Sormen lana :: EKAITZ GOIKOETXEA ASURABARRENA 2022/12/09

MAISU

Gurea ere etorkizuneko karrera izan zen iragan ez hain urrun batean. Etorkizunekoa eta iraupen luzekoa. Astebeteko ehun eta berrogei egonaldi Vitoria-Gasteizen. Egonaldi, bai, ekinaldi handirik egin beharrik ez baitzen izaten lizentzirik gabeko lizentziatu izateko. Izan ere, orain ez dakit, baina gure garaian ez zen lehenengo geratu beharrik izaten titulua lortzeko. Akabatzea, akabatzea zen garrantzitsuena. Eta halaxe akabatu genuen guk ere, ikasteko lanean ari ginelakoan lanerako ikasi gabe.

Ez, niri ez zidaten hogeita bi esku zeruari amenazuka hasten direnean zer egin behar izaten den erakutsi; lau urteren buruan, arnasa hartzeko ere baimena eskatzen duten ume-zapoen maisu izango nintzela besterik ez zidaten esaten. Ma(ha)i + su. Erre-erre eginda gabiltzala esango dute gero. Mai + su.

Profesioa baino prozesioa da gurea, astotik asko ta santutik gutxi duen prozesioa. Eta zer nahi duzue esatea, nuen fede apurra ere galtzen hasia naiz. Eta fedea galtzen denean dena da galdera, zalantza eta kaka zaharra. Kaka zaharra, bai, kaka beti baita zaharra, baita berria denean ere.

Exageratzen ari naizela pentsatuko duzue, baina ez, hiperbolea zer den azaltzeko ez bada, niri ez zait exageratzea gustatzen. Irakurri eta zuek atera konklusioak.

Irailak hamalau, bigarren klase eguna. 2Eko ikasleekin aditz trinkoak errepasatzen, no problem, bost minutu faltan grazia izena baino lehen ikasi nion sateliteak sententzia bota zigun arte.

Profe, orduan si ni nator zu sator? Bai, bai, zu sator, kurtsoa hasi orduko bazela lurpean sartu nahi izan ninduenik, zera. Pentsatu nuen azalpen majo-magistral baten bidez erantzutea, baina hasi zaitez, bada, zu bigarren pertsona singularreko izenordaina dela baina pluralaren markak hartzen dituela eta bla, bla, bla. Eskerrak, nahi baino gutxiagotan baina batzu-batzutan gu ere txirrinak salbatzen gaituen.

Ez zen askoz hobea izan 2Fn gizarteko irakaslearen ordezkapena egitea egokitu zitzaidanean pasatakoa. ¿De que sabor es el polo norte? Galdezka hasi ez zitzaidan ba lehen ilarako kaxkagorria. Ondorioetan askorik pentsatu gabe de fresa erantzun nion. Ondorioetan askorik pentsatu gabe, bai, fresaren atzetik etorri baitziren toma esa, callate Teresa eta gaineratikoak. Errimatzen behintzat abilak direla frogatu zidaten.

Eñaut Elorrieta eta Ken 7 eramatea ere ez da beti nahikoa garanti izaten. Testu poetikoak landu behar genituela-eta, jarri nien ba talde bizkaitarraren azkenaurreko arrakasta: Ez galdetu inoiz zer galdu genuen negar egin genuenean...Eta estribrilloari distira ateratzerako, danba: Aizu, Ekaitz, ta oain itsasoa bagea, len zer giñen?

Hi bai, hi bai... Ez nuen eten puntuak hitzez ordezkatzeko beharrik izan, Joder, egie, oain itsasoa bagea, len ibai izango giñen esanez gustora geratu baitzen gure txilibiteroa.

Malko izateko gogoa sartu zitzaidan, baina barre egin nuen nik ere.

EKAITZ GOIKOETXEA ASURABARRENA