Artikulua :: Miren Mindegia 2025/11/04

‘Pubertat’, mutiko gazteak oraindik salbatu daitezke

 

Ez gara gu, ezta Doleraren telesaila, izanen pantailak demonizatzen dituzten horietakoak, hala ere. Pantailak, sakelekoetako pantailak zehatzagoak izate aldera, ez baitira gizarte honek dituen huts eta zaurien ispilu lanak egiten dituzten tresnak baizik, heteropatriarkatuaren, misoginiaren eta kontsumo azkarraren uretan itotzen ari den jendarte horren isla. Helduak aisa galtzen bagara, nola ez dira galduko bada umeak eta nerabeak informazio, eragin eta mehatxu anabasa guzti honen erdian? 

Baina goazen telesailaren muinera. Kataluniako herri batena kokatzen gara, bertan colla castellera deitzen den castellers elkarte baten muinean. Kolektiboa irudikatzen du taldeak gizartearen errepresentatzen du nolabait. Adin guztietako jendea biltzen da bertan, gazte zein haur, heldu zein zahar, aita-seme eta ama-alabak tartean. Familia trinko baten moduan funtzionatzen du, familia guztietan bezala, barne-zauriak dituen horietako bat, kanpoko begiradatik atzeman ezinak diren zulo horiek. Zaurietako batzuk sobera sakonak dira, alta, odolusteari eusteko. San Juan egunaren bezperan, gauaren, bestaren eta suaren artean, sexu eraso bat ematen da. Hurrengo egunean zurrumurru batetik abiatzen dena salaketan bilakatuko da laster, helduen ezinegonaren eta zer-egin-ez-jakitearen erdian. Izan ere, akusatuak 13 eta 14 urte bitarteko hiru mutiko dira, eta erasoaren biktima euren lagun mina den neskatoa. Nola da posible? Ume batzuk besterik ez dira. Nahasi izango ziren. Gezurra izango da, asmakizun txoro bat. Horiek dira lehenengo erreakzioak, baina laster hasiko dira geruzak desegiten eta egiari begietara begiratzea bertzerik ez zaie geratuko helduei, hau da, euren semeei begietara begiratzea eta errealitateari aurre egitea. 

Zuri-beltzetik baino, grisetik asko duen errealitate bat izango da hori, Dolerak ongi arrapatzen jakin duen kolore gama. Egoeraren eta gertatutakoaren errudun eta arduradun zehatz bat baldin badago, izan ere, gazteak inguratzen dituen gizartea bera baita: porno azkar eta krudelaren kontsumoa edonoren eskuetara jartzen duen gizartea; mutikoei sexualitatearen, sexu harremanen eta onespenaren inguruan ezer gutxi erakusten dien gizartea. Batez ere mutiko horiengan jartzen baita begirada telesail zorrotz bezain argigarri honetan. Izan ere, zeintzuk dira matxismoan hazitako eta maskulinitatea deseraikitzeko inolako ahaleginik ez duten aita horien semeek dituzten heldulekuak? Aski gutxi direla erratera ausartuko naiz.  

Feminismoari egozten zaio mutiko gazteei inolako irtenbiderik ez ematea, are gehiago, mutikoak erasotzea eta lekurik gabe uztea. Baina gutxitan eskatzen zaie mutiko horien aitei berdintasuneko gizarte batean gizon izateko modua zein den erakustea, tamalez gutxik egin baitute horretan arakatzeko ahalegina. Telesailak konpromiso bat eskatzen die gizonei. Ez hori bakarrik, aurrera urrats bat ematea eskatzen die, hori izan baitaiteke guztion eskubideak eta askatasuna bermatuko dituen gizarte baten giltza. Eskertzekoa da telesailaren bukaera argitsua, zentzu horretan. Izan ere, eta akaso bada hori ere Doleraren lanak egiten duen ekarpen interesgarrienetako bat, erreparazio kolektiboak oraindik salbatu ditzakete mutiko gazteak.

Miren Mindegia