‘O Corno’, isiltasunez jositako sareak
Ez kontatu, erakutsi. Zinemagintzan eta literaturan maiz errepikatzen den iradokizunetako bat da. Ez iezadazu erran bakarrik bizi zarela, erakutsidazu hortzetako eskuila bakar bat bainugelako apalean. Ez erran gaizki usaintzen duela, erakutsi zaborrontzia gainezka edo euliz inguratutako haragi usteldua. Ez kontatu gai zehatz batetaz ezin dela hitz egin, erakutsi isiltasuna. Erakutsi errepresioa.
Hori da, aurtengo Zinemaldiko urrezko maskorraren garaile O corno filmak maistralki egiten duena: isiltasuna kontatu. Zinematik ateratakoan lagun batek filmean dialogoak faltan sumatu zituela aipatu zidan, eta uste dut ezin zitekeela okerrago egon. Jaione Cambordaren filma isiltasunez jositako dialogoz beteta baitago, eta elkarrizketa horiek emakumeak dituzte erdigunean: emakumeen arteko harremanak eta sareak, gure gorputzek jasaten dituzten indarkeria eta zapalkuntza, hizkuntza berdina hitz egin gabe ere elkarren artean ulertzea ahalbidetzen diguten bizipen komunak, zeharkatzen gaituzten errepresioak, erditzeak, abortuak, arrazakeria, klasea. Ariketa narratibo ezin finago batean, filmak gai andana mahaigaineratzen ditu, kontatu gabe, erakutsiz. Erran gabe doa dialogoen hutsunea atzeman zuen laguna gizonezkoa zela. Kasualitatea edo itsutasuna? Ez dut frogarik, ezta zalantzarik ere.
Filmean agertzen diren gizonezko gutxi horiek bezalaxe, ziur bainago askok ez diotela erreparatuko tramaren aitzakian aipatzen diren gai guztiei. Oharkabean pasako zaizkie protagonistaren barne konfliktua, herriko emakumeak erditzen laguntzen dituen Illa de Arousako marisqueira, haurdun gelditu dela esaten dioen neska gazte batek abortatzeko laguntza eskatzen dioenean. Ez dute ulertuko ere gizarte matxista hetero-patriarkalak gure gorputzen gain erabakitzeko duen gaitasun zapaltzaileak noraino eraman gaitzakeen ikusteak gugan eragiten duen mina, frustrazioa, etsipena, haserrea. Ez dute usaindu ere egingo emakumeen artean jositako sareak soilik salba gaitzala, gehienetan. Ez dute jakingo ere emakumeon artean norbere pribilegioetaz konturatzeko egin dugun eta egiten jarraitzen dugun ariketa. Isilarazitakoen hizkuntza jakin beharra delako horretarako.
Lehen bederatzi minutuak tentsio hutsa dira: izerdiz, ohiu etengabez eta minez uzkurtzen den gorputz baten erditze baten lekuko egiten gaitu. Asmo-adierazpen bikaina, ederrez eta minez eraikitako eszena. Tardofrankismoa, landa eremuko Galizia, haur sortu berria, abortu klandestino bat eta atzera begiratu gabeko ihesaldia. Protagonistak guzti horretatik abiatuz egiten duen bidaia fisikoki labur baina espiritualki luze horretan, zauri zaharrak irekiko zaizkio, etxea utzi behar izango du aitzinako mamu horren agerpenaren ondorioz, bakardadea izanen du bidelagun. Bakardadea, eta bideak aurkituko dituen emakumeak. Hor baitago filmaren gakoa: bidean eta bidelagunetan, emakumeetan.
O Corno 1970eko hamarkadan kokatzen da, baina aisa izan zitekeen garaikidea. Ez noski abortuaren inguruko kasu zehatzari dagokionez, zorionez legedia aldatu eta gaur egun baliabideak baditugulako (leku batzuetan) abortuaren hautua modu seguruan egin ahal izateko. Emakumeok zeharkatzen gaituen indarkeria desberdinen inguruko hausnarketa, aldiz, gaur gaurkoa da. Hau da, matxismoak gure gain ezartzen duen zapalkuntzaren zama guztiari aurre egiteko ezer gutxi egiten dutela gizonezkoek eta, aldiz, emakumeen arteko enpatia eta solidaritatea, hari ikusezin batek bezala elkarri lotzen gaituen ahizpatasuna dela kontuko gaituen sarea. Isiltasunean eta isiltasunez jositako sarea.