Kronika :: Maddi Artetxe Kanpo 2024/10/07

Maitasun(a) kronika: (mait) asuna

Euskaltzaindiaren hitzetan maitasuna da: norbaiten edo zerbaiten alderako atxikimendua sortzen duen joera edo sentimena, haren ona bilatzera bultzatzen duena, edo  norbaitenganako joera edo grina bizia, sexu senean oinarritua, harekin gorputzez eta bihotzez bat egin nahia dakarrena. Gaiari dagokion prozedura kirurgikoa aurrerago egingo zaion arren, nola edo hala bisturi ezberdinak eskutan, gorputza zabaldu eta osasun-ariketa kolektiboa irudikatuko da. Disekzioa hitza ezin da erabili, nolabait eta norabait dugulako egun ere, ez baitago hilda, maitasuna. 2024.urteko azken Geroa Hemen hitzaldi saioan, ebakuntza gelan maistraki zein maisuki ibili ziren geruzaz geruza hiru zirujau: Oihane Amantegi Uriarte, Karmele Jaio Eiguren eta Iñigo Martinez Peña.

Kutxa bat. Kutxa klasiko bat da, bilgarri ezberdinak izan ditzakeenak, pertsona beste kasik, eta hala ere, muturreko armonian kokatzen da: betea edo hutsik. Guztion kutxa dela esango lukete XVI. mendekoek, hari bat dela, aldiz, Z belaunaldikoek. Zailenetik hasitako prozedura kirurgiko hau, ebakuntza,  galdera beteranoa jartzen digu esku-ohean, zer da maitasuna? 

Erraz izan zuen Jaiok, 2023.urtean argitaratutako nobelak gaia jorratzen duelako, eta harenak dira lehen definizioak. Norbaitekin norabait joatea izan zen entzumen kanaletatik sartzen lehen mezua, besteen ongizatea bilatu nahi izatea bigarrena, behintzat seinale bat dela egiaztatu genuen. Hirugarren esangura Peñak ekarri zuen, ukitu filosofiko batekin: norbaitekin norabait joatea, nora jakin gabe. Eta seguru nago beste hamaika definizio eraiki zirela bertaratu ginen gorputzetan, bizipenak errepasatzen genituela, filminetan. Galdera ikurrean kokatzeak kontzeptuarekiko harreman xaloa sortzen digu, ez baitago teoria borobilik, horregatik, mendez mende iragan du gure ondoan koblaka. Norbaiti edo gai bati buruz jakin-mina galdera moduan garatzen zaigunean, hutsune moduan dago maitasuna, biribildu zuen Peñak. Antzinako Grezian Platonek idatzitako Oturuntzan, zenbait hipotesi ateratzen zituzten bazkalosteetan ardo pitzar baten akonpainamenduan: maitasunak kemena ematen du adorearen ordez, gaindiezina izango litzateke maitaleen armada bat, benetako maitasuna ariman dago eta ez gorputzean, muturreko elementuak adiskidetzeko gaitasuna du maitasunak, beste batek hutsune bat zela adierazi zuen: desirarekin lotzen dugu eta desiratu ohi dugu faltan duguna.

Galdera bat ezin dela beste batez erantzun, esan ohi izan dut beti,  gaiaren oihartzunari jarraituz, berriz,  Karmele Jaioren galdera batzuekin itxiaraziko da geruza hau: zerk mugitzen du mundua? Maitasunak ala maitatua sentitzeko beharrak? 

Amantegik inolako dardararik gabe, eskutan bisturia zuela bidea ireki zuen bigarren azal artera, hainbeste esanahi izateak definizioa zailtzen du? Digestio txarrak sortzen dituen tripako min ezberdinak presente izan ziren. Alde batetik, hezkuntza emozionala, oinarrizko teorema, bai, baina emakume eta gizonek bera jasotzen dute? Galdera egiteak ere bi egoerak kontuan hartzen direnaren interpretazioa bultzatzen du, eta gaur egun ez da inondik inora horrela.

Emakumeok daukagu maitasuna hauspotzearen aginte-makila, gizarte agindu/inposaketa baten konklusioz, hainbat eremutan ez-ematen edo ukatzen zaiguna. Kutsatutako konpentsazio espazio batera eramaten gaitu, toki zehatz bat izatearren, opari.  Emakume bat maitasunik gabe, porrota da. Aitzitik, gizonei horretaz babestu behar dutela irakasten zaie, maitasuna ahuldadea da, puntu.   Izan ere,  inportantea den arren bizitzaren beste atal bat gehiago besterik ez da. Emakumeon ekosistema guztian sedimentatzen den bitartean. Kontradikzioak, minak eta egiaztapenak aho urdailean kokatzen diren minaren osagaiak dira. Min kolektibo horrek duen Almaxa da feminismoa, min izateari uzten dion arte eta sistemiko sedimentatu arte.

Sentimendu naturala, ideologikoa edo kulturala da? aipatu zuen Oihane Amantegik. Bistan da sedimentuaz aritu garenean, geruza asko dituela, eta laugarrena zeharkatzeko hausnarketa teorikoaz blaitu gintuzten zirujauek, Mari Luz Estebanen itzalak hurbiletik jarraituz. Naturala hitza gure hiztegitik aldentzera gonbidatzen du Peñak, korapilatzen gaituelako. Pertsonon premia naturalak hitzetik aldendu behar dira, zoritxarrez, biologiatik saltoa egin dugu linguistikara. Oin (h)arri hartuta, maitasun bera litzateke gure amek dependentzia ekonomikoa balute? Edo askatasunik ez duen pertsona batek berdin maitatuko luke? Zaila da antzematea, erantzutea, hau guztia eremu intimoan sortzen delako, eta guztiz baldintzatua dagoela eremu horietatik. Betiere jakinda, interdependenteak garela. 

Azken ehun mozketak destatu zituen Amantegik, komodinik gabe geratu izan balitz bezala. Nola askatu maitasunak duen potentzial hori garatu ahal izateko eta nola irudikatuko dugu etorkizunean izan ziren azken bi galderak. Josteko unea iritsi zen. Maitasuna ekintza soziala baldin bada, egun dagoena deseraiki daiteke beste modu parekide batetik sortzeko. Aldagai iraultzailea du maitasunak, hori esan ei zuen Che Guevarak: iraultzaile oro maitasun bulkadaz gidatuak gaude. Eta gizartea eraldatzeko tresna bada, osagai batzuek ere partekatuak izan behar dute: komunikazioa, errespetua, ongizatea, enpatia eta abar ez hain luze bat.

Egungo gizartean heriotza oso presente dago, kontsumitzen dugun guztia ordezkagarria da, eta  erosten dugun guztia hilda dago, ulertu nahi den zentzu guztiak kontuan harturik ere. Maitasuna, ordea, ordezkaezin bihurtzen gaitu, merkatuaren logikatik at kokatuz. Indar subertsiboa da, kontsumoak gorroto du maitasuna, are gehiago adiskidetasuna. Miguel Hernandezek zioen bizitzara hiru zaurirekin gatozela: maitasuna, heriotza eta bizitza.

Argi dago: maitasunak geruza, azal zein sedimentu guztiak zeharkatzen eta blaitzen ditu. Denak. Gehienetan gorputza jartzen dugulako, josi eta josi jarraituko dugu hurrengo bazkalostera arte.  Bitartean, bizitza ere maita dezagun!

 

Maddi Artetxe Kanpo