Artikulua :: Juan Luis Zabala 2022/10/20

Lizardi Haur eta Gazte Literaturako Saria: ez inertziari, bai aldaketari

Yolanda Arrietaren Mari Gonagorri eta hamazazpi berri ipuinak irabazi du aurten Haur Literaturako Lizardi Saria, Zarauzko Udalak antolatua, Castillo Suarezek, Kati Olaizolak eta Ibon Egañak osatutako epaimahaiak hala erabakita. Aurtengo edizioa, sariaren 41.a izan da, eta bigarrena oinarrietan eta bestelako gorabeheretan eraldaketa esanguratsuak ezarri zirenetik. Inertziak gaindituz eta idazleen, editoreen eta ilustratzaileen iritziak aintzat hartuz egin dira aldaketa horiek.
Duela 40 urte, 1982an, sortua, ibilbide luzea eta prestigio handia du Lizardi Haur eta Gazte Literaturako Sariak, baina hori ez da oztopo izan haren antolatzailea, Zarauzko Udaleko Kultura Departamendua, urte luzeetako inertziei aurre eginda, eta sektoreko arituen, adituen eta profesionalen iritziei kasu eginda, lehiaketaren oinarrietan eta bestelako hainbat gorabeheretan aldaketa garrantzitsuak egin ditzan.

 

Aldaketa nagusia da aurrekontuaren banaketan egin da. Aurrekontua igo egin da, baina nagusiki diru horren banaketa aldatu da. Lehen Lizardi Sarian sormenera eta ediziora bideratzen zen diruaren artean zegoen desoreka. Argitalpenak zuen partidarik ia garrantzitsuena, eta orain, aldiz, sormenera bideratzen da aurrekontuaren zatirik handiena: idazlearen lana, ilustratzailearena, sari-emate eguneko manifestuaren enkargua.

Aurreko oinarrietan Udala egiten zen saritutako obraren jabe, eta orain, idazlea da, egilea, sariduna, bere obraren jabe.


 

Hauek dira, banan-banan zehaztuta, aldaketa nagusiak:


 

1) Haur literatura eta gazte literatura txandakatzea

Gaur egun, 2020ko edizioaz geroztik, urte batean haur literaturako lanak jasotzen dira lehiaketarako, 6 urtetik 12 urte bitarteko haurrentzat pentsatutakoak; eta hurrengoan, txandaka, gazte literaturakoak, 13 urtetik 18ra bitarteko irakurleentzat..

Izan ere, haur eta gazte literatura oso eremu zabala da, eta oso zaila gertatzen da, adibidez, irakurtzen hasi berri diren haurrentzat idatzitako liburu baten eta nerabe baten gustukoa izan daitekeen liburu baten arteko konparaketa. Lizardi Sariaren gaur egungo moldean, haur literatura eta gazte literatura bereizita eta urtez urte txandakatuta, lehiaketak eskatzen duen konparaketa erraztu egiten da, lan hori beti zaila gertatzen bada ere.

Biide batez, idazleek ere lan eremua mugatuagoa dute.

 

2) Liburuaren argitalpen bakarra

Aurreko urteetan Zarauzko Udalak egiten zuen lan sarituaren lehen argitalpen bat, eta aurrerago argitaletxe komertzial batek argitaratzen zuen obra. Baina Udalak argitaratutako liburuak ez zuen bide luzerik egiten, Udalak ez baitu horretarako argitaletxe komertzial batek daukan ahalmenik eta irismenik. Horregatik, orain Udala sariaz baino ez da arduratzen, argitalpena sarituaren eskuetan utzita.


 

3) Ilustratzailea eta argitaletxea aukeratzeko askatasuna

Idazlan sarituaren irabazleari, lehen ez bezala, ilustratzailea eta argitaletxea aukeratzeko askatasun osoa ematen zaio gaur egun. Gainera, Udalak 1.000 euro jartzen ditu idazleak aukeratutako ilustratzailearen lana ordaintzeko, behin argitaletxearekin kontratua formalizatuta.

Idazleek eta editoreek, gaur egungo ikuspegian, ez dute ilustrazioa apaintze-lan hutsa denik uste, testuari esanahia gehitzen dion funtsezko elementua baizik. Horregatik da garrantzitsua ilustratzailea idazleak berak aukeratzea eta haren lana ondo ordainduta egotea.


 

4) Saria hitzaren legezko izendapenaren aldarrikapena

Gaur egun Lizardi Sariarekin batera egileari ematen zaion dirua (5.500 euro) ez da egile-eskubideen aurrerapentzat jotzen eta zergetatik salbu dago, Euskadi Literatura Sarietan banatzen dena bezala. Lanaren balioa aitortzen da horrela, eta egileari sari ekonomiko handiagoa ematen zaio.


 

5) Sari-ematea Haur eta Gazte Literaturaren Nazioarteko egunean

Saria udazkenaren hasieran ebatzi ondoren, sari-ematea hurrengo urteko apirilaren 2an egingo da beti, Haur eta Gazte Literaturaren Nazioarteko egunean, lehiaketaren urte horretako edizioaren oinarriak aurkeztearekin batera. Horretarako, aurkezpen ekitaldia egingo da, musikaz lagunduta, eta aditu batek irakurriko du eguneko manifestua. 2021ean Mariasun Landarena izan zen ardura hori, 2022an Leire Bilbaorena. Oraindik ez da jakinarazi nork irakurriko duen manifestua 2023ko apirilaren 2an.

Sariaren ebazpenaren eta argitalpenaren artean hainbat hilabeteko tartea uzten da horrela, liburuaren argitalpena ardura handiagoz lantzeko eta zaintzeko.


 

6) Iruditeria eta izena egokitzea

Logotipoa eta izena gaur egunera ekarri dira: Xabier Lizardi Saria izena utzi eta Lizardi Saria da orain. Horrez gain, edizioa zenbakiz idatzi, logotipo berria sortu, eta Hiru Damatxo ekoiztetxearekin elkarlanean bideo bi egin dira: Mariasun Landari buruzkoa bata, Patxi Zubizarreta eta Antton Olariagari buruzkoa bestea:  https://bit.ly/3EWfOyV  eta https://bit.ly/3MNeQaa


 

Krisialdi bati emandako erantzuna

Duela hiru urte, 2019an, eman gabe geratu zen Lizardi Saria, behar adinako kalitatea zeukan lanik aurkeztu ez zelako. Aurreko urteetan ere igarria zuten antolatzaileek eta epaimahaikideek lehiaketaren krisialdia, normalean irabazleaz aparte behar adinako kalitateko lan gutxi aurkezten zelako.

Aurkeztutako lanetako asko gaur egun egiten den euskarazko haur eta gazte literaturaren joera nagusitik kanpo zeuden, Lizardi Sariko epaimahaikideen ustez, batez ere literaturaren ikuspegitik zuten balio urriagatik. Kontakizun askotan didaktismoak gain hartzen zion literaturari, eta errazkeriarako joera ere igartzen zen, kalitateko haur eta gazte literaturak helduentzat ere interesgarri eta gozagarri izan behar duela ahaztuta.

Hori ikusirik, lehiaketa birplanteatzeko eskatu zioten epaimahaikideek antolatzaile eta babesleei, eta Zarauzko Udaleko Kultura Departamendua prest agertu zen eskatutakoa egiteko. Horretarako lehen pausoa Gorka Arrese editore ohia kontratatzea izan zen, idazleekin, editoreekin eta ilustratzaileekin bildu eta, haien iritzietan oinarrituta, txosten bat osatzeko. Txosten hori izan da egin diren aldaketen abiapuntua.


 

«Jokabide eredugarria», Yolanda Arrietaren ustez

Yolanda Arrieta, sariaren aurtengo irabazlea, Lizardi Sariko epaimahaikide izana da aurrez, hainbat hainbat urtetan, haur eta gazte literaturako liburu ugariren egilea da eta inor gutxik bezala ezagutzen du euskarazko haur eta gazte literaturaren mundua, ez soilik idazle gisa, haren alderdi guztietan baizik. Arrietaren iritziz, «eredugarria» da Zarauzko Udalak Lizardi Sarian aldaketak egitean izan duen jokabidea.

«Inertziei aurre egiteko kemena izan dute, idazleen, editoreen eta ilustratzaileen iritziak biltzeko ahalegina egin dute, eta gero, gainera, iritzi horiek kontuan hartuta, aldaketak egiteko borondate osoa erakutsi dute», dio Arrietak, eta uste du euskal literaturako beste lehiaketa askori antzeko prozesua igarotzea komeniko litzaiekeela. Lanartea Euskararen Langile Profesionalaren elkartetik ere halaxe ari dira eskatzen, elkartea sortu zenetik, eta Arrieta elkarte horretako bazkide da.

Sariaren aurtengo lan irabazlea, Mari Gonagorri eta hamazazpi berri ipuina, haur literaturako kontakizuna da, «6 eta 8 urte arteko umeek beren kabuz irakurtzekoa, edo txikiagoei kontatzeko modukoa», Arrietak berak azaldu duenez. «Erdibidea ere landu daiteke, erdia haurrak irakurri, beste erdia nagusi batek kontatu», gehitu du.

Esne-hortzak edo kikak erortzen diren adinean dauden neska bikiak dira narrazioko protagonistak, Mimi eta Loa, beren lagun Totorekin batera. Aparatu bat topatu dute kalean, mezu batekin. Mezuak dio saguak esne-hortzak jasotzeari utzi diola, eta aparatuak aurrez saguari emandakoak itzuliko dituela, hala nahi izanez gero. Baina Mari Gonagorrirekin egiten dute topo aurrerago haurrek, eta hark zalgurdi batean eramango ditu Gorrienera. Hango Nahien Errotan esne-hortzak bota eta opariak jasotzeko aukera dago, baina ez erosteko moduko opariak, kemen-bonbak baizik, norberak dituen desioetara egokituak…

«Fantasia eta errealitatea nahasten dira ipuinean», Arrietak aurreratu duenez. «Dena hankaz gora dagoen, dena posible den aro horretan, fantasia eta errealitatea nahasten diren garaian baitaude protagonistak ere: haurtzaroan. Gero etorriko dira letrak eta legeak, behin betiko hortzekin eta haginekin batera».

Arrietak hala erabakita, Enrike Morentek ilustratuko du Mari Gonagorri eta hamazazpi berri, eta Denonartean argitaletxeak plazaratuko du liburua. «Morenterekin askotan egin dut lan, ez bakarrik ipuin ilustratuetan, baita bestelako proiektu batzuetan ere, agendak eta beste, eta oso ondo moldatzen gara, berehala ulertzen dugu elkar biok», azaldu du Arrietak. «Uste dut, gainera, bere marrazki bizidun itxurako ilustrazio hori oso egokia dela narrazio honetarako, ondo islatzen baitu 7-8 urteko umeen azkartasun geldiezina, eta baita puntu ganberroa ere».

Hurrengo urteko apirilaren 2rako iritsiko da liburua plazara, 2023ko lehiaketako oinarrien aurkezpena egingo den ekitaldi berean. Gazte literaturako lanak izango dira parte-hartzaileak urte horretan.

 

Juan Luis Zabala
Iruditeria eta izena egokitzea
Entresaka
Krisialdi bati emandako erantzuna
Entresaka
«Jokabide eredugarria», Yolanda Arrietaren ustez
Entresaka