Liburutegian jende arraroa egon ohi da
‘Liburutegian jende arraroa egon ohi da’. Hala esaten genuen, hogei urte eskaseko umemokook, hitzak gillotina bilakatuta. Ez nuke orain, bi hamarkada pasa geroago, nire burua zuritu nahi esanaz arrarotasun exotikoa genuela buruan: grifo, basilisko, sirena edo Erdi Aroko liburuen orrietan hazi ohi ziren miniatura koloretsu horien gisakoak. Ez, arrarotasun kalifikazioak gutxiespena zekarren berarekin, goiko mailan dagoenak behekoari begiratzeko duen keinua, haur jazarleak jazartuari eskaintzen dion mespretxua, komuneko ispiluari ‘ni klase ertainekoa naiz’ mantra goizero lanera joan aurretik errepikatzen dion beharginaren arnas zikina.
Gure orduko esaera hura ‘herrian jende arraroa dabil’ esan ohi denean bezala da, ez denean zehaztu nahi ea lapurrez, estupez ala ijitoz ari den bat. Etxeko atearen sarraila bi bueltarekin ixtera zaramatzan arrarotasun bat hizpide duen esapidea, neska gazteei kalera irteteko debekuak ezartzen dizkiena, epaiketa ultra-azkarrak sustatzen dituena norbait arruntasunaren marra estutik ateratzen arriskatuz gero. Oharra: zer gauza ziztrina den zuzentasun politikoaren zikinkeria semantikoa.
Egiari zor, excusatio non petita eta zera hori guztia aurrez esana doa, fakultateko liburutegiko bestiarioa ez zen makala. Bazen meskitako gizon belaunikatuen eran kulunkatzen zen epaile-gaia, boz goran bere buruarekin hitz egiten zuen fiskal-gaia, ikasgaia amuarrain hezurra eztarrian baino trabatuagoa zeukan ikasle ez horren gaztea. Zerrenda luzea zen, zinez diot. Nahiz eta, bistan da, ‘munstroa aldamenekoa da’ eta gure burua uzten genuen arrarotasun susmo orotatik at. Artean ez genekien liburutegiko egoiliar horietako asko zenbat sufritzen ari ziren lanpostu publikoetarako lehiaketa sistema krudel, bipil eta ustel horrekin. Artean karrera amaitzeko urteen erdia baino gehiago geratzen zitzaigun.
Tira, esana dut jada, lerro hauek idazteko orduan garai hartan nituen urteen bikoitza daukat. Bikoitza baino gehiago. Eta ziurtasunak urtu dira malkoak euritan balira bezala -bai, urteekin halako esaldi hanpatu mordoxka bat pilatu ditut, hango eta hemengo-. Jada jende arraro delakoa norbere izeba, lagun mina, ikaskide ohia, lehengusua, miresten zenuen militantea... dela jabetu naizelako. Bizitzak kolpatutako jendea sarritan. Ezezkoek eta fatalitateari eginiko intsumisioek haien oskolera bildu dituzten barraskiloak. Eta, norbera ere, ez izan zalantza izpirik, hurkoarentzat ‘jende arraro’ izan da bizitzan behin gutxienez. Edo hilean behin. Edo astean…
Ileak urdindu ahala esaldiari buelta ematen ikasi dut: ‘hemen ez dago jende arrarorik, goazen beste nonbaitera’. Kafetegian, zero kilometroko elikagai dendan, gimnasioan, ikastolan... jende arraro eza da gerta litekeen okerrena. Horrek esan nahi baitu kopia kloniko merkez beteriko jendea dagoela, haientzat existentzia betelana besterik ez dela Instagrameko post eta post artean eta, egon ziur, ostikada bat emango dizutela momentu txar bat pasatzen ari zaren lehenengo aldian. Sinetsi iezadazue, ez da horrenbeste behar haien begietara ‘arrarotzeko’. Ez dago Ali Smith, Mario Satz, Umberto Eco edo Irene Vallejo izan beharrik liburutegiak maitatzeko. Udan eguzkitik babesten zaitu, neguan hotzetik eta batez ere, batez ere, inoiz ez dizkio zure arrarotasunari ateak itxiko. Are gehiago, beste arraro batzuk jarriko dizkizu aldamenean.
Eta, gutxien espero duzunean, arraro halakook, munduari su emateaz amestuko duzue elkarrekin kafe makina ertzean kafe bat edota liburutegi kanpoaldeko eskaileratan zigarro bat partekatzen duzuen bitartean.