Artikulua :: Ane Labaka 2025/11/04

LIBURU BATEN DENBORA

Itzulinguruka nenbilen sarean lagunen batek gomendatutako libururen baten bila eta, hara non, xehetasun txiki batek ezustean harrapatu ninduen. Gorri koloreko azal laukizuzenaren ondoan txertatuta zetorren liburuaren ezaugarrien zerrenda. Sinopsia lehenik, eta klikatuz gero aurreneko orrialdeak osorik irakurtzeko aukera. Pantailan ezkerretara, laburrean, argitaletxea, prezioa, orrialde kopurua… eta irakurketa denbora. Zalantza egin nuen une batez, baina laster baieztatu nuen liburua leitzeko irakurleak hartu beharreko denborari zegokiola. Azken datu honi katigatuta joan zaizkit egunak orduz geroztik. Ez dira gutxi sortu zaizkidan galderak.

Hasteko eta behin, nola neurtzen da liburu bat irakurtzeko behar den denbora? Robot batek probatzen al du? Hainbat pertsona nor bere erritmora boz goran irakurtzen kronometratu ondotik ateratzen al da batezbestekoa? Formula matematiko konplexu baten bidez kalkulatzen da? Orrialde kopurua, letra tamaina, espazioak, marjinak… Testuaren sakontasunak formula horretarako aldagai bat izan behar badu, zein unitatetan neurtzen da?

Zenbaki zehatz horretan aurreikus al daiteke zenbat esalditan gera gaitezkeen kateatuta, ez aurrera-ez atzera, pausa bat egitera premiatuta? Ez nuke esango etenka leitzen duen bakarra naizenik. Are, irakur liteke usaindun infusio bat ala kafe bat prestatzera jaiki gabe? Negarrez ari den umea lokarraraztera, hozkailuari jateko zerbait lapurtzera, txirrina joka datorren banatzailearen pakete bat jasotzera, telefono dei bati erantzutera… Eta, hala ere, ia mirariz bezala, badaude testu osoa jarraian irenstera garamatzaren liburuak. Hasi eta buka.

Egiatan existitzen ote da irakurketak eskatuko dion denboraren arabera liburu bat ala bestea aukeratzen duen norbait? Aurreikuspen horren arabera bat ala bestea erosiko duenik? Ez ote dugu, baina, funtsean, guztiok hala egiten? Liburu totxoagoak gerorako uztea, udako oporraldietarako, lan gutxiagoko balizko garaietarako, barru-giro dagoenerako, liburuaren gaia gogorra bada pozago gaudenerako, lokatzetan sentitzen bagara doluaren zati bat behintzat eginda daukagunerako…

Irakurtzea izango da, akaso, bien bitartean beste ezer egiteko aukera ematen ez digun ekintza bakarrenetarikoa. Komunean egin beharrekoak egiten ari garen bitartean egin dezakegu, gehienera. Ez ordea gidatzen ari garen bitartean, armairu aldaketa egiten ari garela, etxea garbitu bitartean… Irakurtzeak ez du bide ematen multitaskingerako. Ez dirudi hain produktiboa denik. Horregatik ote daude hainbeste podcast gaur egun? Horregatik hasi ote gara audioliburuak grabatzen? Denbora aprobetxatu beharraren beharrez?

Zenbat denbora behar da Ane Zubeldia Magriñáren Kontra liburuko “Badia bat (Gazte eritrear urkatua ibaiertzean)” poema digeritzeko? Zenbat Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen ipuin liburua ixten duen “Kraterra” gorputzetik pasatzeko? Orri kopuruari begiratuta laburtzat har daitekeen Lucía Solla Sobralen Comerás flores nobelaren taupak zenbat denbora iraun dezake irakurri berri duenaren haragitan? Eta Garazi Albizuaren Termita-renak? Zenbat denbora behar da Juan Evaristo Valls Boixen El derecho a las cosas bellas saiakerako paragrafo bat barneratzeko? Zenbat gehiago irakurritakoak praktikan jartzen hasteko?

Baina, batez ere-batez ere, zenbat denbora behar du idazleak idazten ari den hori berak buruan zeukan horretara apur bat behintzat hurbil dadin? Zenbat aldiz zuzendu, ezabatu, erreskatatu, kimatu, aldatu… dezake esaldirik laburrenetan laburrena sormen prozesu osoan zehar? Izan ere, noiz hasten da sormen prozesu bat, eta noiz amaitu? Bidean, zenbat aldiz jartzen da zalantzan, uzten da albora? Zenbat aldiz berrekiten zaio testu bati? Zenbat aldiz hiltzen da handik denboragarrenera berpizteko?

Zenbat irauten du gerora behin argitaratzea lortuz gero? Zenbat liburu-denda bateko erakusleihoan, liburutegi sarrerako nobedadeen apalean, irakurle sutsu baten mesanotxean, hedabideetako kritiketan, jendearen ahotan…? Zein da liburu baten denbora, jakinik-eta idaztekoa eta irakurtzekoa ez direla sekula zuzenki proportzionalak izango? Zenbat bizitza dauzka liburu batek?

Ane Labaka