Liburuak etxe, feminismoa arkitektura
Txikitan nire amak egin ninduen irakurzale, eta bere senarrak egin ninduen idazle. Haiek oparitu zizkidaten Círculo de lectores-en harpidetza eta Macintosh batean egunerokoak idazteko jarraibideak. Nire aitak eman zidan musika, baita ere absentzia.
Nire koaderno gorriak irakurtzeari ekin zion amak nerabezaroan, orriotan jasotako intimitateak zigortzeko. Beatriz y los cuerpos celestes eleberriarekin eta Girl, interrumped filmearekin liluratu nintzenean, aitaordeak jakinarazi zidan konbertsio-terapien aldekoa zela. Psikologia tituluak ema zion autoritatea baliatuta sinestarazi zidan nortasun-mugako nahasmenduaren zantzuak nituela. Errebeldia, bisexualitatea, promiskuitatea. Indarkeria eskaladan patologizazioa nahastu zuen irain eta mehatxuekin. Den-denak jaso nituen koaderno gorrietan.
17 urterekin etxetik alde egin nuenean eraman nituen nirekin egunerokoak eta egongelatik arpilatutako dozena bat liburu, literatura “unibertsala” deituriko horietakoak.
Jeannette Wintersonen hitzetan, familia-etxea ez da soilik babesleku, gure grabitate-zentro baizik. Edo hala izan beharko luke. Edo hala izatea espero dugu. Banaketa geografiko, espazial eta emozionalak alderrai utzi gaituenean ikasiko dugu etxea gure baitan eroaten eta liburuak eraikuntzarako material bihurtzen. Winterson esanetan, liburuek ez baitute etxea egiten: etxe dira.
Zortzi mudantza neramatzan sorbaldetan Why be Happy When You Could be Normal? irakurri nuenerako. Idazle kanonikoak (Herman, Umberto, Antonio) oroitzapenen kutxetan gordeta, bestelako izenak ugaldu ziren apalategi berrietan: Gioconda, Susan, Virginie, Itziar, Paul B., Uxue, Danele, Mithu, Gabriela.
Gloria Anzaldúaren hitzak azpimarratu nituen: “Eta etxera joatea ukatzen bazait, altxatu beharko naiz eta nire espazioa aldarrikatu, kultura berri bat sortuz —kultura mestizoa— neure zurarekin, neure adreilu eta argamasarekin eta neure arkitektura feminista propioarekin”.
Kazetaritza ikasketak hastearekin batera utzi nuen institutuko koaderno gorrietan nire irrikak eta saminak erregistratzeari. Blogari bihurtu nintzen lizentziatu berritan: norberaren gelaren intimitate urratutik borondatezko estriptis emozional publikora igaro nintzen. Amak jada ez zituen nire tiraderak miatu behar jakiteko bollera gisa aldarrikatzen hasia nintzela. Telefonoz deitu ninduen: “Feminismoak alienatu zaitu, sekula ez duzu homosexualitate zantzurik adierazi”. Ahaztu omen zituen Beatriz y los cuerpos celestes eta Girl, interrupted. Malkoak isuri nituen Wintersonen orrietan: “Maitasuna ez zen jada gure arteko lotura definitzen zuen hitza, baizik eta bion arteko espazio desolatua”.
Orduan ekin nion familia-etxe propioa eraikitzeari. Liburuak adreilu, feminismoa arkitektura. Arantxa Urretabizkaiak eman zidan adorea amatasun kuirrean murgiltzeko: “Esan behar da baietz, beldur zarela, guztiz, gorputz osoa asaldatzen dizula beldurrak, baina, aldi berean, gauza asko egin daitezkeela beldur eta guzti. Nahi baduzu, noski. Geroztik ez nau beldurrak beldurtzen”.
Adrianne Richek lagundu ninduen puerperioko amorru eztandak liseritzen: “(...) badakit urte batzuetan sinetsita egon nintzela ez nuela sekula inoren ama izan behar, eta, neure beharrak hain borborka neuzkanez eta maiz biolentziaz adierazten nituenez, Kali bat nintzela, Medea bat, bere umeak irensten zituen zerrama bat, emakumetasunetik ihesi zebilen emakume ez-emakumezko bat, munstruo nietzschear bat”.
Elisa Collekin piztu zitzaidan harrotasun bisexuala eta Leslie Feinbergerekin kokatu nuen nire desira butch/femme (marimutil/marinexka) genealogian.
Jack Hallberstamekin ikasi berri dut porrota arte kuirra dela. Balio izan dit, behintzat, autofikzioa idazteko egin ditudan bi saiakeren porrota onartzeko. Alaine Agirreren bidea jarraitu nahi nuen: mamuak, odol mamituak eta obsesioak kanporatu eta narratzailea erail behingoz. Baina oraindik ez naiz gai erantzuten Uxue Razquinen galderak nigan duen oihartzunari: nola esan agur ama bati hilzorian dagoena ez denean ama, baizik eta maitasuna?
Litekeena da Eider Rodriguezek eman izana gakoa, itxaropen mingotsa: “Hil egin behar izan zuen nik maitatu ahal izateko, berekiko maitasuna aska nezan, behin hilda ez ninduelako traizionatuko”.
***
Etxeak:
Agirre, Alaine. (2014) Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama. Elkar
Anzaldúa, Gloria. (2004). Otras inapropiables. Feminismos desde las fronteras. Traficantes de sueños
Feinberg, Leslie. (2018). Marimutil handi baten bluesa. Katakrak
Hallberstam, Jack. (2018). El arte queer del fracaso. Egales
Razquin, Uxue. (2025). Cómo se le dice adiós a una madre. Pepitas
Rich, Adrien. (2020). Emakumeagandik jaioak. Amatasuna instituzio eta esperientzia gisa. Txalaparta
Rodriguez, Eider. (2021). Eraikuntzarako materiala. Susa
Urretabizkaia, Arantza. (2016). Bidean ikasia. Pamiela.
Winterson, Jeannette. (2012). ¿Por qué ser feliz si puedes ser normal? Anagrama
(Beatriz y los cuerpos celestes Beatriz Etxebarriaren eleberria etxe izateari utzi zuen Etxebarriaren transgorrotoa eta plagiorako joera agerian utzi zenean)