Luxu gutxiago eta propina gehiago
Eguraldia lagun, diru arazorik ez dutenek udako egun luzeak probestu dituzte urtaroari dagozkion oporrez gozatzeko: etxetik kanpoko otorduak, hondartza edo mendira irteerak, bidaiak… Horretarako eragozpenik izan ez dutenak, ziur, sos faltarik ez dutelako, kontu korronteetan milioien jabeak direnak izan dira, milioidunak, alegia. Horien artean ez dira gutxi luxuaren atzetik ibili direnak, dirua barra-barra xahutuz: festa pribatuetan, luxuzko jatetxeetan otordu oparoak eginez, edo ametsezko bidaiak eginez, beren itsasontzi edo hegazkin pribatuetan, kasu batzuetan. Era batera edo bestera, beren plazer hedonista ase nahirik jardun dute, baliabide material oparoek ahalbidetzen dietenez.
Baina hori nahikoa ez, eta aberatsen artean badira batzuk haien taldekoen artean ezberdindu nahi dutenak eta horretarako modua bilatu dute: ekintza esklusiboak egitea; gizaki arruntak egin ezin dituenak beraiek egitea. Hala, Titanic itsasontziaren hondakinak ikusteko aitzakian itsasoaren urpean ibili dira edo, oi nolako apeta! Lur planeta kanpotik ikustearren espaziontzi batean bidaiatu dute. Kostua gutxienekoa da, haiek ordaindu ahal dute, eta kito. Haien ekintzen ondorioak ere, kutsadura aldetik, bost axola: karbono dioxido arrastoak eta horrelako kontuak ez aipatu haiei. Aurrena, bizi egin behar baitute, ahalik eta ondoen, horretarako irabazten dute dirua. Eta gero gerokoak.
Badakit aberats guzti-guztiak ez direla berdinak; denak ez direla bizi beren apeta egoista eta hedonistak asetzeko soilik bizi. Batzuk, ezagunak dira ekintza filantropikoengatik ere, hau da, diru kantitateak eman dituzte helburu humanitarioetarako eta jakina, hori ohoragarria da. Beste batzuen kasuan, proiektu artistikoen mezenas papera bete dute; margolanak erosteaz gain, obra batzuen sorkuntzarako diru-laguntzak eman dituzte. Argi dago azken hauen jokaera estimagarriagoa iruditzen zaidala, jakinik, hori bai, dirua soberan daukatelako egiten dutela.
Baina, fokua apur bat zabaltzen badugu, “oraina bizi” lelopean bizitzeko jokaera honen ifrentzuari ere begiratu beharko genioke eta, jokaera horren ondorioak aztertu; ea zein neurritaraino den zilegi halako portaerarekin jarraitzea, kutsadura aldetik eta beste, gure planeta larrialdi klimatikoan den honetan. Jakina, honek denontzat balio du, baina milioidunek eragin handiagoa dutenez, ardurak beren gain hartzearen komenientzia mahai gainean jarri beharko litzateke.
Ez da makala gizateriak duen erronka bizirik iraun nahi badu hurrengo mendeetan. Iraganean desagertzear egon zen (duela 900.000 urte, apenas zeuden homo generoko bi mila bizidun), baina historian zehar, egoera bakoitzera moldatzen jakin izan du. Gaur egun, lehen ez zeukana dauka: informazioa, jakintza, zientzia eta hori praktikan jartzeko metodoa ikerketa, teknologia, eta baliabide pertsonal zein materialak. Baina ez da aski. Ikuspegi apokaliptiko ezkorren aurrean, nik baikorra izan nahi dut. Zientzia fikziozko film batzuetan ohikoa da pertsonek etxean robotak dituztela ikustea. Ez dut halakorik aurreikusten; lehenago hedatu eta normalizatuko dira errealitate birtualeko betaurrekoak metabertsoan murgiltzeko. Jakina, hori aurkeztea errazagoa da beste panorama hau erakustea baino: muturreko klima, arnasteko aire garbirik ez, ur kontsumo mugatua pertsonako eta elikagai organikoen faltan laborategiko jakiak jan behar dituen gizakiz osatutako mundu gain-populatu bat. Hau atzeratzea edo saihestea, denon esku dago baina, batzuek, pertsona arruntek baino gehiago egin dezakete. Milioidun horietako gehienek dirua erruz irabazten dute (aberatsak gero eta aberatsagoak dira, gauza jakina da) baina, ez dute zergarik ordaintzen (trikimailuen bidez paradisu fiskaletan gordetzen dute), edo ahalik eta gutxien ordaintzen dute. Beraz, baliabideak dauzkatenez, ordua da administrazioei diru ekarpen askoz handiagoak egin diezaizkieten, trantsizio ekologikoa deiturikoa gauzatzeko beharrean direlako. Beraz, luxu gutxiago eta diru ekarpen gehiago, (haientzat propina baino ez dena).