Elkarrizketa :: Eric Dicharry 2025/02/21
Lucien Etxezaharreta

Lucien Etxezaharretari elkarrizketa

Aurten 'Maiatz' literatur aldizkari eta argitaletxeak 43 urte beteko ditu. Kontaiguzu abentura honen hasiera eta bilakaera. 

Orain urrundik ikusi eta, egin dugun bidaia bide askoren umea da. Alde batetik euskal jendartearen eta gazteen bilakaera, bereziki eskolatzearen eragina, mundu laiko batengandik. Bestalde euskara mugaz gaindikoa izanez, hegoaldeko « euskal udaberri » baten eragina, bertako euskal literatur berri baten urratsek emaitzak izan baitzituzten Iparraldean, nola Lete, laboa batenak 60.eko hamarkadan, geroxago Atxaga baten edo Susa taldeko batzuena, han sortu aldizkari batzuena, nola Pott, Susa, Korrok eta orduko lorategi berri beste batzuena. Unibertsitateak edo Herria astekariak hazigazte batzu abiatu ginen kanpoko literatur berrien eraginekin ere, nola frantses hizkuntzako Duras eta beste, mugimendu feministen eragina nabari ziteken ere, 68ko maiatz aipatu horren hari, kasik iraultza libertariotik. 1981 urtea berezia izan zela gogoratu behar da, Frantzian ezker progresista baten ametsa gauzatzen zela, kulturari lehentasun zerbait ekartzen ziola, eta hizkuntz baztertuak laguntzeko gogoa bazela, Mitterrand orduko lendakariaren Bretainiako mintzaldi aipagarrien urratsean. Maiatz elkartearen hasiera berritasun partekatu baten nahitik dator, 1981eko udan hainbat bilera egin genituen urte bukaeran legezko elkarte bat sortu. Hor nabaritzen zen emakume gazte batzuen idazlanen presentzia. Maiatz 1, azal beltzekoa, berdin kolore libertario baten itxurarekin, plazaratu genuen 1982ko otsailean nekezia teknikoak gaindituz eta hainbat lagunei esker.

Zer paper jokatu du Maiatzek idazle eta poeta batzuen karreran?

Geroko ikertzaileek hori aztertuko dute seguraski bainan harrotasun zerbaitekin aitortzen ahal da idazle berri batzuen sorkuntzarekin bat egin dugula. Bereziki emakumezkoena nola Itxaro Borda, Aurelia Arkotxa, Mayi Pelot, Henriette Aire. Gizonezkoak ere alabaina, Manex Lanatua, Jon Cazenave, Ur Apalategi, Ladix Arrosagarai, Auxtin Zamora, Daniel Landart. Hor ziren ere Manex Pagola, Eñaut Etxamendi, Jean-Louis Davant, Txomin peillen, Mañex Erdozaintzi-Etxart. Sartu genuen ere lehen zenbaki horretan Etien Salaberri berriki zendua, garai «klasiko» baten lekuko bezala, itxaropenezko testu erraldoi batekin. Ez nitzazke ezberdinduko idazleak eta poetak. Argi zait orduan poesia edo prosa berdin idazten zutela. Lehen urratsa olerkia zela halaere ohargarri da, berdin sentikortasun indartsu bat agertu nahi baigenuen.

Elkarrizketa batean erran zenuen: kolonizazio mundu batean gara, hemen, itoak kanpoko jendearekin.  Zer da Maiatz aldizkaria eta argitataletxearen ekarpena? Balio ote du jarraitzeak?

Kolonizazio hori inoiz baino indartsuago den garaiean gara gaur, ikusiz bereziki Lapurdi kostaldea baina kontuz hitz horrekin, kolonizazioak emanzipazioa berarekin dakar. Gu frantses kulturan haziak izan gara, etxeko euskaltasuna maiz izkutatu beharrez, baina beste kultura baten jabetzeak indartu gaitu ere gure nortasun berritu baten adierazten. Duela 40 urte kultura anizdun batean, bai hizkuntza bai gaien aldetik gero ta indartsuagoan sartuko ginela ez zen hainbeste nabaritzen. Gaur uste dut aniztasun hori abantail bat dela euskaltasunaren indartzeko. Beste apostua da nolako “euskal” kultura baten sortzeko gai garen. Galdera larria da hezkuntzan, ikastoletatik EHUraino nolakoa behar genukeen galdezkatzen baita. Galdera larria da ere askok ezagutu dugun «herri kultura» ezabatzen ikusten baitugu : ber eraiki? Gaurkotu? Sare sozialen eta Adimen Artifizialaren itzalean? Jarraitu behar den ezinezkoa galdera da, libertatearen haritik ari gara eta ez da hor negoziatzerik!

Dibertsitatea beharrezkoa da. Zein da Maiatzek ekarri duen aniztasuna?

Aniztasuna, alde batetik, bakoitzarena da: nola obratzen duen bakoitzak bere kulturaren eskuratzeko libertatearen emaitza. Aniztasuna munduaren globalizaziaren umea da ere, gure jendartea mende erdi batez erroz gora jarri da haren eraginez. Aniztasunaren onartzea, Maiatz elkartean ez da inoiz zalantzan jarri, naturalki sortu eta hedatu da, gure betiko izate ardatzarekin, edozein korronte edo boteretik independente izatea!

Zein da Maiatzen berezitasuna?

Burujabetasuna litzateke, bere muga guztiekin, hori kanpoko so egile batek esan behar luke. Zentsurarik ez, denei irekia izatea, berritasunei ongi etorria ematea, esatea gauza bat da, praktikan egin dugun, ahal mugatuek neurtu gaituzte nahi edo ez. Beste gauza da Iparraldean kokatzen garela, Hegoaldeko kultur indarraren aurrean gure nortasunaren arazoa bada. Normalizazioa botere guziek maite dute, berarekin den kontrola ezinbestezko batekin. Indartsuaren eta ahularen elkartzeak badu txikiaren galtzearena, hori hizkuntza guztien historian nabaritzen da. Euskara batuak bide egin du 60 urtez, hemengo batzuek uste dute eredua Hegoaldean finkatzen dela, errealitatea dela. Nik behintzat maite dut errepikatzea euskal literatura hemen jaio dela, Pizkundeko alegrantzian 1545.ean, XVII. mendeko kontra erreforman, Frantziako literatur mugimenduen itzalean ere. Askok kontatzen digute gaur dela zinez euskal literatura sortzen, ez da ahantzi behar hemengoen ekarpen nagusia Etxepare medikuarekin adibidez. Euskalduna eta Herria astekariek sortu ziguten hemengo batu nafar-lapurtar bat, horrek hazi ditu XX. mendeko idazleak. Maiz deitoratzen dut hemengo euskalkien espresabideen galtzea: idazleak ez ditu besteak kopiatu behar baina bere inguruko euskaltasuna ondu, hazi, baliatu, euskara batuak funtsean ofizialki aitortzen duen bidean.

Maiatz betidanik izan da zabalik poetei eta poesiari. Zer garrantzia du poesiak XXI. mende hasiera honetan?

Poesiak betidanik, munduko kultura guztietan, espresabideen lehentasuna izan du : kantagintzak, memoriak, bertsoak, nazio nortasunaren oinarri bezala. Hölderlinen galdera probokatzailea beti hor da: nolaz egin daiteke poesia gaur? Hiroshima eta Auschwitzen ondotik ere hori zioten. Poesia betidanik sendikortasun bildu baten muina da, lehen, orain eta gero ere, munduari dei egiteko, deiadarrak ala ferekak berdin.

Nola berrasmatu da euskal poesia 40 urtetan?

Poesiak jendartearen aldaketen bide berdina hartzen du, bere garaia kontatzen baitu. Betiko sendikortasunak minberatasun berriak kontatzen dizkigu, eta etsipenaren aztarna asko ikusten ahal da. Xabier Leteren denboran azpimarratu zen orduko giroaren latza, libertatearen herstura zerbait. Zer esan gaur? Fedea eta ideologien sinesmenak hitz lerroetara ez datoz eta Iratzeder baten mundua ezin ulertuzkoa da askorentzat, hitzen ehuntze edo irudi argitsuak oraindik ikusi arren. Estetika berri batean daude idazle asko, munduko kultura askoren oihartzun, Itxaro Bordaren inuiten olerkigintzatik, Castillo Suarezen Alaska hoteleko etsipen hotzarekin eta zergatik ez Maddi Sarasuaren biharamonetarako esperantzarekin. Beti dena berrasmatzekoa dela artegintzan hemen ere nabari da. Ohargarri da gai honekin arte garaikideak duen ekarpena: berritasuna da XX. Mendeko korrente berritzaileek, surrealistek eta bestek gure kultura parez par jotzen dutela ere, ausartzia bezala kontsideratuak izan arren. Eric Dicharry baten kasua hor dugu, euskaraz gaurkotasun bat ekarriz modernitate, post modernitate hauen gainetik. Poesia molde berri bat dago sorkuntza batekin absurdoa, maitasuna eta etorkizuna uztartuz, erakusketen, performance edo idatzien bidez. Antzerki berriak ere gure aldeko Ximun Fuchs baten urrats eta taldearekin hainbat arte ezberdinen uztartze bat dakar antzerkia, musika, dantza, poesia bat egite batean.

Maiatzen autoreek ez dute dirurik jasotzen. Lanaren truke liburuak jasotzen dituzte. Zerk eragin du hautu estrategiko hori?

Jakiten ahal denaz, beste editore askorengandik diru guti jasotzen dute idazleek eta argi da ezintasuna lege dela gure kasuan. Tirada mugatuak agintzen du irabazi eza eta inprentaren, aseguru beharrezko, posta gastuek eta ibiltzeek kontu oreka argiki erakusten digute. Irakurlegoa dugu azkenean irabazbide bakarra, liburu saltoki eta azoka batzuen laguntzarekin.

Zerk esplikatzen du autore eta poeta batzuen Maiatzekiko fideltasuna?

Uste dut zintzoki ibili garela urteetan zehar eta elkarlan batekin hasi genuena jarraitzen dela. Idien orga uztarri berdinarekin aurreratzen dugu.

Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak. Nola ikusten duzu euskal literatura eta olerkigintzaren geroa?

Euskaldunak izanen direno euskal literatura bat izanen da. Literatur sorkuntza munduan, idazle guztiok ziurtasun berdinarekin gara: euskararen gaitasuna poesia eta literaturaren sorkuntzarako ekai nagusi bat dugula. Geroari begiratuz iraganari so egin behar da ere. Han eta hemen idatzi dutenen lanak ez ditugu ezertarako aer batzu bezala ikusi behar, hazten gaituzte, ez ustean ere, egunero.

Militantismotik normalizazioarat lerratu gira. Euskarazko literatura eta poesia idaztea, ez ote da beti ekintza militantea?

Maiatzen inguruan, izanikan ere aholku, kontsiderazione eta profesionalizaziorako deiadar etengabea, euskararen militantismoa gure indar nagusia dela. Kultura botere politikoek kontrolatu nahi dute, erakutsi nahi digutenez soilik lagundu nahiz, normalizazio sistemak ahobeteka jarriz. Literatura, poesia, artearen adar dira eta gogoan dut Victor Hugoren erranaldi bat: “artea zapalkuntzatik dator eta amodioz bizi da”. Euskararen alderako maitasuna aspaldidanik indar erraldoia dugu. Arrazoi bat gehiago euskarak bizi duen egoeraz ez etsitzeko.

Zeintzuk dira Maiatzen argitaratu dituzun liburuak ezinbestekotzat jotzen dituzunak eta irakurleei aholkatuko diezunak?

Horrelako galderari elkartearen koordinatzaile batek ezin du erantzun alabaina! Gogoan ditut hasierako txinparta guztiak, lehendabiziko liburu eta aldizkariko testuak etorkizunari egin apostu miragarriak izan ziren. Bizi izan dugu euskara batuaren erabileraren denbora eta idazle gazteek gutiesten dituztela herri kulturatik sortu idale batzuk pena zerbait ematen dit: ez dira baztertu behar Eñaut eta Mattin Etxamendiren lanak adibidez, Trounday batenak eta, nolaz ez, Maiatzen hasiera lagundu zuen Mañex Erdozaintzi-Etxart baten olerkigintza iraultzailea ere. Eta ere emakume idazle berrien oldar erraldoia, Itxaro Borda, Aurelia Arkotxa, Maddi Pelot edo Henriette Airerena.

Urtero ehunka liburu argitaratzen dira euskaraz. Uste duzu hedabideek aski zabaltzen dituztela euskal idazleen lanak?

Garai batez (ez dut zehazki gaurkoa begiratua), euskal prentsan, kirolen ondotik kultur saila zetorren, aipu ziren literaturaren tenorak, hegoaldekoak, bistan da, eta iparraldekoak oso gutitan. ETB sortzen ikusi genuen, Euskadi Irratia, irrati libreak, Deia, Egunkaria eta Berria eta Argia berritua. Euskaraz izanez kulturak tokia bazuen, politika, ekonomia eta sozialak gaina hartuz. Kazetariak idazle izatea amesten genuen, baina komunikazioaren legeek bestelakatzen dute dena. Sare sozial eta mundu zentralizatu-globalizatu delakoek nolako tokia literaturarentzat? Handi bezain txikientzat? Blog asko sortu dira, idazleek berenak badituzte. Hor ere amateurismoa edo militantismoa edo nahi bada burujabetasuna, itxaropen sortzaile.

Nola bete sortzaileen eta publikoaren artean egon daitekeen zuloa?

Poesia mailan irakurketa musikatuak hedatu zaizkigu. Berritasuna da ere irakurle taldeak hasi direla idazleei mintzatoki bat eskainiz, mediatekek ere hemen gaindi laguntzen dute. Euskaltzaleentzat bide berria dugu hor, indartu behar litzatekena.

Komunikabideak eta kultur erakundeak beren eginkizunen mailan daude? Zein begirada duzu elkarte, komunikabide eta kultur erakundeen lanari buruz?

Aukeratu genuen hasiera batean ezeren eskatzea instituzioei, eta edozein erakundeei, libre egoteko gisan. Euskal kulturaren aldeko erakundeek, Iparraldean behintzat 1981 urtean berean Jardunaldi handi bat eratuz, euskal kultura, euskara, euskarazko komunikazioa zerbitzu publiko baten babesean egon behar zutela aldarrikatu zen. Gogoratzekoa da Euskal Kultur Erakundearen sorrera gatazkatsua, 1990 urtean baizik sortu zena. Euskararen Erakunde Publikoa ere hainbat protesten ondorioz sortu zen ere. Bakoitzak bere bidea derama, batzuek frantses kultur ministeritzaren DRAC edo gobernu araudien menpe direla salatzen dute. Pazientziarekin begiratuz aurrepausuak direla onartzen ahal da, beren eskas eta ilusioekin.

Euskal kulturgintzak 2024an emandakoa aztertu du 'Jakin' aldizkariak 265. zenbakian. Beñat Goitia idatzi zuen: «Bost izarrek diskoak sal ditzaten, gainerako guztiak figurante lanetan ari gara». Gauza bera esan daiteke poesiari eta literaturari buruz?  Bost idazleek liburuak sal ditzaten, gainerako guztiak figurante lanetan ari gara?

Ez dut uste egia denik, idazle aipatu baten itzala denen onerako dela pentsatzen ahal da. Maiatz bizitzen bada duen irakurle taldearengatik da. Euskal literatura guztiaren zama da, orain itzalean dirudiena berdin egun batez, horrela gertatzen baita literatura guztietan, argira jalgiko da.

Merezi al du urtero Durangora joaten jarraitzea?

Bai handi batez diot jarraitu behar dela. Entzuten da kulktur negozio handi bat baizik ez dela, partez hala da eta ez da salatzekorik, erosleak lege hori baiezten edo ukatzen ahal baitu. Euskararen indarraren senditzea, arnas berri baten hartzea, neretzat beti izan da. Gerediagako taldea eskertzekoa da, bereziki dohainik laguntzan ari diren horiek eta klaustropetik Landakoraino ekarri dutenak. Nondik gatozen ez dezagun ahantz.

Urtero Maiatz liburuko zein azokatan parte hartzen du? Benetan garrantzitsua da parte hartzea?

Arrazoi asko dira, merkataritza mailako emaitzak eskasak izan arren hauetara joateko. Euskal Herrikoetara bistan da, hor topaketa ezinezkoa irakurleekin, beste argitaratzaileekin, idazten dutela esatera ausartzen diren gazte batzuekin topatzeko. Kanpoko azoketan, Ortese, Paue, eta berriki Bagnères-de-Bigorre-ko Pirinioetako Liburu Azoka-n ibili gara, okzitaniera, aragoiera, katalan mundua hor topatzen ahal ditugu, gure esperientziak trukatu. Indar horren egiteak gure hizkuntzaren normaltasun eta heldutasunak agertzen ditu ere.

Zein dira Maiatzen hurrengo hitzorduak?

Liburu nagusi berriak aurkeztekotan gara udaberriko bidean nola Marikita Tambourin-en Solas Gordeak bilduma, Joxe Austin Arrieta-ren Palinpsestoa, Jean-Louis Davant-en Hegiz hegi bilduma ere. Sarako 42; Idazleen Biltzarra hitzordu nagusi bezala dugu baita ere Senperen martxoaren 30ean Atxik azoka berezia, ardoa eta literatura konprometitua goretsiko dituena!

Eric Dicharry
Lucien Etxezaharreta