baino gehiago zama astuna izan daitekeela pentsatzen dute. Izan ere, elkarbizitza ez da erraza. Eta ez da erraza izango etorkizunean ere. Beste pertsona batekiko harreman iraunkor bat mantentzeko gogotik saiatu behar da, maitasuna egunero ureztatu behar den lorea dela badakigu (ui, ze poetikoa geratu zaidan!).
Mendebaldeko gizarte postmoderno honetan pertsona asko bakarrik bizi dira. Hortaz, norengan pentsatu dezakete maitasun kantuak aditzean, bikotekiderik ez badute?. Egia da aro hiper-errealista honetan, askorentzat bakardadea eramatea errazagoa dela teknologiari esker. Pertsonen arteko erlazionatzeko modua aldatu egin da; jada ez dago tabernara joan beharrik ligatzeko, telefono mugikorretik ezagutu dezakegu jendea. Baina, hori gutxi ez balitz bezala, adimen artifizialak gaur egun daraman abiadarekin, pertsonen ordezko birtualak garatuko dira epe motzera. Bakoitzak bere apeten neurrira diseinatutako abatar batekin hitz egin eta ligatu ahalko du. Spike Jonzek 2013 urtean aurreratutako Her filmera iritsiko gara? Pelikula horretan Joaquin Phoenix aktoreak gorpuztutako pertsonaia makina batez maitemintzen zen. Ez da zaila datorrena irudikatzea. Ez dut esan nahi pertsonak ez direla aurrez-aurre egongo. Baina, zenbaiten kasuan, pertsona fisikoak ordezkatzera iritsiko dira makinak.
Beraz, ez dira gutxi musikariek aintzat hartu behar dituzten kontuak abesti bat konposatzerakoan. Arimara iritsiko zaigun melodia sortzearekin batera, zorrotz zaindu behar dute zer idazten duten. Baina, maitasun kantuek ez dute zertan desagertu. Mezuak gaur egunera egokituta ematean asmatzen badute, ale ederrak konposatu ditzakete. Hala egiten badute, iraganean bezala, geroan ere, musikak jarraituko du gizakia hunkitzeko ahalmena izaten. Horregatik, arte zoragarria izango da, zeren bizitza ez bailitzateke hain ederra musikarik gabe.
JON EUGI